Irudimenaren gorakada

11 euskal sortzaileren lanek zabalduko dute Fant Bilboko Zinemaldi Fantastikoa, gaur. Maiatzaren 12ra bitarte, 16 film luze eta 21 labur izango dira egitarauan

Gaur hasiko da Fant Bilboko Zinema Fantastikoko Jaialdia, euskal sortzaileek egindako film laburren emanaldiarekin. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2017ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Talentu handia dago, eta euskal film laburren kalitatea handia da oso. Diru laguntza gehiagorekin lan hobeak egin zitezkeen arren, harrobia hemen dago». Euskal Herriko film laburrek maila handia dute Justo Ezenarro Fant Bilboko Zinema Fantastikoko Jaialdiaren zuzendariaren hitzetan, eta egiten diren guztien lagina baino ez dira Fant jaialdiaren 23. aldirako aukeratutako 11 euskal lanak: tartean, Goya saria irabazi duen Decorado lana, eta Ihesa. Gaur egingo dute festibalaren irekiera ekitaldia, Bilboko Campos antzokian, eta euskal film guztiak emango dituzte bertan. Ez dira laburrak soilik egongo, ordea. Nazioarteko hamasei film luze ere izango dira jaialdian, eta Eduardo Casanovas zuzendariaren Pieles lana ere eskainiko dute gaurko ekitaldian. Lehen saioa da gaurkoa, eta, maiatzaren 12ra arte, 16 film luze eta 21 labur izango dira Fant jaialdiaren egitarauan.

Gero eta osasun hobea dute film laburrek Euskal Herrian, eta emakume zuzendarien kopuruak gora egin duela nabarmendu du jaialdiaren zuzendariak. «Lau andre daude zuzendari lanetan aurten; ez da kuota soilik kontuan hartu behar dena, baina, betiere, pozgarria da kopuruan gora egitea». Osatutako lanei dagokienez, gizarte gaiak dituzte gehienek oinarrian. «Mundua agertoki bikaina da, baina banaketa negargarria» esaldiarekin abiatzen da, adibidez, Decorado lana. Gaurkotasuna duen filma dela dio Ivan Miñambres ekoizleak. «Gaur egungo gizarteak dituen arazoak umore garratzarekin lantzen dituen ipuin bat da».

Berdin Javier Prietoren Nunca pasa nada filma ere. Enplegu zerbitzuko bulego baten aurrean pilatutakoek osatutako ilara jarri du Prietok agertoki gisa. «Unibertsitateko ikasketak bukatu ondorenerrealitate gordinarekin egin nuen topo, eta egoeraren erretratua egin nahi nuen, nolabait. Gazteen %50 langabezian zeuden 2013an». Ruben Salazarrek, alzheimerren eritasuna ardatz hartuta osatu du Villa Mnemosine filma, eta munduan bere tokia aurkitzen ez duen historia kontatzen du Ulises lanean Aitor Gutierrezek. 2015ean film labur onenaren saria jaso zuen Gutierrezek, Anomalo filmarekin.

Euskal Herriko lanez gain, nazioarteko beste hamar ere izango dira film labur onenaren saria lortzeko lehian. Bihar eskainiko dituzte horiek guztiak, Azkuna zentroko auditoriumean, 20:00etan. Orotara, 931 film labur aurkeztu dira aurtengo jaialdira —iaz baino 100 gehiago—, eta haien artean 21 hautatu dituzte arduradunek. 3.000 euroko saria izango du Fanteko film laburrik onenak; bestalde, 2.000 euroko saria jasoko du gaur eskainiko diren 11 euskal lanen arteko onenak.

Film luzeen lehian

Dena ez da labur, ordea. Nazioarteko hamasei film luze ere izango dira jaialdian, eta Euskal Herrian ekoitzitako bi daude horien artean: Roberto Santiagoren La noche virgen eta Haritz Zubillagaren El ataud de cristal. Lana bukatu gabe zendu zen Andrew Getty zuzendariaren The Evil Within (AEB, 2017), Gabriel Griecoren Hipersomnia (Argentina, 2017), Jeremy Gillespieren eta Steven Kostanskiren The Void (Kanada, 2016) eta Marcos Cabotaren Noctem (Espainia, 2016) lanak. Golem zinemetan emango dituzte film luzeak, eta han jarriko dituzte sarrerak salgai, bost euroan.

Gaur zortzi banatuko dituzte sariak, jaialdiaren bukaera ekitaldian, eta film labur eta luze hoberenak saritzeaz gain, ohorezko bi Fant sari ere banatuko dituzte, Goya sariak jaso dituzten bilbotarrak omentzeko: batetik, Terele Pavez antzezlea, Las Brujas de Zugarramurdi filmean egindako lanagatik; eta, bestetik, Pedro Rivero zuzendaria, Birdboy eta Psikonautak, ume ahaztuak pelikulengatik. Fantastikoaren Izarra izeneko saria ere banatuko dute aurten. Fantasiaren generoan egindako ibilbidea goratzeko ohorezko saria emango diote Barbara Carmpton antzezleari (New York, 1958). Carles Torres zinegile katalanaren PET lehen film luzearen emanaldiarekin bukatuko dute jaialdia.

Zinema aretoetatik kanpoko egitaraua ere prestatu du Fantek. Jaialdiak iraun bitartean The Vault of Rob Zombie. A Comic Tribute, Rob Zombieren irudietan oinarrituta hamasei marrazkilarik egindako kartelak jarriko dituzte Azkuna zentroko erabilera anitzeko aretoan. Borja Crespo komikigile eta marrazkilariak koordinatu du lana, eta gaiari buruzko hitzaldia ere egingo du. Paul Urkijo zuzendariak Errementari ere aurkeztuko du bihar, 13:30ean. Horrezaz gain, haurrentzako Fanteskola antolatu dute, eta euskarazko animazioko Lotte 2 ilargiko harriak eta fikzioko Oker filmak eskainiko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.