XXI. mendeko irratia egiteko asmoz, hainbat berrikuntza egin dituzte Euskalerria Irratiko web orrian. Besteak beste, irratsaioak zuzenean emititzen hasi dira, Iruñerrian eta "mundu osoan" entzun ahal izateko. Elkarrizketak berriro entzuteko aukera ere eskainiko dute, Reyes Ilintxeta irratiko esatariak azaldu duenez. Sare sozialetara ere jauzi egin dute; Facebook eta Twiterrera, esaterako.
Mikel Bujanda Euskalerria Irratiko zuzendariak adierazi duenez, webgune funtzionala eta parte-hartzailea sortu nahi izan dute. Konpromiso nagusia "Iruñerria informatzen jarraitzea" dela gaineratu du Bujandak.
Udalbideren laguntza
Udalbideren 48.000 euroko diru laguntza jasoko du irratiak aurten -2009koari dagokiona da-, eta hori irratigintzan lan egiteko tresnerira eta teknologietara bideratzen dutela esan du zuzendariak.
Hala ere, horren denaren gainetik Euskalerria Irratia legeztatzea beharrezkoa dela nabarmendu du Bujandak eta, normalizazioa lortzeko, "2006tik hutsik dauden irrati lizentzia bat ematea" nahikoa izango litzatekeela. Urratsak egitea ez da erraza, haren arabera. Espainiako Gobernuko Industria Ministerioak 30.000 euroko isuna jarri dio irratiari, lizentziarik gabe emititzea, baimenik gabe estazio erradioelektrikoak jartzea eta interferentziak sortzea egotzita.
Kritikak Nafarroako Gobernuari
Bixente Arozena Udalbideko Zuzendaritza Batzordeko kideak irratiaren xedea euskal kultura bultzatzea dela adierazi du, eta bide horretan lan asko egin duela. Nafarroako Gobernuak diru laguntzak emango balizkio, bidea asko erraztuko litzatekeela uste du Arozenak. "Dibertsitatearen eremua dela dio Nafarroako Gobernuak, baina politika hori ez du betetzen; Euskalerria Irratiarekiko jarrera ikusi besterik ez dago. Euskara alboratzeko politika du gobernuak".
Arozenak argi du irratia ingelesez edo gazteleraz emitituko balitz, Nafarroako Gobernuak "sekulako diru laguntzak" emango lizkiokeela.
komunikabideak
Iruñerrian eta nonahi eskura egoteko, web orria berritu du Euskalerria Irratiak
Internet bidez irratsaioak zuzenean emititzen dituzte eta elkarrizketak berriro entzuteko aukera jarri du. Webgune funtzionala eta parte-hartzailea sortu nahi izan dute, zuzendariaren esanetan. Irratia ingelesez edo gazteleraz izango balitz, Nafarroako Gobernuak "sekulako diru laguntzak" emango lizkioke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu