Iruña Rock eta MAZ Basauri jaialdiak bertan behera utzi dituzte

Ostiral eta larunbatean eta hilaren 20 eta 21ean egin behar zuten Basauriko festibala. Iruña Rock, berriz, hilaren 19tik 21erako zegoen antolatua. 27.000 lagun biltzea aurreikusten zuten antolatzaileek

Su Ta Garrek parte hartu behar zuen jaialdian. BERRIA
mikel lizarralde
2020ko martxoaren 11
12:01
Entzun

Basauriko (Bizkaia) MAZ musika jaialdia bertan behera utzi du herri horretako udalak, «koronabirusaren hedapena gelditzeko neurriekin laguntzeko». Musika zikloa martxoaren 13an, 14an, 20an eta 21ean izan behar zen, eta, aurrerago berriz programatzea ezinezkoa zela ikusita, bertan behera uztea erabaki du udalak. Jaialdian honako artista hauek jo behar zuten: Temples, Manel, La Bien Querida, 12Twelve, Enric Montefusco, Viva Belgrado, Hidrogenesse, Mice, Sara Zozaya, Lumi, Samoah, Cactus eta Dukkha.

Iruña Rock jaialdiak, bestalde, laugarren aldia zuen aurtengoa, baina, oraingoz, ez da egingo, Nafarroako Osasun Publikoko eta Laneko Institutuak bertan behera utzi baitu, koronabirusagatik. Hiru egunez egin behar zuten, Iruñeko Nafarroa Arenan, eta 27.000 ikus-entzule biltzea espero zuten. Horien % 40 Euskal Autonomia Erkidegotik eta Errioxatik (Espainia) iritsiko zirela aurreikusten zuten antolatzaileek.

Jaialdian, besteak beste, Su Ta Gar, La Polla Records, Kase.O, Boikot, El Drogas, Koma, Lendakaris Muertos, Los Chikos del Maiz, Segismundo Toxicomano, The Baboon Show eta Aphonnic ziren parte hartzekoak.

Izal musika taldeak ere atzeratu egin du heldu den larunbatean Barakaldoko (Bizkaia) BECen eman behar zuen kontzertua: ekainaren 6an izango da.

EOSen kontzertuak, kolokan

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak bertan behera utzi du hilaren 18an Gasteizen eman behar zuen kontzertua, eta jakinarazi du aztertzen ari dela abonu denboraldiaren barruan Iruñean (16an), Bilbon (21ean) eta Donostian (17an eta 20an) egin beharreko emanaldiak egin ala ez. Pinchas Steinberg zuzendariaren aginduetara aritu behar zuen orkestrak.

Bestalde, martxoaren 21ean Bilboko Bilbao Arenan egitekoa zen BreakOnStage jaialdia ekainaren 13ra atzeratu dute, eta gaur Bilboko Campos Eliseos antzokian estreinatu behar zuten El Guardaespaldas musikala ere bertan behera utzi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.