LANKIDETZA
Tokiko kultur ekitaldiei esker, jaialdiko aurtengo programazioa asko aberastu da. Kolaboratzaileetako bat Lekeitioko Euskal Zine Bilera izan da, eta aurrerantzean haren antolaketa eredua hartuko du oinarritzat Kaleka-k. Jaialdiaren funtzionamendua aldatu nahi dute apurka, sektoreko profesionalen esperientzia eta ezagutza kontuan hartuta, udal ordezkariak eta tokiko profesionalak elkarlanean. Lekeitioko Arropaineko Arragua proiektuko gidariek ere lagundu dute antolakuntzan.Zarauzko Kalerki jaialdiarekin ere elkarlanean aritu dira, eta horrek hainbat konpainiaren lanak izatea ahalbidetu du. Aurtengo artistak Euskal Herritik, Espainiatik, Herrialde Katalanetatik, Singapurtik, Alemaniatik eta Txiletik etorriko dira.
27. jaialdian, izen berria jarri ez ezik, itxura berria ere eman diote, eta sare sozialetako kontuak estreinatu dituzte. Jaialdiaren antolatzaileek diotenez, kultura proiektu bat da; berrituz doa, eta «horri erantzun ahal izateko egitura bat eduki behar da prest».
Artisten lanekin harremana sortzea da Kaleka-ren helburua aurten; horretarako, parte hartzea sustatzen duten jarduerak bultzatu dituzte, eta alde batera utzi dute jaialdi formatua. Orain, «jaialdia zabalagoa izango da, eta diziplina ezberdinak edo kaleko arte ezberdinak batuko dira Lekeitioko kaleetan».
INTERAKTIBOA
Parte hartzea nabarmendu nahi izan dute aurten jaialdian; kalejira ugari daude programazioan, eta pare bat instalazio ere egongo dira.Zaborra puztu instalazioa, adibidez, eskualdeko hondakin plastikoez eginda dago, eta haiekin erlazionatzeko eta jolasteko aukera ematen du. Gainera, herritarren laguntza izan zuen kultur etxeak hondakin bilketan, plastikozko burbuila eraiki ahal izateko. Parte hartzeko aurrez izena eman behar da jaialdiaren webgunean.
Beste instalazio batean, Uribarren parkean, automaten funtzionamendua ikusi eta harekin esperimentatu ahal izango dute ume eta helduek.
Kalejira ugari ere egongo dira hurrengo egunetan Lekeition. Musika eta antzerkia nahastuko dituzte konpainiek; Pete & Pat ikuskizunean, bi txirrindularik pianista bat bultzatzen dute kalean zehar, eta geldialdi bat egiten duten bakoitzean, pianoa txotxongiloen teatrotxo bat bilakatzen da.
Ikuskizun horietan ere parte hartzea sustatuko dute; izan ere, antzerki ibiltarietan, aktoreak kaleko jendearekin interakzioan ibiliko dira.
Baina ekintza interaktibo horiek ez dira jaialdiko egunetan bakarrik egingo. Ekainean, herriko eragile, elkarte eta ludotekek jaialdian erabiliko dituzten letra erraldoi batzuk eraiki zituzten. Kaleka-k parte hartzea sustatuko du hurrengo urteetan ere: jaialdiak irauten duen egunetan eta baita aurreko eta ondorengo hilabeteetan ere.
TAILERRAK
Antzerki teknikak ikasteko aukera ere eskaintzen du jaialdiak; bai profesionalentzat eta bai esperientzia ez dutenentzat. Jaialdiak «sektore profesionalarekin duen harremanean lan egin nahi du», eta helburu horrekin sortu dituzte trebakuntza saio horiek. Arropaineko Arraguan egingo dira tailer guztiak.Murmuyo artistak banakako clown ikuskizunen sorkuntzarako hastapen tailerra emango du uztailaren 11n, 10:00etan. Horren helburua beldurra kentzea da, sorkuntza lantzea eta gorputzarekin emozioak komunikatzea. Maiya Murphyk, ordea, profesionalentzako tailerra bideratuko du: Gazing Eastwards, gaur, lauretan. Artista, irakasle eta ikertzaileak aurkezpen bat egingo du mendebaldeko antzerkiaren praktiken inguruan, eta, ondoren, saio praktiko bat egingo dute.
Bi eguneko tailer bat ere izango da jaialdiaren programazioaren barruan, uztailaren 12 eta 13an. LISPA eskolaren fundatzaile Thomas Prattkik parte hartzaileak animatuko ditu «gorputz emozio, bizitza artea eta gorputz fisikoaren gorputz poetikoaren arteko harremanak lantzera».
Horrez gain, jaialdia amaitzeko, zinema proiekzioa egingo da Uribarren parkean, jaialdiaren azken egunean, gaueko hamarretan. Azken lau urtetan Euskal Zine Bileran saridun izan diren lanen aukeraketa egongo da ikusgai.
Hurrengo urteei begira, Kaleka-k antzerkiarekin harremana izan nahi du, baina aurrerantzean lanak ez dira kale antzerkiak bakarrik izango. Publikoarekin eta inguruarekin egindako esku hartzeak nabarmendu nahi dituzte, eta, gainera, ekintza gehiago proposatuko dituzte urte osoan.