Iruña-Veleia utzi zuten arkeologoek esandakoa berretsi dute beste hiruk

Daniel Vallo, Xabier Reparaz eta Raul Sanchez arkeologoek ez zuten ezohiko piezarik atera lurretik; garbitutakoan agertzen ziren idazkiak

Eliseo Gil, Oscar Escribano eta Ruben Cerdan akusatuak. JUANAN RUIZ / FOKU.
Ane Eslava.
2020ko otsailaren 7a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Arkeologoen lekukotzek hartu dute garrantzia Iruña-Veleiako aztarnategiko ustezko faltsutzeei buruzko epaiketako lehen astean. Herenegun, Jose Angel Apellaniz, Miguel Angel Berjon eta Carlos Cresporen lekukotzak jaso zituzten, eta aurretik ere aztarnategiko lan metodologiari egindako kritikak azaldu zituzten. Aztarnategiko lantalde egonkorreko kide ziren hirurak, eta, kasua ezagutarazi zenetik, haiena izan da ozenen entzun den ahotsa. Bada, atzoko saioan haien kritikak berretsi eta zehaztu zituzten aztarnategian lanean aritutako Daniel Vallo, Xabier Reparaz eta Raul Sanchez arkeologoek: haiek ere ez zuten ezohiko piezarik ikusi lurretik ateratzen; garbitutakoan agertzen ziren idazkiak.

Reparazek, adibidez, aurkitutako pieza zehatz baten kasua kontatu zuen: zeramika arrunteko pieza bat zen, idazki berezirik gabekoa; gerora, lankide batek esan zion pieza horretan azken afaria agertu zela marraztua. «Hori ezinezkoa da», Reparazen hitzetan. Apellaniz, Berjon eta Crespok asteazkenean aipatutako moduan, piezek identifikazioa zailduko zuen lokatzik ez zutela ere esan zuten atzo arkeologoek.

Hala ere, Apellaniz, Berjon eta Crespok deklaratutakoaren arabera, aztarnategian zeudenean ez zuten zalantzarik piezen egiazkotasunaren inguruan, lan metodoa baitzen kezkatzen zituena. Atzo, ordea, Reparazek adierazi zuen orduan ere zalantzak izan zituztela, eta euren artean aipatu zutela.

Kexen jakinarazpena

Asteazkenean deklaratutako arkeologoetako batzuek esan zutenez, behin baino gehiagotan helarazi zizkieten metodologiari buruzko kexak Lurmen enpresako zuzendaritzari eta Eusko Tren babesleari. Esan zutenez, azken horri Carlos Arias zeramikari eta eskultorearen bitartez jakinarazten zizkioten kexak. Proiektuan hainbat hilabetez egin zuen lan Ariasek, eta, atzoko saioan deklaratu zuenez, berak esan zuenkexa horien berri eman zuela. Halaber, lekuko gisa deklaratu zuen Rafael Mansilla aztarnategiko arkeologo ohia. Esan zuenez, kexak ez ziren izan beste edozein lanetan egon ohi direnak baino agerikoagoak.

Aurreikusi baino luzeagoak izaten ari dira epaiketa saioak. Gaur ere jasoko dituzte lekukotzak, nahiz eta, hasiera batean programatutakoaren arabera, gaurko eguna atseden eguna izatekoa zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.