Buruz buru (III). Agustin Arrieta-Urtizberea

Itsasoan berreraiki beharreko txalupa

Giza eskalatik abiatutako gogoeta da Agustin Arrieta-Urtizberearena. Traszendentzia baztertu, eta gorputzean kokatzen ditu bere gogoetak; baita arimari buruzkoak ere.

Inigo Astiz
Donostia
2012ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Intxaur oskolean kokatzen du ekaitzari buruzko eztabaida Agustin Arrieta-Urtizberea filosofoak (Errenteria, 1962). Izan ere, giza eskala da haren gogoeten funtsa. Hori izan daiteke haren lan osoa hartzen duen ardatza. Pertsonaren ahultasuna aldarrikatzen du; haren ezagutzaren izaera eskasa eta haren hilkortasuna; baina horrekin moldatu behar. Itsaso zabalean txalupa berreraiki behar duten marinelen modura. Baita traszendentziak blaitutako gaiak lantzerakoan ere. Arimaz ari da orain. Neurtzen du gizakia eskutik eskura eta burutik oinetara, eta azalera horretan kokatzen du arimari buruzko eztabaida. «Gorputzarekin batera hiltzen dira arimak ere. Ikuspegi biologista edo naturalista hori dut nik. Batzuentzat, bizitzaren zentzua galtzea da hori. Niretzat ez. Niretzat da zirraragarria. Liluragarria da gaia muga horietan kokatzea. Arimaren ikuspuntu ahul bat daukat, egia da. Baita gizakiaren ikuspuntu ahul bat ere, baita filosofiaren ikuspuntu ahul bat ere». Ekaitza eta hura ezagutu ahal izateko intxaur oskol xume bat.

Filosofia fakultateko irakasle da Arrieta-Urtizberea, eta filosofiari buruzko hainbat lan akademiko ere idatzia da. Hala ere, klaseetan irauli ditu bere gogoetak luzez, eta, dioenez, beti izan zaio baliagarri ikasleekiko dialektika hori. Azken urteetan saiakerak ere idatzi ditu, ordea, eta arimaren gaia darabil orain esku artean. Ikasle garaitik datorkio kezka. Izan ere, inteligentzia artifizialari buruz egin zuen doktore tesia. Makina bidez gizatasuna simulatzeari buruz; arima erreplikatzeari buruz. Ordukoa batez ere lan teknikoa izan zela dio, baina kezka filosofiko bilakatu zaio gerora. Eta kezka horri erantzunez idatzi du Arima eta balioak izeneko liburua. Argitaratuko duten zain dago orain, baina, aditzera eman duenez, arimaren disekzio moduko bat proposatzen du bertan. Gizakiaren tresna eskasez egindako gizakiaren funtsaren behaketa bat.

Adimenak gobernatu du arima historikoki. Dioenez, gainontzeko ertz eta matizak bazterrean utzi, eta horri baino ez diote begiratu filosofo askok. «Hainbat osagai ditu arimak, eta haien arteko bat baino ez da adimenarena. Hala ere, ia beti jarri dute ezaugarri hori emozio eta bestelakoen gainetik. Ahaztu egin zaigu gizakiaren animaliatasuna». Horregatik dira herrenak adimen artifizialaren inguruko gogoeta asko. «Oso zientzia fikzio zalea naiz ni, eta istorio zoragarriak sortu dituzte adimen artifizialaren inguruan. Blade Runner filmean, esaterako, androide batekin maitemintzera heltzen da protagonista. Baina mito bat baino ez da hori. Adimenari eman zaion lehentasuna muturrera eramaten duen mito bat. Nik uste dut adimena gorestea ez dela guztiz egokia, gizakiaren beste alderdiak ere aztertu behar direlako. Haien arteko harremanean dago giltza. Ezin dira banandu».

Erlijioen joko bikoitza

Beraz, sinesten duzu ariman?

Ez dut onartzen arimaren gaineko ikuspuntu dualistarik. Ez dut uste alde batetik gorputza dagoenik eta bestetik arima dagoenik. Hemen nagusi diren erlijioekin lotuta dago ikuspuntu hori. Horrekin ez nator bat. Baina, noski, arima ez dut inolaz ere ukatzen. Misterio ederrena da. Idatzi dudan liburuan saiatu naiz erlijio nagusi horiek ematen duten ikuspegiez bestelako ikuspegi batzuk ematen. Ikuspegi materialistagoak, naturalistagoak, biologiari lotuagoak... Ikuspuntu dualista mistikoak ez du kontsolamenduaz aparteko ekarpenik. Ikerketa bide gisa, dauden teoria guztien artean ahulenetariko bat da.

Behin baino gehiagotan aipatzen dituzu erlijioak Sinesmenak eta usteak zure aurreko saiakeran. Kritiko mintzo zara.

