Irudika-k Harriet Lenneman eta Tania Manzanal ilustratzaileen lanak ikusgai jarri ditu Gasteizko Sokaren Etxean

Irudika nazioarteko ilustrazio topaketen egonaldietako proiektuak paratu dituzte erakusketa batean. Bi sortzaileek mundu osoko esamoldeak eta ameskeria hizpide hartuta landu dituzte egitasmoak. Aurten, urriaren 23tik 25era egingo dute Irudika, Artiumen.

Tania Manzanal eta Harriet Lenneman sortzaileak Sokaren Etxeko erakusketan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Tania Manzanal eta Harriet Lenneman sortzaileak Sokaren Etxeko erakusketan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
edurne begiristain
Gasteiz
2025eko maiatzaren 23a
16:15
Entzun 00:00:0000:00:00

Ilustratzaile eta artista bisualak dira Harriet Lenneman eta Tania Manzanal, eta Irudika nazioarteko ilustrazio topaketen egonaldietan izan dira bi hilabete eta erdiz Angulemako (Frantzia) eta Zapopaneko (Mexiko) sorkuntza guneetan, eta Bilboko hainbat tailerretan. Egonaldi artistiko horietatik sortutako artelanak erakusgai jarri dituzte Gasteizko Sokaren Etxean; ekainaren 27ra arte zabalik izango da erakusketa, astelehenetik ostiralera. 

Stop motion bidezko eta eskuz marraztutako film labur esperimentalak sortzen ditu Lennemanek, eta prentsan eta animazio proiektuetan ilustratzaile gisa aritzen da Manzanal. Irudika-ren egonaldietan ekoitzitako lanak sormen prozesu baten parte dira, baina amaitu gabe daude. Mundu osoko esamoldeak konparatzen dituen liburu ilustratua osatzeko piezak jaso ditu Lennemanek The Raisin at the End of the Hotdog izeneko bilduman. Eta oraindik bukatu gabe dagoen animaziozko film labur baterako zirriborroak bildu ditu Manzanalek Liquidación total erakusketan.

Lennemanen praktika artistikoa atzerrian izandako esperientziek zeharkatzen dute, eta hizkuntzak ikasteko esperientzia «akats, gaizki-ulertu eta umorez» txertatu du bere lanean, artistak azaldu duenez. Irudika-ko egonaldian masterreko tesiaren proiektua garatu zuen: mundu osoko esamoldeak konparatzen dituen liburu ilustratua. Liburu hori osatuko duten lau serigrafia paratu dituzte erakusketan, eta horietan ikus daiteke herrialde eta kultura bakoitzak zein esamolde erabiltzen dituen, eta «zein zentzugabeak diren horiek literalki interpretatzen direnean». 

The Raisin at the End of the Hotdog  erakusketari izenburua eman dion esamoldearihelduta esplikatu du Lennemanek proiektuaren esanahia: «Lana borobiltzea esan nahi du, baina esamoldea beste hizkuntza batzuetara literalki itzuliko bagenu, ez luke zentzu handirik». Frantsesez, gazteleraz, txineraz, italieraz, norvegieraz, hungarieraz eta turkieraz erabiltzen diren beste hamaika adibide hartu, eta umorez beteriko lustrazioekin osatu ditu piezak.

Irudika
Tania Manzanalen lanaren zirriborroetako bat erakusgai jarri dute. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

«Esamolde idiomatiko ilustratuak» direla esplikatu du artistak, mundu zabalean hitz egiteko modu «bitxi, poetiko eta ustekabekoak». Lennemanek zenbait hizkuntzatako atsotitzak ikertzen jarraitzen du argitara eman nahi duen libururako, eta han-hemenka hizkuntza ezberdinetako ekarpenak jasotzen dabil. Gasteizko erakusketan ere bisitariak gonbidatu ditu hizkuntza ezberdinetako esamoldeak koaderno batean idaztera.

Etengabeko tentsioaren, kaosaren eta zorroztasunaren artean oreka bila ibiltzen da Manzanal eguneroko praktika artistikoan, eta jolas moduan planteatu du baita ere Liquidación total lana. «Amets moduko bat da, hainbat gairi buruz hausnartzen duena: zoria, jokoa, errealitatea, pentsamenduaren egitura eta esperientzia». Artistak azaldu duenez, sormen prozesuaren beraren azterketa bat da, «marrazketaren plazera bere horretan», eta narratiba inprobisatuak uztartuta ondu du.

Animaziozko film labur baterako zirriborroak egin ditu Manzanalek, orri zurien gainean «askatasunez» marraztuta, eta frame to frame animazio teknika paperera eramanez, grafitozko eta koloretako arkatzekin. Izan ere, ordenagailuan irudien tratamendua hobetzeko luze egon beharrik gabe, sinple eta gordin diren marrazkiekin «goxotasuna» lortzen dela uste du ilustratzaileak.

Irudika, urrian

Irudika-ren bederatzigarren aldia egingo dute urriaren 23tik 25ra bitartean, Gasteizko Artium museoan. Aurtengo kartela Lennemanek egin du, eta animazio lana, Manzanalek. Mahai inguru, tailer eta bestelakoak antolatuko dituzte, eta argitaletxeak, artistak eta eragileak izango dira. Besteak beste, Euskal Herriko Another Press estudioko Maite Caballero eta Begoña Cuberia, Alemaniako Hairspray Magazineko Karla Paloma, eta Uruguatik Casa del Balnearioko German Di Pierro izango dira.

Grezia eta Finlandia izango dira herrialde gonbidatuak, eta bereziki adimen artifizialaren «arriskuei» aurre egiteko sorkuntza prozesuak izango dituzte hizpide, baita argitaratzeko modu alternatiboak eta argitalpen baliabideak ere. Sarrerak salgai jarri dituzte www.irudika.eus webgunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.