Itxaso Araquek jaso du Agustin Zubikarai saria hiru narrazioko nobela batekin

'Damutzen ez direnak' bere lehen lana izango da, eta printzipio eta ekintzen arteko talka islatuko du

Erredakzioa
Donostia
2011ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Itxaso Araquek bere lehen eleberria argitaratuko du Agustin Zubikarai nobela-bekari esker. Izan ere, donostiarraren Damutzen ez direnak proiektuak irabazi du aurten Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten lehiaketa. Hiru istorioz osatua dago eleberria; hiru protagonistaz eta hiru hiriz. Stuart, Naroa, eta Andreas 30 urteren bueltan dabiltza, eta Londres, Bartzelona eta Berlinen bizi dira, hurrenez hurren. Ez dute antzik euren artean, baina antzeko bidegurutze existentzialean daude. Hari horrek lotzen ditu istorioak: printzipio idealisten eta eraiki duten bizimoduaren arteko talkak. Izan nahi ez zuten hura izatearen aurrean, onarpena edo ukoa aukeratu beharko dute pertsonaiek.

Iaz, Joxean Arregirentzat

Bederatzi urtez nobela laburren lehiaketa izan ondoren, iaz formatua aldatu, eta nobelak sortzeko beka bihurtu zuten Agustin Zubikarai saria. Joxean Arregik irabazi zuen lehen deialdi hartan, eta urriaren 5ean aurkeztuko du Zwei Frauen (Bi emakume), bekaren laguntzaz idatzi duen eleberria. Aurten, dozena bat lan aurkeztu dira, eta Araquerena hautatu du Leire Bilbaok, Xabier Mendigurenek eta Ana Urkiza idazleek osaturiko epaimahaiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.