Nik ez dut ezer erlijioaren aurka. Baina hemen erlijio nagusiei erreparatuz gero, ohartzen zara joko tranpati batean aritzen direla. Berez ez dagozkien esparruetan sartzen dira. Mundua nolakoa zen ere adierazten zuen erlijioak garai batean. Gero zientziak aurre egin zion, eta estrategia aldatu zuten orduan. Hasi ziren esaten Biblian esaten dena ez dela literalki ulertu behar, metaforikoki baizik. Baina nik neuk literalak balira bezala ikasi ditut teoria horiek. Nik ez nuen sinesten modu metaforikoan genesian edo infernuan. Hemen nagusi diren erlijio guztiak oso teologikoak dira. Badute adituen korte bat. Eta, gainera, oso instituzionalak dira: boterea nahi dute, dirua nahi dute, hezkuntza kontrolatu nahi dute. Planteamendu erlijioso hori da kritikatzen dudana. Joko bikoitz hori da onartzen ez dudana. Planetei buruz hitz egin behar badugu, araka ditzagun planetak. Ez erabili testu sakratu bat planetei buruz hitz egiteko. Ez animaliei buruz hitz egiteko. Ezta gizakiari buruz hitz egiteko ere. Araka ditzagun objektu horiek dauzkagun tresnekin, baita ahulak izanik ere. Erlijioek badute funtzio bat, eta oso garrantzitsua da, gainera, baina haien eginbeharra ez da mundua ikertzea.

Fikzioak direla diozu, baina horrek ez omen die garrantzirik kentzen.

Jendeak pentsatzen du fikzio bat direla esaten duzunean ari zarela erlijioak gutxiesten, baina ez da hala. Izugarrizko garrantzia ematen diot nik fikzioari. Norbaitek gizakien anabasan ereiten duen hazia da fikzioa. Hazi horretatik fikziozko mundua sortu egingo da, beste gizakiengan usteak, sinesmenak, nahiak eta emozioak sorrarazten baldin baditu. Fikzioen artean erlijioa dago. Gizakiok sortu ditugu jainkoak, eta sorkuntza horrek sortzen ditu guregan usteak, sinesmenak, nahiak eta emozioak.

Ez dira norberaren sinesmenak Arrieta-Urtizbereak kritikatzen dituenak. Sinesmen pribatu horiek debate publikora jauzi egiteko duten modua baizik. Hemen bi adibide. Bat: abortuari buruzko eztabaidan Elizak egiten duen presioa; eta bi: AEBetako eskoletan Darwinen eboluzioaren teoriak eta espezie guztiak Jainkoak sortu zituela proposatzen duen kreazionismoaren teoria elkarren parekotzat erakusteko eskaerak. Erlatibismoan hartzen dute babes halako ekimenek, eta, hain zuzen, hori da Arrieta-Urtizbereak kritikatzen duena. «Espazio publikoa denona da, eta, labur-labur esanda, publikoa dena metodologia publikoaz garatu behar da. Espazio publikoan dagoenak kritikagarria eta eztabaidagai izan behar du. Joko publiko horretatik kanpo, norberak nahi dituen sinesmen pribatuak eduki ditzake. Baina, nolabait esanda, bi joko zelairen aurrean gaude, eta ez dira nahasi behar».

Galileo Galileiren anekdota bat erabiltzen du bere jarrera ilustratzeko. «Galileok teleskopiotik begiratzeko eskatu zion Bellarmino kardinalari, zerua nolakoa zen ikus zezan. Kardinalak zera esan zion, berak ez zuela teleskopioaren premiarik, Bibliak garbi asko adierazten baitzion nolakoa zen zerua». Bere egiten du Galileoren jarrera Arrieta-Urtizbereak. Zentzu komunaren metodoa deitzen du hark. «Zerua ikertzeko, zerua begiratu beharko dugu bada!? Ikerketa arruntaren errebindikazioa da nirea». Horrekin konformatu behar. Jainkoak emanikoa errebelazioena baino askoz ere eskasagoa den gizakiak ondorioztatutako egia eskas horrekin. Martetik heldutako argazki lauso horiekin, adibidez.

Eta Arrieta-Urtizberearen ustez, ezagutza eskas horiek denak hartu eta osotasun bat amestea da filosofiaren zeregina. Osotasun ahul eta labainkor bat amestea. «Zientzialariak hartzen du puzzle bateko pieza bat, eta fintzen du. Zorrozten du. Zientzialari bakoitzak dauka bere pieza. Filosofoa saiatzen da puzzle osoa osatzen. Saiatzen da pieza ezberdinak hartu eta egitura koherente bat osatzen». Isilik gelditzen da gero une batez, eta errepikatu egiten du azken ideia hori: «Saiatu egiten da». Izan ere, piezak ez dira egonkorrak.

