Bazekien bere lekua zein zen. Eskola garaietako jantziak soinean eraman, eta gitarrarekin riff izugarriak jaurtitzen zuen anaiaren alboan, Malcolm Youngi beti egokitu zitzaion rol apalago bat. Ez garrantzi txikiagokoa, ordea. Angus anaiarekin batera, AC/DC sortu zuen 1973an, eta 2014an, osasunak behartuta, taldea utzi zuenera arte, Australiako boskotearen ezinbesteko pieza izan zen. «Konpositorea, gitarrista, interpretea, ekoizlea eta jende askorengan eragin zuen aitzindaria». Horrela definitu du anaia Angusek taldearen Facebook-eko orrian, eta ondo adierazten du Malcolm Young zer izan zen. Itzaletan ezkutatu zen gidari bat. Atzo jakinarazi zuten musikaria hil dela. 64 urte zituen, eta duela hiru dementzia diagnostikatu zioten. Orduan utzi zion gitarra jotzeari.
Musika talde gutxi izango dira hain soinu bereizgarria dutenak. AC/DC-ren kantu bat entzun, eta ezinezkoa izango da, ziur aski, beste inorekin nahastea. Nahiz eta bere historian izan dituen bi abeslari nagusiek, Bon Scottek eta Brian Johnstonek, ezaugarri ezberdinak izan. Eta soinu hori, artean modu primitiboan bada ere, hasiera-hasieratik izan zen taldearen ezaugarri bat. Bluesetik bai, baina batik bat boogietik edaten zuen rock-and-rolla erritmo pisutsuekin eta hastapenetan zegoen hard-rockarekin uztartzen jakin zuen taldeak, eta soinu hori, gitarra riff sutsuek lagunduta, taldearen nortasun zeinu izan da harrezkero. Angusek gitarra solistaren rola hartu zuen bezala, Malcolmek gitarra erritmikoa hartu zuen lanabes.
Eskoziatik Australiara
Malcolm, Angus eta beren bost anai-arreba 1963an iritsi ziren krisi betean zegoen Glasgowtik Sidneyra (Australia), eta anaietako batek, Georgek, berehala erakutsi zuen musikarako zaletasuna. The Easybeats sortu zuen, The Beatlesen eraginpean, eta mundu erdian izugarrizko arrakasta lortu zuen Friday on My Mind kantuarekin. Horren, eta etxera Little Richarden nahiz Chuck Berryren diskoak iritsi izanaren ondorioz, Angus eta Malcolm berehala hasi ziren beraiek ere gitarra jotzen eta lehenengo taldeak osatzen. AC/DC sortuta, eta hainbat musikarirekin aritu ondoren, 1975erako taldea egonkortu zen Bon Scott (ahotsa), Mark Evans (baxua) eta Phil Ruddekin (bateria).
Lehenengo urte haietan taldearen soinua finkatu zuten diskoak grabatu zituzten: High Voltage (1975), TNT (1975), High Voltage (1976) —lehenengo bi diskoetako kantuak biltzen zituen argitalpena—, Dirty Deeds Done Dirt Cheap (1976) eta Let There Be Rock (1977). Disko biziak dira guztiak, rock-and-rolla ulertzeko modu bat adierazten dutenak. Oinarrizkoak nahi bada, baina erabat zuzen eta eraginkorrak. Powerage (1978) eta ezinbestean grabatu beharreko zuzenekoaren ondoren —If You Want Blood You've Got It (1978)—, taldeak bere gailurretako bat lortu zuen: Highway to Hell (1979). Disko ezinbestekoa izan zen hura —gaur egun ere, euren disko onena da askorentzat—, taldearen oihartzuna biderkatu zuelako, baina baita AC/DCrentzat mugarri bat markatu zuelako ere. Europan nahiz AEBetan arrakasta lortuta zegoen ordurako taldea, baina 1980ko otsailaren 19an tragedia gurutzatu zen taldearen ibilbidean. Bon Scott intoxikazio etiliko baten ondorioz hil eta abeslaririk gabe gelditu zen AC/DC. 33 urte zituen Scottek.
Taldearekin segitzea erabakita, Brian Johnson ingelesa batu zitzaien Scott ordezkatzeko, eta berehala grabatu zuten taldearen disko arrakastatsuena bilakatuzena: Back in Black. Gaur arte, lan horren 50 milioi ale saldu dira mundu osoan —Michael Jacksonen Thriller-ek baino ez du gainditzen kopuru hori—. Taldearen lan ezagunena izan arren, bada nolabait baita tristeena ere, Bon Scotten heriotzak zipriztintzen duelako lan osoa.
For Those About to Rock (1981) diskoak baliatu zuen aurreko lanaren oihartzuna, nahiz eta kritikaren aldetik hasi zitzaizkion taldeari kontrakoak ere azaltzen. Joera hori mantendu zen hurrengo diskoetan —Flick of the Switch (1983), Fly on the Wall (1985)—, eta salmentak ere jaitsiz joan ziren, poliki-poliki, baina hurrengo hamarkadan garai onetako estatusa berreskuratu zuten australiarrek The Razors Edge (1990) eta Ballbreaker (1995) lanekin.
Taldearen argitalpen erritmoa asko jaitsi zen ondoren, eta Malcolm Young lehen osasun arazoak izaten hasi zen. 2008an minbizia zuela jakinarazi zuen, baina Black Ice biraren ondoren ebakuntza egin zioten, eta sendatuta zegoela adierazi zuen gitarristak. Sei urte geroago, ordea, betirako utzi behar izan zuen taldea, medikuek dementzia diagnostikatu baitzioten.
Gauzak zer diren, orain dela hilabete eskas hil zen bere anaia George.
Itzalpeko gidaria
Bere anaia Angusen distirak bigarren mailan jarri zuen beti Malcolm Young. AC/DC-ren soinua marrazteko ezinbesteko pieza izan zen, ordea. Taldea utzi eta hiru urtera zendu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu