Irudiak, margolan bihurtuta

Sergio Saez, Adrian Tyler, Santiago Yaniz eta Jose Regueiraren argazkiak bildu dituzte Zarauzko XIX. Argazkien BileranEuskal Herriko paisaiak eta margoen antzeko irudiak jaso dituzte, besteak beste

Madrilgo zezen plazan ateratako argazkia. JOSE REGUEIRA.
Ane Urrutikoetxea.
Zarautz
2012ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Digitalizazioaren aroak argazkilaritzaren mundua erraztu du, eta irudi harrigarriak sortzeko ahalmena eman die argazkilariei. Margolanen tankerako obrak sortzeko tresna ere badira egungo argazki kamerak. Paisaiarekin nahiz objektuekin jokatuz, argia eta formak begiak ikusten duen ikuspuntu arruntetik urrundu eta beste begirada bat eskaintzeko gai da argazkilaria. Hain zuzen ere, pinturen gisako paisaien argazkiak bildu ditu Zarauzko XIX. Argazkien Bilerak, ohikoak ez diren ikuspuntutik ateratako irudiak.

Lau erakusketa antolatu dituzte aurten. Sergio Saez margolariak argiarekin eta koloreekin jokatu du Photomuseumen bildutako erakusketan, eta barreiatutako akuarela baten moduko irudi lausotuak sortu. EITBko La mirada mágica programarako lanean ibili ondoren, Santiago Yanizek helikopterotik Euskal Herriko txoko berezi eta ezkutatuenen argazkiak bildu ditu, eta, lehen aldiz, erakusketa bat antolatu du Zazpi galerian. Adrian Tyler Londresko argazkilariak naturaren eta munduko korporazio handien artean zer lotura dagoen islatu du Torre Luzean bildutako erakusketan. Azkenik, Jose Regueira Madrilgo argazkilariak XX. mendearen hasieran ateratako panoramika erraldoiak bildu dituzte Sanz Enean.

1. Sergio Saez

Sergio Saezek (1954, Bilbo) margoaren eta argazkiaren arteko hibridoak bildu ditu Photomuseumeko erakusketan. Argazki kamera margotzeko tresna bat balitz bezala erabili duela dio, zizelen edota margoen moduan. Giorgio Morandi margolari italiarraren margoetan oinarritu da obrak egiteko, eta argazkiak pinturara ahal bezainbeste hurbiltzen saiatu da, Eivissako argiaz baliatuta. Morandik margotutako natura hilak berrinterpretatu ditu Saezek: «Urtaro bakoitzeko argiaz baliatu naiz argazkien konposizioa egiteko. Objektu arruntak ikus daitezke natura hilen irudietan, baina ezin dira identifikatu, soilik siluetak eta koloreak». Irudi lausotuak kamera digitalarekin lan eginez lortu ditu, efektu berezirik erantsi gabe: «Ez dut Photoshop edota bestelako teknika informatikorik erabili argazkietako efektuak lortzeko. Urte eta erdiko lanaren emaitza dira».

Saezek margolaritzat dauka bere burua, argazkilari lanetan urte luzez ibili arren. Photomuseumeko bilduman argazki kamera margotzeko tresna besterik ez dela izan dio: «Morandiren pentsaeran eta margolaritza ulertzeko moduan oinarritu naiz. Argazki kameraren bitartez, margolanak sortzen saiatu naiz, eta oihalaren moduko paper berezi bat erabili dut. Margolaria naiz, eta argazkiek margotzeko modu berriak eskaini dizkidate». Argazkilaritza tradizionaletik aldentzen saiatu da Saez, argazkiko objektuak obrari bolumena, kolorea eta formak emateko erabilita: «Argazkietan dauden objektuak ez dira ondo ikusten, ez zaidalako interesatzen irudian dagoena, irudiak bere osotasunean adierazten duena baizik». Hilaren 29a arte egongo da zabalik erakusketa.

