Hiri erromatarreko kaleak, etxeak eta XXXIV galtzadaren arrastoak aurkitu dituzte udako indusketa horietan. Gainera, hurrengo hilabeteetan Oppidumaren edo harresiaren zaharberritze lanak hasiko dituztela iragarri dute. Aztarnategiaren hego-ekialdeko eremuan hasi zituen lanak uztailean EHUko arkeologia taldeak, Nuñezen gidaritzapean. Laborantza lanek eragindako geruza kenduz, 8.000 metro koadroko azalera zabaldu dute.
Zuzendaritza planean XXXIV Astorga-Bordele galtzada aztarnategian agertzeko hipotesia zegoen, eta Nuñezek aurkikuntzaren berri eman zuen atzo: «Bidea agertu da, aurreko datuek zehazten zuten moduan. Oppidumaren ondoan dago, eta sei metroko zabalera du». Gainera, Iruña-Veleia hiri erromatarreko kaleak eta eraikinak agertu dira.
Urbanismo ortogonalaren zantzuak topatu dituzte, ondo planifikatutako kale sortaren hiri egitura batean. Kale horietan, hiru gela edo gune aurkitu dituzte. Hurrengo hilabeteetan horiek lantzen ariko da arkeologo taldea.
Aztertuko duten lehenengo gunea lur azpian dagoen ur ontzi bat da. «Noiz arte erabili zen eta, beraz, populazioa noiz arte egon zen egiaztatzeko aukera ematen digu», esan zuen Nuñezek. Aurkitutako bigarren gela «laborantza lanek dezente kaltetu dute». Dena dela, zorua eraikitzeko prestakuntzak agertzen dira. «Hiri egituraren hasieraz informa dezake». Hirugarren gela eraikin handi batekoa da. Bertan, marmolezko plakak ikusten dira oraindik. «Egitura horretan kontserbatzeko lanak egingo ditugu».
Urrian lanean jarraituko dute
Urrian aztarnategian lan egingo dute. «Gelak ongi hustu behar dira, lur asko dagoelako barruan». Behin garbituta, laborategiko lanak egingo dituzte arrastoen nondik norakoak zehazteko eta hipotesi berriak zehazteko. 2011. urtearen hasieran lehenengo faseari buruzko txostena argitaratu nahi dute. Bitartean, oppidumaren edo harresiaren zaharberritze lanetan arituko da Envide Gatez SM enpresa.
Nuñezek azaldu zuenez, gelek hiriaren hasiera eta bukaera aztertzeko aukera emango dute, eta, horren bidez, hiriaren garapena. Gainera, Iruña-Veleia uste zena baino handiagoa izan zela pentsatzeko arrazoiak dituzte. «Oppidumetik kanpo hiria handitu zela pentsatzen dugu». Otsoa de Eribek aztarnategiaren etapa berria hasi dela esan zuen.
Azken indusketaren aurka Sos Veleiak jarritako salaketa onartu dute
Uztailean EHUko arkeologoak Iruña-Veleiako indusketak egiten hasi zirenean, Sos Iruña-Veleia plataformak lan hauen aurka salaketa jarri zuen Gasteizko Instrukzioko Lehenengo epaitegian. Plataformaren ustez, hondeamakinak erabiliz, metro eta erdiko indusketak egiten zituzten, zuzendaritza planean zehaztutako metro erdiko zuloak egin beharrean. Atzo, epaitegiak salaketa onartu zuela adierazi zuen Sos Veleiak.Agustin Otsoa de Eribe Arabako Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol zuzendariak adierazi zuen horren berririk ez zutela jaso eta edozein momentutan prozesuan parte hartzeko prest egongo direla. Aurretik probak aurkeztu zituztela esan du.