Lauhazka

Iruñeko istorioak

Martin Ciriza Jubera
2025eko irailaren 28a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Haren berri izan nuenetik obsesionatuta nauka Ttutt tabernak. Egiari zor, Marino Goñik hiriko musikaren errepaso historikoa egiteko argitaratu zituen bideo ugarien artean deskubritu nuen, nahiz eta neure kabuz kalean deskubritzea ederragoa zatekeen. Orduan, alde zaharrera igo nintzen hurrengoan egin nuen lehen gauza taberna izandakoak Kuria kalean oraindik mantentzen duen errotulu ederra bisitatzea izan zen.

Aspalditik itxita dago, ez dakit noiztik, baina parez pare ganoraz izan nuen lehen alditik maitemindu ninduen. Hurbilagotik, eskutitzak sartzeko leihatila daukala konturatu eta barruan zegoena ikusteko aukera izan nuen. Ezer ez, dena ilun, argitxo txiki bat bakarrik zegoen piztuta, argi-kontagailuarena edo auskalo zerena.

Misterioak erasana, Interneten informazioa bilatzen hasi nintzen. Ttutt taberna Javier Pinzolas, Javier Guibert eta Manolo Gilena zen. Irakurri nuenez, barruko pareta baten kontra zortzi bat telebista zituzten bata bestearen gainean, eta tramankulu haietan Ttuttekoek grabatzen zituzten mani, kontzertu edo bideoklipak emititzen zituzten. Nabarreriako rock zaharruno eta heavyengandik ihesi, taberna hura elkargune bihurtu zen okupazioaren aldeko katakrak kolektiboa, Barricada, Tijuana in Blue eta belaunaldi gazte askorentzat. Efemeride bezala, sareetan topatu daitekeen Soñua diskoetxeren 1985eko eskutitz bat dago; zeinean Kortatu taldearen lehenengo diskoaren Listening party-ra gonbidapena egiten duten. Ellos dicen mierda diskoaren azala Ttutteko komuna dela irakurri dut baita ere.

La polla taldearen ELLOS DICEN MIERDA diskoaren azala
La polla talderen diskoaren azala.

Batzuetan, tabernakoek flipatu dezaten, Kraftwerk taldeko manikien gisa iraganera bueltatzea gustatuko litzaidake, ordu batzuk badira ere. Baina behin ideia horiekin amaituta, hori egin ordez nik bizi dudan garai honetan «gauzak egiteko» agintzen diot neure buruari.

Askotan egin dudan arren, ez naiz iragana erromantizatzearen aldekoa izan, zentzu askotan ez baitira garai hobeak izan, eta, finean, bizi dugun garaian borrokatzea tokatu zaigulako. Azken boladan, aldiz, begirada atzera botatzearen ariketa noizean behin egitea komeni dela uste dut, besteen eskarmentuaz jabetzeko eta, batzuetan, gaur egun zerbait egitera bultzatzen zaituelako. Nire kasuan, beste garai batera begirada botatzeak, alde batetik, imajinazioaren leihoa zabaldu eta, bestetik, gauzak egitea posible dela erakusten dit, inolako atsekaberik gabe. Beraz, gora erromantizazioa!

Urruti joan gabe, Iruñean gaztetxeen loraldia urrun geratzen zaigun arren, esperantzara bide egiten dioten hainbat proiektu dauzkagu. Horren adibide dira, besteak beste, Matalaz, Aitzina, Plazeratu edo Egun Motelak. Bakoitzak bere bereizgarritasunekin, baina alderdi kulturalean aritzeko beste modu bat posible dela argi uzten diguten proiektuak dira. Itxaropen horren adibide, Plazeratuko kide batek, bere «utopiak» Berlineko diskoteka batetik Aitzinako eskailerak jaitsita sortu duten oasira bidaiatu duela idatzi zuen Egun Motelak kolektiboaren lehenengo urtekarian.

Horrekin guztiarekin, gaur nik Ttutt tabernaren inguruan idatzi dudan bezala, etorkizuneko baten batek gaurko garaiaz hitz egitea gustatuko litzaidakeela esan nahi dut. Bere erromantizazio puntua eta guzti.

Alde batetik, nik memoria txarra daukadalako, eta, bestetik, seinale zerbait ongi egingo dugula; eta horrek aurrera egiteko motibazio eta kemenaz kargatzen gaitu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.