2. Santiago Yaniz

Txoriek Euskal Herriko paisaiak nola ikusten dituzten jakiteko aukera ematen du Santiago Yanizargazkilariak (1957, Bilbo) Zazpi galerian jarritako Euskal Herria goitik behera argazki bilduman. Begirada bertikalak, Euskal Herriko paisaia ezagunak ezohiko ikuspegi batetik ezagutzeko aukera ematen du, irudi bitxi eta bihurriak sortuta. Irudi harrigarriek eta paisaiaren kolore biziek margolan itxura ematen diete argazkiei.

Yanizek helikopteroz atera ditu argazki guztiak; batzuk, EITBko La mirada mágica programarekin, eta beste batzuk, argazkilariak berak alokatutako helikoptero batetik. Geografiak eskainitako perspektiba berriak lantzea izan da Yanizen helburua: «Betidanik izan naiz mendizalea, eta tontorretik ikusten diren paisaiak miresten ditut, ezohiko ikuspegia eskaintzen dutelako. Airetik, baina, tontorretik ikusten den hori oraindik ikuspuntu harrigarriago batetik ikus daiteke, eta begirada hori biltzen saiatu naiz urte luzez». Paisaia perspektiba horizontalean begiratzeari utzi, eta zerumugak eskainitako begirada panoramiko eta zabala jaso du Yanizek: «Argazkietan ohiko perspektibarekin apurtzen saiatu naiz, hain ezagunak zaizkigun paisaiak angelu bertikal batetik ere heldu daitezkeela frogatuz».

Argazkietan, paisaian zizelkatutako marra geometrikoak topatu daitezke; lurreko uhindurak,oharkabekoak bertatik bertara, eta baita gizakiaren esku hartzeak sortutako irudi bitxiak. «Han goian dena aldatzen da. Ohiko formak desagertu egiten dira, eta lurrean ezkutaturik dauden irudi harrigarriak begi bistan gelditzen dira». Yanizen bilduma maiatzaren 13a arte ikus daiteke.

3. Adrian Tyler

Adrian Tyler argazkilariak (1963, Londres) korporazio handien eraikuntzen inguruko naturaren irudiak bildu ditu Externalities proiektuan. Torre Luzean ikusdaitezke bildumako 23 argazkiak. Kolore biziko eta forma bihurriko irudiak dira. Eraikin horien inguruko zuhaitz eta sastraketan gizakiak utzitako arrastoak ikus daitezke, industriak naturan eragindako paisaiako irudi xelebreak. Argazkilariaren helburua, korporazioek eta gobernu organoek natura zeinen era nihilistan jorratzen duten erakustea da.

Tyler ingurumenaren inguruko gizarte politikan aditua da, etaargazki digitalen bidez, natura babesten duten industria egiturak defendatu nahi ditu. Argazkilariak proiektu eta erakusketa ugari antolatu ditu bere helburua zabaltzeko asmoarekin, eta munduko eraikin garrantzitsuenen irudiak bildu ditu.

4. Jose Regueira

Jose Regueira (Madril, 1880-1953) XX. mendeko lehen hamarkadetan hasi zen argazkigintzan, garai hartan bildutako beste hainbat argazkizalerekin batera. Haren argazkilari jarduerak 1902tik 1935era bitartean iraun zuen, eta, gaur egun, senideen bilduma batean gordetzen diren hainbat neurritako 7.000 argazki baino gehiago daude Segovia hirian.

Formatu panoramikoan egindako sail bat da Regueiraren lanik nabarmenena. 1919. eta 1930. urteen bitartean egindako 50 argazki bildu dituzte Sanz Eneko erakusketan, denak 10x30 zentimetroko negatiboan eginak.

Nahiz eta zale moduan egindako argazkiak izan, bereziak dira Regueiroren lan panoramikoak. Garai hartako beste argazkilarien antzeko gaiak jorratu zituen, baina objektiboaren mugimendua bestelakoa da, zehatzagoa eta zabalagoa, begiek berez ikus dezaketena baino eremu handiagoa hartuta. Regueirok argazkilaritzaren eta zinemaren arteko eremua sortu zuen, eta bertan hainbatistorio bildu. Espainiako eta Euskal Herriko hiri nagusietako kaleetan egindako argazkiak bildu dituzte erakusketan, jendez gainezka gehienak. Erakusketa maiatzaren 27a arte ikusi ahal izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.