Bitxi samarrak. Rara avis-ak. «Orduan rock gogorrak eta triki-popak zuten indar handia». Hala gogoratzen du Lau Behiren esperientzia Mikel Azpiroz taldeko kide eta kantuen sortzaileak: «Gauza bitxi bat bezala sortu ginen, baina oihartzun pixka bat izan genuen; batez ere, bluesa eta rock -and-rolla gustuko zutenen artean. Eta hor euskaldunak ere baziren». Hori izan baitzen Lau Behiren apustua 1994an sortu zenean: rock-and-rolla, rhythm and bluesa, funkya, popa eta beste uztartuko zituen proposamena euskaraz ematea. «Esango nuke jarraitzaile melomanoak zirela gureak, musika asko entzuten zutenak eta informazioa bilatzen zutenak».
2001ean aktibo egoteari utzi zion Lau Behi taldeak. Haserrerik ez zen izan tarteko, baina bai nekea eta proiektu berriei ekiteko gogo eta ilusioa. Hamabost urte geroago, berriro elkartu dira Txenan Calvo (gitarra), Alberto Bosch (baxua), Juanra Etxaburu (bateria) eta Mikel Azpiroz bera (teklatuak). Taldeak iraun zuen zazpi urteetan (1994-2001) plazaratutako lau diskoetako kanturik enblematikoenak biltzea izan zuten lehen helburua. «Lau lan haietatik hiru IZ diskoetxeak atera zituen. Itxi zuten diskoetxea, eta diskoak deskatalogaturik geratu ziren. Disko horiek ezin dira lortu egun, nahiz eta kantu batzuk irratian entzuten diren oraindik ere. Interneten ere ez daude eskuragai. Pena da egin genuen lan hori eskuragarri ez izatea. Onenak diskoa kaleratzeko arrazoi nagusia hori izan da: Lau Behik egindako musika eskuragarri izatea, bai orduko zaleek, bai gerora sortu direnek». .
Lau behi (1995), Merke eta ona (1996) eta Bi (1996) izan ziren IZrekin errenkadan kaleraturiko hiru diskoak. Oihukarekin plazaratu zuten Emakume interesgarriak (2000) epilogoa. Donostian eta inguruetan aritu ziren batik bat urte haietan, baina Euskal Herriko hamaika txokotan ibiltzeari muzin egin gabe. «Hogei urte pasatxo genituen, sasoian geunden, edozertara moldatzen ginen. Izugarrizko gogoa eta adrenalina genuen. Nafarroan, Iparraldean, Gipuzkoan aritu ginen; tabernetan, gaztetxeetan, festetan, klubetan... Ez ginen batere selektiboak orduan. Sekulako irrika genuen jotzeko».
Hamalau kantu bildu dituzte Onenak lanean, eta Azpirozek berak sortutako Mamusik zigiluarekin kaleratu dute. Taldeari izena eman zion diskokoak dira Hegan egin nahi dut, Neronekin ordaintzen, Giro beroa eta 80. Mendea. Bi diskokoak dira Askatasunik, A Ha, Berdin da, Presio gehiegi eta Ume eroak; eta Emakume interesgarriak lanak zekartzan Ai ama, Gaur gauean eta Ez dakit. «Oso erraz jarri ginen ados. Bilduma bat izan arren, entzuteko orduan energia maila bera izan zezatela kantuek, hori zen kontua. Hasieratik bukaerara disko borobil bat egiten saiatu gara».
Diskoa «ariketa nostalgiko hutsean gera ez zedin», beste bi abesti berriago ere batu dituzte: Positiboan eta Hogei urte. «Bi kantu horiek tiraderan gordeak genituen, duela urte batzuk konposatu bainituen. Egungo nire proiektuetan ez ziren sartzen bi kantu horiek, rock eta pop lengoaia baitute».
Mikel Azpirozek, egun, Elcano Browning Cream jazz-funk-blues taldea gidatzeaz bat, eta Jabier Muguruzaren albo-alboko kolaboratzaile izateaz bat, bakarkako bi disko intimista kaleratu ditu azken urteetan, pianoa lagun hartuta: Gaua (2013) eta Zuri (2016). Txenan Calvo eta Alberto Bosch Los Patos taldeko kideak izan ziren 1980ko hamarraldian. Etxaburuak musika utzi zuen Lau Behiren istorioa amaitu ondotik, eta Bosch Javi P3zek gidaturiko Triz3ps taldeko kide izan da oraintsu arte. Azpirozekin berarekin batera, Parafunk soul-funk-dub talde dotorean aritu ziren bi horiek lehenago —Mikel Abrego bateria jotzailea izan zen laugarren kidea—.
Hamabost urtez bildu gabe egon dira lau kideak. Disko berria aitzakia izan dute, berriro elkartu ez ezik, musikaren arra barrenean sentitu eta zuzeneko bat prestatzeko ere. Donostiako Viktoria Eugenian emango dute kontzertua, bihar (19:00etan). «Lau Behirekin sekula ez genuen jo areto horretan». Kontzertu bakarra egitea dute nahia, baina ezin erabat ezeztatu besterik izango ez denik. «Asmoa ez da berriz ere taldea martxan jartzea. Asmoa ez da bira bat egitea, baizik eta zuzeneko emanaldi bat egitea, baina aukera erabat itxita dagoela ere ezin genezake esan», zehaztu du Azpirozek.
Bien bitartean, laurak gustura ari dira asteon Donostiako Tabakaleran zuzeneko kontzertua prestatzen. «Denbora igaro ez balitz bezala da, eta lehen bizi izandako sentsazioak hor daude. Elkarrekin jotzean pizten den su txiki hori ez da itzali, eta oso polita da hori».
KONTZERTUA
Taldea: Lau Behi.
Non: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia.
Noiz: Bihar, 19:00etan.
Itzali ez den su txikiaren berora
Lau Behi taldeak 1994tik 2001era ateratako lau diskoetako kanturik enblematikoenak bildu ditu 'Onenak' lanean. Emanaldi bakarrarekin aurkeztuko dute bilduma berria, bihar, Donostian

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu