Irudien indarrari buruz ariko dira Tabakaleran

Nazioarteko hainbat artista, komisario eta zinemagilek parte hartuko dute 'Zer egin dezake irudi batek?' mintegian, bihar hasi eta igande arte. Publikoarentzako proiekzio irekiak ere izango dira

Victor Iriarte, Aily Nash eta Ane Rodriguez, atzo. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
mikel lizarralde
Donostia
2017ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Iaz Yto Barrada artistaren erakusketarekin egin bezala, aurten, eta Eric Baudelaireren erakusketa Tabakaleran ikusgai dagoela baliatuta, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak II. Nazioarteko Zinema Mintegia antolatu du Donostian. Bihar hasi eta igandera arte, nazioarteko zazpi sortzaile, komisario eta zinemagilek irudiaren ahalmenaz gogoeta egingo dute Zer egin dezake irudi batek? izenburupeko mintegian. Aily Nash komisarioak ibilbide bat prestatu du, zinemagile, pelikula eta artista garaikideen lanetatik abiatuta. Gonbidatuak, berriz, Eric Baudelaire bera, Naeem Mohaiemen, Maria Palacios Cruz, belit sâg, Susana de Sousa Dias eta Akram Zaatarai izango dira.

«Inportantea da espazio bat izatea pentsatzeko zinema zer den». Victor Iriarte Tabakalerako ikus-entzunezko programaren arduradunak azaldu duenez, gogoeta egiteko antolatu zuten iaz aurreneko mintegia, eta, aurten ere, helburu bera izango du: «Aztertu nahi dugu zer harreman duen zinemak egunerokoarekin, komunikabideekin eta abar». Horrek isla izango du antolatuko dituzten solasaldietan. «Galdera batzuk jarriko ditugu mahai gainean, pentsarazteko».

Zinemagintzan, artean eta sorkuntzan interesa duten pertsonentzat da mintegia, eta 30 bat lagunek parte hartuko dute. Berez, itxita dago dagoeneko izena emateko epea, baina oraindik lekuren bat edo beste badagoela adierazi du Ane Rodriguez Tabakalerako zuzendariak. Arratsalde-iluntze partean Tabakalerako zinema aretoan egingo diren saioak, berriz, publikoarentzako irekiak izango dira, eta egunaren «epilogo» gisa prestatu dituzte.

Irudien boterea

Zer egin dezake irudi batek? Galdera horri erantzuten saiatuko dira mintegian, Aily Nash komisarioak gidatuta. Nash, beste proiektu batzuen artean, New Yorkeko Film Festibaleko arte pelikulei eta bideoei eskainitako Projections sailaren komisarioetako bat da, eta Rotterdamgo (Herbehereak) nazioarteko zinemaldian film laburren programaz arduratzen da.

«Zer egin dezake irudi batek?». Pierre Zaoui filosofoak esandako esaldia da hori, Eric Baudelaireren lanaren aipamena egiteko, eta horixe bera da mintegiak proposatzen duen ikerketaren abiapuntua ere. «Irudiek narratiba politiko eta historikoarekin duten harreman konplexuaren inguruan gogoeta egitea da helburua, eta, ikus-entzunezko lengoaia anitzen bidez, esperimentazio formala baliatuta,irudiek duten boterea errebelatzea», adierazi du Nashek. Baudelairek berak hori izan du bere lanaren ardatzetako bat, eta horren adibide izan daitezkeen lan batzuk Tabakalerako erakusketa aretoan daude ikusgai, Letters to Max eta Also Known As Jihadi kasurako. Baudelaireri eskainitako erakusketa urrira arte egongo zabalik

Baudelairez gain, bost sortzaile eta komisariok parte hartuko dute mintegian. Naeem Mohaiemen Dhaka eta New York artean bizi den idazle eta artista da. Haren lanetan, testua, argazkia eta bideoa erabiltzen ditu «historiaren haustura, segurtasunari buruzko beldurra eta utopia eta distopiaren arteko nahasketa» aztertzeko. Hala, kolpe militarrak, estatuaren kontrola eta ezkerraren eta muturreko indarkeriaren arteko harremana dira bere lanaren parte.

Maria Palacios Cruz komisarioa, idazlea eta abangoardiako zineman aditua da. Gaur egun Lux artisten ikus-entzunezko praktikak bultzatzen dituen erakundeko zuzendariordea da.

Amsterdamen bizi den bideo artista da belit sâg. Azkenaldian, bere lanen gai nagusiak irudien indarkeria eta indarkeriaren irudiak izan dira. Haren lan gehiena hedabideetan irudiek daukaten rolaren ingurukoa da.

Susana de Sousa Dias Docslisboa Lisboako nazioarteko zinemaldiaren zuzendaria da, eta Akram Zaatari, berriz, AIF Irudi Arabiarraren Fundazioaren sortzaileetako bat izan zen. «Erresistentzia politikoa, militar ohien bizitza, ezker nekatuaren ondarea eta gerra garaian argazkien zirkulazioa jorratu izan ditu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.