Maitane Unzu eta Fernan Mendiola. Katakrakeko kideak

«Iruñean halako gune baten beharra dagoela ikusi da urteotan»

Liburu dendak, kantinak eta areto kooperatiboak osatzen dute Katakrak proiektua, eta bertako kide dira Unzu eta Mendiola. Krisialdiak behartuta eta geldialdia baliatuta, bazkide kanpaina bat martxan jarri dute.

IÑIGO URIZ / FOKU.
Ane Eslava.
Iruñea
2020ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
1.917 ekitaldi. 319 prentsaurreko. 29.999 liburu ale. 119 kolektiborekin elkarlana. Ez da makala Katakrakek 2013an sortu zutenetik egin duen ekarpena. Proiektuak eraldaketa soziala izan du helburu hasieratik, baina erronka ez da txikia, ez eta kostua ere. Krisi egoerari aurre egiteko, bazkide kanpaina jarri dute abian, Zurekin bai ala bai lemapean. Proiektuaren parte dira Maitane Unzu (Barañain, Nafarroa, 1982) eta Fernan Mendiola (Santurtzi, Bizkaia, 1966), kooperatibako kidea Unzu eta inguruko sarekoa Mendiola. Esan dute komunitatea ezinbestekoa dutela aurrera egiteko.

La Hormiga Atomica proiektua zenaren lekukoa hartuta sortu zenuten Katakrak, Iruñean. Nolakoa izan zen hasiera?

FERNAN MENDIOLA: La Hormiga Atomicaren lokala utzi behar izan genuen, jabeak alokairua igo zigulako eta ezinezkoa bihurtzen ari zitzaigulako, baina aldez aurretik ere bazegoen gogoa zerbait handiagoa egiteko, eta une egokia zela ikusi genuen. Hasi ginen lokalerako aukerak begiratzen, eta azkenean jauzia handia izan zen. Apustua zen goiko aretoa bezalako toki handi bat izatea, eta gerora ikusi da bazela beharra Iruñean halako gune bat izateko. Motor gisa ere funtzionatzen du.

Liburu denda bat eta kafetegi bat baino gehiago da. Zein da Katakraken filosofia?

MAITANE UNZU: Eraldaketa sozial sakon baten aldeko proiektua da. Hasieratik bi ardatz izan ditu: liburua, eztabaida ideologiko eta politikoa sortzeko tresna gisa, eta elikadura burujabetza. Eta, horrekin batera, nahi genuen gune ireki bat izatea, gizarte eta kultur mugimenduek aukera izan zezaten elkartzeko eta gauzak antolatzeko. Horregatik egin genuen horren apustu handia.

F.M.: Eta oraingoaren antzeko testuinguru batean sortu genuen, gainera; orduan ere eskuina zegoenIruñeko alkatetzan.

Liburu denda ere berezia da: esan daiteke gizarte kritiko baterako ekarpena egiten duten liburuak saltzen dituzuela.

F.M.: Bai, hasieratik erabaki genuen irekitzea liburu denda handi bat, orokorrean ez zituena liburu komertzialak salduko, eta batzuek esaten ziguten ez zuela tokirik izango hirian, liburuaren merkatuak ez zuela horretarako emango. Eta egia da oso urte latzak izaten ari direla liburu dendentzat, Iruñeko liburu denda txiki askok itxi behar izan dutela, eta bazirudiela liburu denda estilo honek ezin izango zuela iraun ekosistema horretan. Baina, aldi berean, argi dago bazela behar bat: hausnarketarako liburuena.

M.U.: Filosofia hori aurreko proiektutik dator, eta hemen biderkatu egin dugu. Saiatzen gara banatzaile txiki eta politikoei bultzada ematen, eta horiekin eta antzeko ezaugarriak dituzten liburu dendekin sarea sortzen.

2016an argitaletxea sortu zenuten. Zeintzuk dira oinarriak?

F.M.: Katakrak argitaletxearen ardatzak dira, batetik, hausnarketarako eta mobilizaziorako helburua duen saiakera politikoa, eta, bestetik, euskarara ekarritako narratiba. Saiakerako lanak ere ekarri ditugu euskarara, baina ahalegin inportante bat egin dugu literatura unibertsaleko obra narratiboak itzultzeko.