Itsaso erdian dagoen itsasontzi batean imajinatzen du filosofoa Arrieta-Urtizbereak. Willard Van Orman Quine filosofoari hartzen dizkio hitzak horretarako. «Nire ikuspuntutik, filosofia ez da zientziaren a prioriko edo aldez aurreko oinarria; zientziaren eta filosofiaren artean ez dago etenik. Nik filosofia eta zientzia txalupa berean ikusten ditut. Txalupa hori ezin konpon daiteke itsasoan bertan baizik, txalupa ur gainean dagoela. Lehorrean ez dago ikuspuntu egokiagorik». Erabat bat egiten du filosofoari buruzko ikuspegi ahul horrekin Arrieta-Urtizbereak. «Printzipio irmoen filosofia bat egiten dute zenbaitek, baina ez; filosofia ere hor dabil itsasoan, gizakiarekin batera. Ahal duena egiten. Herrenka, denok bezala, eta etengabe aldatzen. Arazorik sortzen bada, ez dago aukerarik irla batera joan, dike bat sortu eta arazoa han konpontzeko. Bertan egin behar konponketa; bertan eta, gainera, eskura dauden tresnekin».

Erlatibismoaren aurka

Horrek ez du esan nahi, ordea, filosofiari zintzotasuna eta zorroztasuna eskatu behar ez zaizkionik. Alderantziz. Propio dituen berezitasun guztiekin bada ere, zientziarekin ahaidetuta ikusten du bere alorra Arrieta-Urtizbereak. Metodologia eta hipotesien beharrak berdintzen ditu. Eta egiaren gaia ateratzen du horregatik. Haren ustez, egon badagoelako egia bat; «ahula eta letra xehez idaztekoa, bai, baina egia bat». Muturreko erlatibismoen aurka ari da orain. «Ematen du egia hitza aipatzen duzunean apaiz bihurtzen zarela. Hitz baten esanahia harrapatzeko erabilera hartu behar da kontuan, ordea, eta egiaren kontzeptua ez da ezer misteriotsua. Ezin dut irudikatu hizkuntza bat egia edo haren baliokiderik gabe. Gure usteekiko zuzentasuna aztertzen du egiak. Esparru batzuetan, egia erlatiboa da, eta eraikia. Koloreei buruz bistan da bakoitzak bere ustea duela. Baina kontuz! Ezin da hori eraman esparru guztietara. Nik erreibindikatzen dut egia letra xehez. Metodologia bati jarraituta eraikitzen den egia xehe bat».

Angel Erroren poema zirtolari batek argitu dezake oraingoan Arrieta-Urtizberearen jarrera. Zuhaitz baten gerizpean irudikatzen ditu filosofoa eta haren ikasleak Errok. Grezia klasikoan. «'Ezerezetik ezin ezer sor',/ irakasten du harroputz Sofistak./ 'Gu, beraz, zerbait garen neurrian,/ ezin ginenez inoiz ere sortuak izan,/ betierekoak gara'./ Dizipulu batek/ lotsa handiz, 'Ez gara, bada, hilen?'./ 'Ni hiltzea mundu hautemangarrian/ inoiz jazo ez den gauza da, tentel hori;/ frogagaitza ondorioz. Hilezkorra/ naiz kontrakoa egiaztatu ezean'./ Dizipuluak ozta-ozta eutsi zion/ enpirismoa fundatzeko gogoari».

Izan ere, kritikoa da Arrieta-Urtizberea egiarik ez dagoela dioten pentsalariekin. Zentzu komuna aldarrikatu du berriz. «Nire susmoa da muturreko erlatibista horiek ere ez dutela esaten duten hori gehiegi sinesten. Beren bizitzari erreparatuko baliote egun bakar batez, ikusiko lukete beren jokaerek ez dutela bat egiten esaten dutenarekin. Jende hori ez da muturreko erlatibista. Beren eguneroko praktikak erakusten du sinesten dutela egian. Praktikan haiek ere errealistak direla». Egia ahul bat da hark proposatzen duena, baina egia bat, hala ere. Traszendentziarik behar ez duen egia bat, baina garrantzia baduen egia bat. Giza eskalako egia bat.

Urrunago jo du gero. «Izatekotan ere, hor behar du bizitzaren zentzuak. Nik ez dakit bizitzak zentzurik duen. Akaso ez du zentzurik, edo akaso asko ditu. Baina zentzu horrek ez du zertan traszendentea izan. Nik zentzua letra xehez idatziko nuke. Nik ez dut traszendentzia horren beharrik sumatzen. Batek pentsa dezake oso bizitza tristea dudala horregatik, galtzen dudala haren xarma, baina nik uste dut zentzua ez zaiola lotu behar traszendentzia horri». Baina baieztapenak zalantza dakar berehala Arrieta-Urtizberearen kasuan, eta berriz planteatu dio galdera bere buruari. «Bizitzaren zentzua... esaldi horrek zentzurik baduen ere ez dakit». Eta txalupa bat ikus daiteke kasik haren hitzetan. Txalupa bat itsaso zabalean, behin eta berriz berreraikitzen.

Bihar: Joseba Zulaika.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.