Iruñeko kaleak zirku, dantza, musika eta antzerki ikuskizunetarako agertoki bilakatuko dira abuztuaren 2tik 22ra. Udalak Harresietako Jaialdia antolatu du hirugarrenez: 30 jarduera eskainiko dituzte Ziudadelan, Guadalupeko Bastioian, O-ko Andre Mariaren plazan eta harresietako hainbat txokotan. Gehienak doan izango dira, eta adin guztietako ikus-entzuleentzat.
Jaialdia Creacity proiektuaren barruan dago, Iruñearen, Baionaren eta Hondarribiaren ondareari balio kulturala eta turistikoa emateko helburua duen egitasmoaren barruan. Maider Beloki Kultura zinegotziak azaldu duenez, festa antolatzean tokiko artisten zein emakumeen presentzia zaindu dute, bai eta hiriko bi hizkuntza ofizialen arteko oreka ere.
Ikuskizun gehienak kalean izango dira, eta Oreka TX taldeak emango dio hasiera jaialdiari, abuztuaren 2an, Pikotailuke ikuskizunarekin. Musika emanaldiei dagokienez, hainbat estilotako bost kontzertu egongo dira Ziudadelako Arma Aretoaren ondoan jarriko duten agertokian. Enkore taldeak, Lazy Daisy Bande taldeak, DJ Mom-ek, Anne Etxegoien abeslariak eta Zenet artistak parte hartuko dute.
Bestalde, abuztuaren 3an, 10ean eta 17an, Harresiak Dantzan dantza bertikaleko jaialdiaren zazpigarren ekitaldia egingo dute. Hainbat tokitatik etorritako dantza konpainiek haien lanak erakutsiko dituzte Guadalupeko Bastioiko harresietan. Dantza garaikiderako tartea ere egongo da: abuztuaren 10ean eta 11n ikuskizun ibiltariak egingo dituzte, Zaldi Zuritik Jito Alai frontoiraino.
Azkenik, Iruñea Ilunabarrean programak zientzia, artea, teknologia berriak eta energia berriztagarriak batuko ditu. Irailaren 7ra arte, herritarrek hainbat ekitaldi ikusteko aukera izango dute, ilunabarraz gozatzen duten bitartean. Horrez gain, udako eskaintza osatzeko, Iruñeko Udalak Auzokale programa antolatu du: Iruñeko auzoetan hainbat jarduera prestatuko dituzte, kultura hiriko bazter guztietara zabaltzeko xedez.
Iruñeko harresiak kulturaz beteko dituzte hogei egunez
Abuztuaren 2an hasiko da Harresietako Jaialdia. Dohainik izango da

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu