Itsasoz bestaldeko musikaria

Pedro Sanjuan Donostiako musikariak Espainiako eta Kubako folklorean oinarrituta idatzitako obrak berreskuratu ditu Euskadiko Orkestra Sinfonikoak, 'Urruneko oihartzunak' izeneko diskoan.

Ane Urrutikoetxea.
Donostia
2011ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Ahanzturan erortzeko zorian zen Pedro Sanjuan musikaria (1886, Donostia—1976, Washington), erbeste luzeak eraginda, gaur egun inor gutxik ezagutzen baitzuen musikari donostiarraren lana. Sanjuanek musika ibilbide oparoa izan zuen, Madrilen lehenik eta Kuban ondoren. Espainiako folklorea lantzeagatik egin zen ezaguna, eta lehena izan zen Kubako erritmo eta melodia tradizionalak berreskuratzen. Horretaz gain, musikarien hezkuntza babestu zuen, 1924an Kubako Orkestra Filarmonikoa sortuta. EOS Euskadiko Orkestra Sinfonikoak ahanzturatik salbatu ditu musikari donostiarraren bi sinfonia garrantzitsuenak, eta Urruneko oihartzunak izeneko diskoan argitaratu ditu; hala, musikariaren lana betiko grabatuta geratu da.

Sanjuan Donostian jaio zen, baina denbora gutxi igaro zuen Euskal Herrian. Madrilen egin zituen musika ikasketak, eta garai hartako maisu onenekin izan zen; Bartolome Perez Casasekin eta Joaquin Durinekin, esate baterako. Parisen amaitu zituen ikasketak; Schola Cantorum de Vicent d'Indy kontserbatorioan, hain zuzen ere. Bukatzean, Madrilgo Orkestra Sinfonikoa eta Filarmonikoa zuzendu zituen 1923a arte. Garai hartan, Espainiako folklorea eta musika tradizionala modu berritzailean lantzeagatik egin zen ezaguna, eta orduan sortu zuen Castilla bere sinfonia garrantzitsuenetakoa.

Sanjuanen musika estiloa aldatu egin zen 1923tik aurrera, Kubara joan zenean. Erritmoari garrantzi handia ematen hasi zen, eta afrokubatarren melodia tradizionalak berreskuratu eta moldatu zituen. Garai hartan idatzi zuen Liturgia negra sinfonia, eta obra horrekin Espainiako Musika Sari Nazionala irabazi zuen 1934an. Kuban, Manuel de Fallaren lagun egin zen, eta Alejo Carpentier idazle eta musikologoarekin ere izan zen.

Kubako Orkestra Filarmonikoa sortu zuen Sanjuanek, eta, horregatik, hango musika mugimenduaren sortzailetzat daukate Kubako musikariek. Hamar urte igaro zituen orkestra zuzentzen, Espainiara azken aldiz itzuli baino lehen. Hain zuzen ere, 40ko hamarkadaren hasieran AEB Ameriketako Estatu Batuetara joan zen Sanjuan, gerratik ihesi. Hil arte bizi izan zen AEBetan, bertako orkestrak zuzentzen eta unibertsitatean klaseak ematen.

Berreskuratzeko zailtasunak

EOSek zailtasunak izan ditu Sanjuanen obrak berreskuratzeko. Jon Bagues Eresbileko zuzendariak izan zuen musikariaren berri, eta EOSek Euskal Konpositoreen Bilduman gehitzea erabaki zuen. AEBetan musikariak duen familiarekin kontaktuan jarrita, obra garrantzitsuenak berreskuratzea lortu zuten. Diskoa bitan banatzea erabaki dute: lehen zatiak, Espainian igarotako denbora islatzen du Castilla sinfoniarekin, eta bigarrenak, Kuban idatzi zuen lanik garrantzitsuena jasotzen du; Liturgia negra, alegia.

Pilar Sanjuan musikariaren bilobaren esanetan, pozgarria da etorkizuneko belaunaldiek musikariaren lana ezagutzeko aukera izatea: «Asko pozten gaitu aitonaren obrak etorkizunean ahalko direla jakiteak. Uste nuen jadaniko galduta zegoela haren musika. Niri eta nire ahizpei solfeoa irakatsi zigun, eta pena handia ematen zidan hark egindako lan guztia desagertu egingo zela pentsatzeak. Disko honek berriz ere gure artera ekarri du».

EOSeko zuzendari Andres Orozco-Estradak gidatu du diskoa, eta denboran atzera egiteko ahalmena eman diela adierazi du. «Sanjuanen lana berreskuratzean, orduko kultura, musika eta antropologia ezagutu ditugu». Iñigo Alberdi EOSeko administrariaren arabera, diskoak«erbestean bizitako musikarien ondare aberatsa islatzen du». Horretaz gain, Alberdirentzat, «40ko hamarkadako Hollywoodeko estetika ikusgarria» gogora ekartzen du Sanjuanen musikak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.