Katakrakek kooperatiba gisa funtzionatzen du. Zehazki, nola?

M.U.: Gizarte ekimeneko kooperatiba bat da, sozialagoa. Ez du irabazi asmorik, eta eraikina ez dugu gure artean banatuko. Langile guztiak gara kooperatibistak, eta, kooperatibaz gain, kolektibo zabalago bat dago inguruan.

F.M.: Bigarren hori biltzar bat da; gutxiagotan elkartzen da, baina proiektuaren inguruko eztabaidetan parte hartzen du. Eta aipatzekoa da langileen artean soldata berdintasuna dagoela: bakoitzak bere ardurak ditu, baina hierarkiak ez dira islatzen soldatetan.

Proiektua martxan jarri zenutenean ikusi zenuten ekonomikoki apustu handia zela?

F.M.: Bai, oso apustu handia zen. Eta proiektuak zailtasunekin egin du aurrera, justu-justu, baina mantendu egin da. Baina orain datorrena kolpe latza izango da.

Eta, egoera honetan, bazkide kanpaina abiatu duzue.

F.M.: Kanpaina aspalditik genuen buruan, komunitatea gauzatzeko, eta inguruko jendeak, behar denean laguntzen digunak, esaten zigulako proiektuari beste ekarpenen bat egin nahi ziola. Horregatik, orain, errealitatearen kolpeak bultzatuta eta geldialdia baliatuta, pausoa eman dugu.

Aretoaren gastuari aurre egitea da premia nagusia?

M.U.: Bai. Aretoak arrakasta handia du, asko erabiltzen da, baina ekonomikoki ez da bideragarria. Orokorrean, kolektiboek ez dute ordaintzen erabiltzeagatik. Hipoteka zama handia da, berogailuaordaindu behar da, eta ekitaldiak daudenean sostengua eman. Eta urte bukaeran galerak daude.

F.M.: Katakraki zentzua ematen diona da: ekintzaile batzuek etxeko espetxealdia zuten, eta hemen bete zuten; udalak hitzaldiak zentsuratzen ditu, eta hemen egiten dira... Ez diogu beste erabilera bat eman nahi, baina aurkitu behar dugu bide bat finantzatzeko.

Kanpainarekin azpimarratu nahi duzue hemen egiten den ezkutuko lan guztia ere, ezta?

M.U.: Bai, ordutegitik kanpoko lana handia baita. Lokalaren mantenuak berak ordu asko eskatzen ditu, eta, horrez gain, astero saiatzen gara denak biltzen gauzak antolatzeko. Askotan egunerokoak jaten gaitu, baina proiektuak erronka handiak ditu.

Komunitatearen garrantzia ere nabarmendu duzue.

M.U.: Komunitatea hasieratik egon da hor: hasieran, finantzaketa kolektiboan eta auzolanetan; gero, urtero sanferminetan, azoka guztietan... Hainbat gauzatarako daukagu iruindarren eta Euskal Herri osoko herritarren laguntza. Oso handi sentitzen gara.

Zeintzuk dira ekarpena egiteko moduak?

M.U.: Bi modu daude: lehena da bazkide izatea, urtero kuota bat ordainduta. Bakoitzak aukeratu dezake zenbat eman. Horren truke, ekitaldiak daudenean bazkideek lehentasuna izango dute eserlekuetan, eta liburu bat ere emango diegu; horrez gain, urtero ospakizun bat eta bilkura bat egiteko asmoa dugu, jendeak proiektuaren inguruan erabaki ahal izateko. Kanpainaren beste hanka da COVID-19aren krisia gainditzeko laguntza puntualak.

F.M.: Bazkide nahiz laguntzaile puntuala izanda, norberak erabakitzen du zenbatekoa. Egin daiteke ekarpen xumea edo handia; guztiek dute balioa eta garrantzia.

Pozik zaudete erantzunarekin?

M.U.: Bai, jendeak berehala erantzun du, Euskal Herri osotik. Dagoeneko 120 bazkide berri ditugu. Eskertzeko modukoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.