Donostiako 73. Zinemaldia

Asier Altuna: «Istorioa pertsonaien bidez kontatu nahi nuela konturatu nintzenean hasi nintzen ikusten nire pelikula»

Sail Ofizialean izango da Asier Altunaren film berria: 'Karmele'. Harekin, fikziozko lan luzeetara itzuli da zinemagilea. Txomin Letamendi eta Karmele Urrestiren bizitzako pasarte batzuk kontatuz, 1937tik 1947rako tarte historikoa eraman du pantailara.

Asier Altuna zinemagilea, atzo, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Asier Altuna zinemagilea, atzo, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
garbine ubeda goikoetxea
2025eko irailaren 20a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kursaalaren alboko tabernan jarri dio hitzordua BERRIari Asier Altunak (Bergara, Gipuzkoa, 1969). Pasioz mintzatu da Karmele filmaz, eta, solasa amaituta, hantxe jesarrita jarraitu du zinemagileak. Artean Zinemaldiko zurrunbiloan erabat murgildu nahi ez, eta idazteari ekin dio: «Erlaxatu egiten nau».

Karmele filmak Kirmen Uriberen Elkarrekin esnatzeko ordua eleberria du oinarri. Osorik ez, eta bereziki zati bati heldu diozue. Nolatan?

Liburua irakurri nuenean, txunditu egin ninduen Letamendi-Urresti familiaren historiak. Harrigarria da zenbat ekintzatan parte hartu zuten eta zenbat abentura bizi izan zituzten: frankistek etxetik bota, Eresoinka, Bigarren Mundu Gerra, Paris, Caracas, erresistentziara itzuli, espioi lanetan hasi… «Baina zer da hau?», esan nion neure buruari. Hori guztia mugatu beharra zegoen, eta 1937tik 1947ra arteko tartea hartzea erabaki nuen. Ez nuen pelikula konplikatua egin nahi.

Bigarren zeregina euste lan bat egitea izan da; hain justu, filma ez zedin izan ekintza mozkorraldi bat. Istorioa nondik nora muntatuko nuen, filmak zer pertsonaia izango zituen... hori finkatzea izan da lanik zailena. Ezerezetik abiatuz gero, pixkanaka eraikitzen duzu filma. Hemen alderantziz gertatu da: kendu eta ahaztu beharra zegoen. Liburua ez ezik, hiru seme-alaben testigantzak ere banituen gainera, eta hori guztia kudeatzea gaitza da. Momentu jakin batean, konturatu nintzen ez nuela dena kontatu behar, ez zegoela dena esan beharrik. Istorioa pertsonaien bidez kontatu nahi nuela konturatu nintzenean hasi nintzen ikusten nire pelikula.

Minimalismoak lagundu dizu gidoian.

Nire ustez bai. Azkenean, begirada batekin asko kontatzen da, eta askotan ez da besterik behar. Beste guztia gehiegitxo zen niretzat. Hori izan da ariketa. Gidoian ez ezik, grabaketan ere gertatu da hori. Baita musikan ere. Hainbeste musika dago, Eresoinka, jazza, saltsa... gero ez dugu dramatismoa hor jarri. Muntaketan ere gauza bera. Dena izan da hutsuneak utzi, elipsiak egin, eta jendeak osa dezala.

Kontraste handiak erakutsi dituzu. Euskal Herriko 37ko giro ilunetik, Parisko argitasunera, gero Venezuelako koloreetara, eta atzera iluntasunera, itzalera.

Hor sekulako lana egin dugu teknikoki, baita jantzien eta arte bildumen bidez ere. Denok eskutik joan gara, eta oso lan ederra izan da niretzat.

Gidoia lantzen hasi zinenetik filma plazaratu den arte, zazpi urte joan dira. Kentze lan horrek luzatu al du prozesua?

Pelikulak egitea asko kostatzen da. Baina, gainera, tartean beste hiru egin ditut: Agur, Etxebeste, Arzak since 1897 eta Hondalea: abismo marino. Bitarte horretan gidoia hobetuz joaten zara. Prozesua luzea da, ez delako erraza. Gainera beti izan dut argi filmatzera gidoi on batekin joan behar dela, bestela pelikula ez zaizu gustatuko, gaizki aterako da, eta hori bizitza osorako da. Gidoia osatzeaz gain, finantzaketa bilatzea ere prozesu luzea da. Aurrekontu handikoa da Karmele, eta kosta egin da aurrera ateratzea. Kenkari fiskalek eman ziguten azken bultzada. Horiek gabe, agian pelikula oso bestelakoa izango zatekeen, edo agian ez genukeen egingo.

«Kenkari fiskalek eman ziguten azken bultzada. Horiek gabe, agian pelikula oso bestelakoa izango zatekeen, edo agian ez genukeen egingo»

Fikziora itzuli zara Karmele-rekin. Zer ematen dizu fikzioak?

Erronka denak gustatzen zaizkit; dokumentalak ere gauza polit asko ditu. Baina fikziorako gidoian eta narrazioan sartzen naizenean ikaragarri gozatzen dut. Idaztea, dauzkazun elementuekin jokatzea, gauzak nola kontatu erabakitzea, hori guztia sekulakoa da. Kasu honetan, filmaketan ere gozatu egin dut asko. Produkzioaren aurretik lan handia aurreratu genuen, batez ere musika asko genuelako eta hori ere grabatu behar zelako. Dekoratuek ere lana ematen zuten, ez baita erraza garai hartako pelikula bat askorik mugitu gabe egitea. Eta aktoreekin ere entsegu asko egin genituen. Filmaketara gozatzera joan naiz, eta polita izan da.

