Literatura

Izan asko ditu Leturiak

Eta herri bakoitzak, garai eta testuinguruaren kronika intimoa delako, irakurle gazte guztien ohe ondoan egongo den bere 'Zekale artean harrapaka' balu? Herbehereetako gazte askorentzat, urteetan, Gerard Reveren 'De avonden' izan da gau-mahaiko liburu hori. Acantilado argitaletxeak 'Las noches' titulupean argitaratu du.

Jon Benito.
2011ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Herbehereetako nobela nazionala izan da De avonden, literatura, modu batez, heldu berria zen bizitza modernoaren joskerara moldatu zuelako, baina, bereziki, gazte belaunaldi baten barne bulkadarekin bat egin zuelako. Idazteko moduarengatik izan ordez, idazten zuenagatik izan zuen irakurlearen babesa. Revek ulertuko zuenez, modernoa ez zen hainbeste estetika edota estiloa, mezua zen halako bilakatzen zuena.

Lehen lan hau Revek 24 urterekin idatzi zuen, 1947an, artean handinahikeriarik ez zuela. Gurasoen zigorrak beldurtuta bizi zen belaunaldi oso bat dardaraka jarri zuen, narrazio bat, hitzen kutxaz harago, sentimendu kolektiboaren bozeramaile bilakatuta. II. Mundu Gerratik atera berri zen jendartea zen hura, eta Eliza katolikoak garrantzi handia zuen, giza balioetan bezala komunitatearen funtzionamenduan. Pertsonaiaren asperdura, etorkizunarekiko ilusiorik eza eta bakartze errebelio bat ziren komunitatearen balioetan, nahiz errebelio hori pasiboa edo intimoa zen.

Herriaren idazlea

Reve definitzeko, haren jaioterrian, herriaren idazlea izengoitia erabiltzen da. Arestik idatzi zuen bezala, «herriaren ahotik (edo sentimendutik) harturikoa hari itzuli» zion, eta horri zor zaio, nagusiki, horrela ezaugarritzea. Kritikarientzat, De avonden haren libururik onena izango zen literatur mailari dagokionez; irakurlearen buru-bihotzen ustetan ere bai. Handik aurrera haren literatur ibilbideak behera egin zuela esaten da, gizonezko izan eta beste gizonezkoekiko maitasunaren etiketa baliatuz haren gainerako lana gutxiesteko.

De avonden lanak gerra osteko giroan zapart egin zuen bonba bat izan zen, baina (gizartean izan zuen oihartzunagatik eta irakurketak bakoitzari ekarri zion esperientziagatik), eta horregatik gogoratzen dute. Hiroshiman bonba nuklearra leherrarazi ostean Japonia berrasmatu edota abstrakzioa gerraren noraezaren salaketa eta hizkuntza berri baten aurkikuntza izan zen bezala (lehengoa ukatzeko), Revek ere, ordura arteko Herbehereetako kulturarekin gauza bera egin zuen, jendartearen barne bulkada papereratu eta indibiduoaren (askea?) bakartasuna kontatuz, deskribatuz eta azaleraziz. Asperdura existentzialaren herbeheretar bertsioa zen: Leturia arrotz bat da Euskal Herriko irakurlearentzat, baina Frits ere (hala da pertsonaia), arrotz da bere buruarentzat. Nazkatua, eguna joaten utzi beste helbururik gabe bizi da. Hustasun hori XX. mendearen bigarren erdiko gaitzik larriena izango zen. Eta herbeheretarrek bizi zuten, baina ez zuten ordura arte kontatu.

Frits Herbehereetan, Frits Euskal Herrian

Gerratik zetozen belaunaldi eta Elizaren erakundeentzat blasfemia zena, gaztearentzat ispilu zen. Liburuak haien barruko harrez hitz egiten zuen, ez zuen iraganaren zamarik. Porrotetik zetorren eta helburu garbirik ez zuen jendarte baten taupadak deskribatzen zituen, jarraika-jarraika. Horrek bihurtzen zuen klasiko eta, aldi berean, ahaztezin, kultura, hizkuntza eta garai bateko jendearentzat. Baina Bilbon edo Laudion, La Hormiga Atomican edo Hontzan lan hau eskuratzen duenarentzat, testuinguru historiko eta kulturalak nabarmen aldatu direlarik, zer balio du liburu honek? Ziurrenik duela urte asko izan zuen berbera.

Frits Van Egters, protagonista,23 urte dituen eta gurasoekin bizi den gazte arrunt bat da. Etorkizunik ez eta ikusten duena ere grisa eta sentimendurik gabea iruditzen zaio; amaitu zaizkio bizi-grina guztiak. Nobela irakurtzera jartzen denak, narrazioarekin jarraitu ahala, protagonistak errebelazio edo barne ekaitz eraldatzaile bat biziko duela uste du, baina horixe da Reveren bertutea: ez da ezer gertatzen. Ezerk ez du pertsonaia errutinatik ateratzen, arraina bere ontzian dago, eta ez da irteten ez eta irtengo ere. Urtea amaitzeko falta diren hamar gauak deskribatzen ditu: lanaren aipamenik egin gabe, bere denbora librean, bere buruarekin eta jendartearekin bakarka dagoenean pentsatzen eta egiten duena (eta egiten ez duena) da gatazka bakarra: kalera irten, zinemara joan, taberna batean mozkortu, jendearekin egon... Aisialdiak mila aukera dituen arren, ezerekin ez da gozatzen, ezerk ez dio barrena pizten. Jendearekin hitz egiten du, baina elkarrizketa horiek ere sinpleak eta arruntak dira, apenas duten traszendentziarik, heriotzaz edo eritasunez hitz egin arren.

Kafka eta Bartleby

Surrealismoak eta umoreak ere lekua badutenez, Kafka aipatzen da Reveren erreferente nagusi modura, baina honek «erruduntasun» sentimendurik gabe idazten du. Ez du Fritsengatik errukirik sentitzen, automata bat balitz bezala jokarazten dio. Kafkaren Metamorfosia-n legez, Frits bi hankako zomorro bat da inguratzen duen jendearen eta ohituretan. Ez da inongo ez inoren sentitzen, eta arroztasunak ematen dizkion begiekin erreparatzen dio inguruari: nola antolatzen den jendartea, zein diren haren helburu eta nahiak eta zergatik diren horrelakoak jartzen du paper gainean, bere asperdura eta nekearen ondoan kontraste eginez. Eta errebelio pasibo bat den hautua ere egiten du: alda daiteke, beste guztiak bezalakoa bilakatu, haien nahi eta proiektuak partekatu, baina nahiago du bazterrera geratu, bere baitara itxi, egunak nola joaten diren ikusi, ezer egin gabe. Zentzu horretan, Bartleby bat da: aukeran nahiago du ez egin.

Inork pentsa lezake norbanako modernoaren bakartasunaz ari den liburua derrigorrean tragikoa dela, pertsonaren mugez eta ezinez ari delako. Revek, aldiz, bere inozentzian, tristea dena jostagarri bilakatzen du; tragikoa dena, ziniko. Horrela heldu zen belaunaldi oso batengana, eta horrela heltzen da irakurlearengana. Duela 60 urte baino gehiago, jende askoren korapiloari aterabidea emanez; egun, gazte askoren desosegu sentimendu unibertsala dena islatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.