Zuek eta biok ederki dakigu, egun, Jules Winnfieldek trakets aipatzen duela Biblia Santua. Zeluloidearekiko inozo samarrak gineneko garai haietan, berriz, zinez sinetsi genuen Samuel L. Jacksonek zuzen errezitatzen zuela Ezekielen liburuko 25. ataleko 17. bertseta. Egia esan, buruz ikasi genuen eta oilar puztu moduan ibiltzen ginenero, ozen errepikatzen genuen. Gure uste (usteletan ai!) hitzez hitz, esaldiz esaldi errepikatu ere: «The path of the righteous man is beset on all sides by the/ Inequities of the selfish and the tyranny of evil men/ Blessed is he who, in the name of charity and good will/ shepherds the weak through the valley of darkness/ for he is truly his brother's keeper and the finder of lost children/ And I will strike down upon thee with great vengeance and furious/ Anger those who attempt to poison and destroy my brothers/ And you will know/ My name is the Lord when I lay my vengeance upon thee» (Alde guztietatik setiatzen dute berekoien bidegabekeriak eta gaiztoen tiraniak gizon zintzoaren xenda. Bedeinkatua izan bedi karitatearen izenean eta gogo onez, iluntasunaren haranean zehar ahulak gidatzen dituen hori. Bera baita anaiaren zaintzailea eta galdutako haurrak aurkitzen dituena. Anaia nireak suntsitzen saiatzen diren horiek furios eta mendekatzaile kolpatuko ditut. Nire mendekua zure gainean erortzean, ohartuko zara ni naizela Jauna).
Salmodia gisa esaten genuen osoz, arkanbele kanta batean, giradiskoan Chuck Berryren You Can't Never Tell entzuten zen bitartean.
Ezekiel 25, 17. Izan zen, izan ere, izen hori eta bi zenbakiak besoan tatuatu zituenik. Nola ez ba? Bihurtu baitziren aro baten erreferentzia. Denbora eta pelikulak joan ahala, egiak jo gintuen seko. Eta min eman. Arrats batean Elizen Arteko Biblia hartu genuen. Kasualitatez, nahita edo auskalo zer motatako patuak bultzaturik, 650. orrialdera jo genuen, hantxe hasten baitzen Babiloniako erregeen kontra jardun zuen profetaren liburua. Bilatu genuen 25. atala, eta 17. bertseta irakurtzeari ekin. Zelako sorpresa gurea! Ez zuen inolaz ere esaten guk buruz eta bihotzez genekiena, larruazalean tatuaturik genuena, baizik eta «Filistiarren kontra ekingo diot [...]. Gogor mendekatuko naiz beraien kontra, zigor sumina jasanaraziko diet, eta beraien kontra mendekatuko naizenean, orduan jakingo dute ni naizela Jauna».
Orain badakigu bertset horiek ez direla existitzen, baina berdin digu. Tarantinok eta bere (t)aldeko guztiek eskubide osoa dute Biblia berria asmatzeko. Ez zuten, ba, gauza bera egin zinemarekin? Ez al zuten berrasmatu 1994. urte hartan?
Pelikulan aldarrikatzen den argitasun unea, alkoholikoek bide izan ohi dutena, momentu hartantxe izan genuen guk. Orduantxe entenditu genuen dena, Quentin Tarantinok ziria sartu zigun. Goiz, oso goiz sartu ere. Bere bigaren filmean. Duela 31 urte jada. Biblia berridatzi zuen eta gu, zorioneko (sorioneku) harrapakinak, belauniko entzun eta lurrera erori. Hirutan-edo erori, hain zuzen ere. Hirutan botatzen baitu diskurtsoa Jules Winnifieldek. Azkena, aipatu argitasun unea izan ondoren. Baina noiz du momentu seinalatu hori? Ba Pumpkin (Kalabaza) eta Honey Bunny (Untxitxo eztizkoa) Jules bera eta Vincent lankidea dauden kafetegian lapurreta egiten saiatu orduko. Eta zergatik izan du kafe ona gustuko duen eraileak argitasun seinale hori? Horren guztiaren aurretik zazpi aldiz edo egin baitio tiro mutil batek eta bala batek ere ez baitu ukitu. Miraritzat jo du asuntua eta, ondorioz, madalena bat kafearekin eta Prousten antzera jaten ari dela, bere soldatapeko hiltzailearen ofizioa bertan behera uztea eta kaminoetara herrari ateratzeko erabakia hartzen du...
...Bedeinkatu behar baitugu «karitatearen izenean eta gogo onez, iluntasunaren haranean zehar ahulak gidatzen dituen hori».(Gezurretan ari bada ere)
Orain badakigu bertset horiek ez direla existitzen, baina berdin digu. Tarantinok eta bere (t)aldeko guztiek eskubide osoa dute Biblia berria asmatzeko. Ez zuten ba gauza bera egin zinemarekin? Ez al zuten berrasmatu 1994. urte hartan?
Datorren astelehenean, Donostian Harkaitz Canok eta beste zenbait gonbidatuk zinemaren eta pop kulturaren arteko loturak aztertuko dituzte euskaraz, Pulp Fiction ingelesez entzun eta azpitituluak gaztelaniaz irakurri ondoren. Engainutan arituko ote diren? Deabruak daki... Harkaitzek eta Maria Elorzak Tabakaleran gidaturiko tailer batzuetako aurkezpenean ez al genituen ba honako lerro hauek leitu? «Italiako herri ttipietara proiektore ibiltariak lehen aldiz heldu zirenean, bere lehen pausoak ematen ari zen arte berri hark zinema izena zuela ez zekitelarik artean, neurri-neurrira bataiatu zuen herri xeheak asmakizun liluragarri hura: izarako endredoa (L’imbroglio nel lenzuolo). Definizioa ezin hobeto ekarria zegoen, egiaz: zer da zinema, zapi zuri baten gainean gertatzen den katramila ez bada?».
