Irudimena, ezustekoa eta metafora, estrategia gisa

Iraileko aurkezpenean bezala, proiektuaren aurkezpen antzeztua egin du Donostiako hautagaitzak

Ainhoa Sarasola.
Madril
2011ko ekainaren 28a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Gorbatarik gabeko hautagaitza bakarra» izan zen Donostiakoa iazko irailean, epaimahaiaren aurrean lehen aldiz beren proiektuak defendatzera joan ziren hamabost hirien artean. Atzo ere gorbatarik gabe joan ziren donostiarrak Madrilera, beste hiri batzuetako ordezkarien irudi instituzionalarekin kontrastea eginez. Irudimenaren alde egiteak fruituak eman zituela ikusita, estrategia ez aldatzea erabaki zuten. Hala ere, nolako aurkezpena egingo zuten ongi gordetako sekretua zen, ezustekoaren faktorea ere baliatu nahi zutelako. Amaitzean baino ez zituzten xehetasunak eman.

Aurreko aldian bezala, Fernando Bernues antzerki zuzendariaren aholkularitzapean aritu dira aurkezpena prestatzen. Iaz hondartza bat irudikatu zuten, eta atzo ere agertokia «hautsi» eta Donostia eta proiektua azaltzeko hainbat objektu eraman zituzten.

Jon eta Alain Maia dantzariekin hasi zuten aurkezpena. Ainara Ortegak Olaizolaren Kontradantza-ren doinuak acappella kantatzen zituen bitartean, Kontxako pasealekuko eserleku bat jarri zuten aretoan. Izagirre eta Elorza bizikleta banarekin hurbildu ziren jarlekura, dantzariek koreografia amaitu bitartean. «Besarkada batekin bukatu da, Europarekin edo bestearekin elkartze edo bat egitearen metafora gisa», Bernuesen hitzetan. Elorzak hartu zuen hitza lehenik, eta Izagirrek ondoren.

'Izarren hautsa' kantatzen

Saio osoak izan zuen formatu berezia. Irratsaio baten itxura hartu zuen aurkezpenak: Eduardo Yañez kazetariak hautagaitzako talde teknikoko kideak elkarrizketatu zituen, eta epaimahaiko kideak izan ziren entzuleak. Irratsaio gehienak bezala, musikarekin amaitu zuten, Xabier Leteren Izarren hautsa kantatuzMikel Laboak sortutako doinuan eta Iñaki Salvadorren bertsio berri batean. «Ipaden bidez teklatu birtual bat osatu dugu, eta bertanSalvadorrek pianoa jotzen zuen. Beste Ipadetan herritarren aurpegiak azaldu dira, sentsazio onez betetako hiri ireki baten metafora sortuz».

Bernues ez zegoen aretoan, baina ziur da ongi atera zela.«Txalo jo zien epaimahaiak, baina beste guztiei ere bai… Oso ongi hezitakoak dira europar hauek», esan zuen, barrez. Barruan zeudenek azaldu ziotenez, epaimahaikideek zoriondu egin zituzten lan artistikoagatik. Donostia «berriro ere eredutik» atera dela esan zuen. «Espero dut eraginkorra izatea, baina nork daki… Gustura zeudela dirudi; hasi aurretik aipatu dute zain zeudela, bazekitela harrituko genituela… Arrakasta izan duela dirudi, baina auskalo!».

Amaitzeko, espartin pare bat zituen kutxa bana oparitu zieten epaimahaikideei. «Kutxan hautagaitzaren lurralde osoaren mapa ikusten da, 2016an lurralde osoan barrena ibil daitezen». Gaur jakingo da beharko dituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.