«Istorio gogorra» baina «kontatu beharrekoa»

Aretotik irteten ari zirenen artean «gogorra» hitza nagusitu zen 'Lasa eta Zabala' filmaren estreinaldiaren ostean. Baina gogortasun horri aurre egin eta gertatu zena kontatu beharra zegoela ere bazioten.

Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren senideak atzo arratsaldeko estreinaldian izan ziren. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Juan Luis Zabala
Donostia
2014ko irailaren 26a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Barruko tripak astintzen dituen istorio gogorra da» Pablo Maloren Lasa eta Zabala filmak kontatzen duena, Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuaren ustez. «Historiaren zati garrantsitsu bat izan da Lasa eta Zabalaren kasua, eta gure historia kontatzeko eta barruan daukaguna ateratzeko beharrezkoak dira honelako lanak», gehitu zuen. Uriarterekin bat zetozen atzo arratsean estreinaldian izandako kulturaren eta politikaren munduko pertsona ezagunak, eta baita gainerako ikusleen arteko gehienak ere.

«Egia ezagutu behar dugu, eta egiaren parte bat ikusi dugu», adierazi zuen Jonan Fernandez Jaurlaritzako Bakea eta Bizikidetzako Saileko buruak. «Giza eskubideen bortxaketen salaketa egiten duen aldetik, ekarpen handia da».

«Oso hunkigarria da filma, eta justizia egiten die Joxean Lasa eta Joxi Zabalari», Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiaren ustez. «Uste dut Pablo Maloren zintzotasuna goraipatzekoa dela eta Joxi eta Joxeani zor geniela honelako pelikula bat, egia zein den jakiteko. Are gehiago kontuan hartuta errudunak kalean daudela»

«Oso pelikula gogorra da, errelatoa gogorra delako», esan zuen, oso hunkituta, Denis Itxaso Donostiako zinegotziak. «Baina uste dut azaleratu behar diren istorioen eta errelatoen artean hau dagoela. Ni oso zinemazalea naiz, eta film moduan ere asko gustatu zait, uste nuena baino gehiago. Errelatoa ondo egina dago, gidoia ere ona da, interpretazioak ere bai...».

Malok zuzendutako lana «pelikula moduan lan duina, zuzena, faktura onekoa» iruditu zaio Juanba Berasategi zinemagileari. «Edukiaren aldetik gogorra da, baina honelako pelikulak egin beharra eta ikusi beharra dago. Hori gertatu egin da, eta gure adineko asko hortik pasatu gara».

«Gure herriaren historiarako beharrezkoa da pelikula hau», Arantxa Arruti Burgosko prozesuko epaituarentzat. «Errealitatea halakoa da eta jakin egin behar da zer gertatu den. Tortura da mundu honetan dagoen gauzarik gogorrena, heriotza baino askoz ere gogorragoa. Tiro bat eskatzera iristen da torturatua».

Iruin ere ikusleen artean

Iñigo Iruin abokatua ere ikusleen artean zen, filmeko Iñigo abokatuaren haragizko oinarria. Filmeko bi pasarte fikziorako aldatuta daudela argitu zuen: batetik, egia dela bere aurkako bonba-paketea bidali zutela, baina haren ondorioz ez zela inor hil, guardia zibilek, damututa, neutralizatu egin zutelako helbidera iritsi aurretik, beste pakete batek postari bat hil eta gero; bestetik, berak ez ziola inoiz inori, filmean hala ageri bada ere, gogoratzen ez zuen zerbait gogoratzen zuela deklara zezan eskatu. «Egia esan, ez dira parte horiek gehien gustatzen zaizkidanak», aitortu zuen, «baina onartzen dut fikzioaren beharrei erantzuteko aldatu dituztela kontu horiek. Orokorrean txalotu egin behar da Pablo Malo zuzendariak, Unax Ugaldek eta gainerako aktoreek eta talde osoak egindako lana».

«Egin behar zen pelikula bat da», Iruinen ustez. «Historiako pasarte garrantzitsu bat da, pantailara derrigorrez eraman behar zena. Gertaera gogorra izan zen eta krudeltasun hori agertzen da, eta horrez gain oso modu egokian azaltzen du klabeetako bat: Lasa eta Zabalari gertatutakoa estatu terrorismoa dela, ez soilik mertzenarioen terrorismoa. Estatua inplikatuta zegoela erakusten du, eta estatu terrorismoa zer den eta noraino iritsi zen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.