Kazetari, gonbidatu, langile eta erakundeetako kargudunen (Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea, Miren Azkarate Donostiako Udaleko Euskara eta Kultura zinegotzia, Miren Arzallus Etxepare Institutuko zuzendaria, Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendaria...) artean 200dik gora lagun bildu dira Donostiako Tabakaleran gaur goizean, Donostiako Zinemaldiko 65. edizioaren lehen aurkezpena egiteko; sail guztietako kartelak aurkeztu dituzte, eta bestelako xehetasun batzuk aletu dituzte. Ez atzera begirako tematikoaren berririk, ez eta Donostia Sarien berririk, oraingoz.
Baina kartelen berri eman aurretik, Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak ohar bat irakurri du, azken boladan Itziar Ituño aktorea pairatzen ari den boikota arbuiatu eta hari babesa emateko. "Zinemalditik behin baino gehiagotan azaldu dugu Zinemaldia askatasun eta errespetuzko eremu bat izateko gure desioa, non edozein diskurtso adieraz daitekeen. Baldintza bakar batekin; diskurtsoa beste diskurtso eta iritziekiko errespetuzkoa izatea, eta muga bakar batekin, lege eta giza eskubideek ezartzen dutena. Inoiz ez dugu inongo boikotetan parte hartu nahi izan, eta ez dugu orain egingo. Ideia ezberdinak, partekatzen ez direnak, hizketarekin eztabaidatzen dira, errespetuzko eta askatasunezko konfrontazio ideologikoarekin. Ezin dira filmak edo lan artistikoak epaitu bertan parte hartzen dutenen iritzien arabera. Horregatik guretzako horren garrantzitsua den egun honetan Itziar Ituñorekin bat egin nahi dugu eta baita bere ideiengatik boikota jasaten ari diren beste aktoreekin, direnak direla, munduko edozein herrialdeetan".
Itziar Ituño La casa de papel telebista saioko (Atresmedia) aktore protagonistetako bat da; zenbait sektore eta hedabide espainiarzaleetatik saio hori bikoteatzeko deia egin dute azken egunetan, aktorea publikoki agertu izan delako euskal presoen eskubideak bermatzearen alde.
Sail Ofizialeko kartela, Husmee estudioarena
Donostiako Husmee disienu grafikoko estudioak diseinatu du Sail Ofizialerako hautatutako proposamena. Kartela 24 fotogramako erretikula batez dago osatua, "eta bertan 65 zenbakiaren istorio moduko bat kontatzen da", estudioko arduradunek azaldu dutenez. "Kartelak, mozketa eta muntaketaren kontzeptuekin jolasteaz gain, erritmoaren eta mugimenduaren ideia ere iradokitzen du euskarri guztietan". Zinemaldiaren irudia osatzeko gonbidapena jaso duten sona handiko estudioen eta diseinugileen zortzi proposamenen artetik aukeratu dute Husmee estudioaren kartela.