Epe horretako historia bikain emana dago filmean: 36ko gerra aurreko ilusioa, hondamendia, berriro eutsi nahia, aliatuek piztutako esperantza, zaputzaldia eta ondoren etsipena...

Gainera, uste dut garai hori ez dela askorik jorratu. 36ko gerrari gehiagotan heldu zaio. Kirmen Uribek dokumentazio lan handia egin zuen. Txominen espioitza kontuak, esaterako, ondo jasota daude, eta horrek denak balio handia ematen dio istorioari. Haien alaba Ikerne filmaketan hasi baino bi hilabete lehenago hil zen, baina bi semeak bizi dira, eta horrek emozionatzen nau. Duela 85 urteko gertaerak dira, baina historia oso presente dago. Era berean, gerraren, faxismoaren, totalitarismoaren eta kolonialismoaren buelta honekin, berriz gertatu behar ez zuten gauza horiek erdi-erdian daude bat-batean. Eta horrek ere balioa ematen dio filmari.

«Haien alaba Ikerne filmaketan hasi baino bi hilabete lehenago hil zen, baina bi semeak bizi dira, eta horrek emozionatzen nau. Duela 85 urteko gertaerak dira, baina historia oso presente dago»

Karmele eta Txomin senar-emazteek militantziaren eta familiaren arteko talka gorpuzten dute momentu jakin batean.

Garaian kokatu behar dugu. Ikusten da Karmele nortasun handiko emakumea zela, baina plaza beti da gizonena. Biak ziren militanteak, baina momentu jakin batean Txominek alde batera utzi zuen Karmele, eta etxean eta umeen zaintzan ageri da. Interesgarria iruditzen zitzaidan momentu horri heltzea. Bestalde, benetako historiaren pasarte batzuk oso garbi daude, baina familiarteko harremanak ez zeuden inon adierazita, eta nire narrazioa egin dut.

Bi jarrera daude. Emakumearena babesa, atzea zaintzea, heziketa eta arreta hurrengo belaunaldietan ipintzea da. Diktaduraren indarra hain da handia, ezin baita ezer egin, eta aurrera egin behar da. Bestea gizonarena da. Militantzian oso sartuta dago, eta haren lehentasuna garbi dago. Gauzak ulertzeko bi modu eta bi ikuspuntu dira. Eta amodioa eta nahi duzun guztia, baina bi bide.

«Bi jarrera daude: emakumearena eta gizonarena. Gauzak ulertzeko bi modu eta bi ikuspuntu dira. Eta amodioa eta nahi duzun guztia, baina bi bide»

Karmeleri aitzindaritza aitortu diozu. Heziketari ere arreta jarri behar zitzaiola konturatu zen, bestela haurrek eskolan zabaldutako kredo frankista sinetsiko zutelako azkenerako. Baina senarrak isilarazi egin zuen. Gogorra da hori.

Karmele nondik datorren esan behar da. Haren ama irakaslea zen Ondarroan, 1932an, eta euskarazko lehen eskola liburuak baliatzen zituen. Horrez gain, herriko Emakume Abertzale Batzako lehendakaria zen. Karmele emakume ikasia zen: erizaintza ikasketak egin zituen Valladoliden [Espainia]. Haren aita, berriz, enpresari, armadore eta arrantzalea zen. Normala da halako jarrera izatea hezkuntzaren inguruan.

Emakumeen ikuspuntua interesgarria da, ez doaz borrokara eta kito, gizonezkoak bezala. Borroka galdu zutela konturatu zenean, onartu egin zuen. Kolpe horretatik errekuperatu, eta gero gerokoak, pentsatzen zuen.

Paris eta Venezuela ageri dira. Zaila izango zen haraino joan eta tomak hartzea.

Gaur egun ez da halakorik behar. Hau da, haien bidaian ageri diren hiriak bildukia dira, ez besterik. Inportantea Karmele da; hura nola dagoen jakitea, haren ametsak eta helburuak azaltzea, eta zerk galarazten dion horretara heltzea. Gainontzekoa osagarria da.

Hasieratik izan dut argi ez nuela hortik joko. Hamar urtera mugatu dut, besteak beste ez nuelako zahartze prozesuan sartu nahi. Makillajeak-eta sekulako nagia sortzen didate. Detaile txiki batzuekin aski.

ZINEMIRA, «KOLEKTIBO OSOARI» AITORTZA

Euskal zinemaren alde egindako bidearen aintzatespen gisa, Asier Altunak Zinemira saria jasoko du Telmo Esnalekin batera. Albisteak ezustean harrapatu zuela aitortu zuen lehen kolpean. Orain, barneratuxeago duela, atzera begira jarri, eta kolektibo oso bati egindako aitortza dela iruditzen zaio.  Altuna: «Teknikari gisa hasi ginen, eta poliki-poliki lantalde eder bat sortu zen, sinesten zuena bizi gintezkeela gure herrian eta gure hizkuntzan zinema eginez. Horri begirunea erakustea oso polita iruditzen zait». 

Bereziki harro agertu da euskal zineman dagoen egoeraz eta naturaltasunaz: «Familia txiki moduko bat gara. Lagunartean eta giro ederrean egiten dugu lan, eta, aldi berean, profesionaltasun handiz ari gara. Bizitzeko jarrera bat da, azken finean». 

Aldarrikatzen hasita, «zubiak» aldarrikatuko lituzke, zinemak baduelako «bitartekotzarako gaitasuna». Pelikuletan sarri ageri diren gerrez eta armez mintzatu da: «Ematen du gatazkek beti egon behar dutela, eta gerrak ere elikatzen dira zinematik. Jende zintzoaren zinema egingo bagenu, egoera aldatzen lagunduko genuke beharbada».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.