Zinema. Estreinaldiak

Izan ez den eskandalua

'Nymphomaniac'-en bigarren partea estreinatuko du Lars von Trierrek, lehenaren kritika onen ostean

Nymphomaniac-en bost orduetatik 124 minutu bigarren zatikoak dira.
Gontzal Agote.
2014ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Lars von Trierrek ez du inor axolagabe uzten. Dela bere izaeragatik, dela bere pelikuletan lantzen dituen gaiengatik, denen ahotan izaten da beti zuzendari daniarra. Aldekoek zein kontrakoek sustatuta, egiten duen proiektu bakoitza ia ezinbestean polemikarekin lotzen da berehala. Ez da ukatu behar saltzaile ona dela von Trier eta bera dela bere filmek duten marketinik onena.

Nymphomaniac azken proiektua horren adibiderik argiena da. Film pornografiko bat egiteko asmoa zuela iragarri zuenetik —hasieran horixe izan baitzen filmari eman zion definizioa— ikusmin ikaragarria sortu zen. Charlotte Gainsbourg, Shia Labeouf, Uma Thurman, Jamie Bell eta beste aktore askok parte hartuko zutela jakin zenean, berriz, ikusmina morbo hutsa bilakatu zen.

Gainerakoa ezaguna da. Zuzendariak bost orduko filma egin behar zuela adierazi zuen. Inork ez zion sinistu, ahobero izatea leporatu zioten orduan. Von Trierrek bereari eutsi, eta gaur egun inongo zuzendarik lortzerik izan ez duena egin du: bost orduko filma egin, eta hura bi partetan estreinatu, hilabeteko tartearekin.

Askoren harrigarri, Nymphomaniac-en lehen parteak oso kritika onak jaso ditu, eta, gainera, ez da sortu batzuek iragarria zuten eskandalua. Izan ere, pelikula honetan, Von Trierrek beste gauza askoren inguruan hausnartzeko baliatu du sexua. Orain, bigarren partearekin lehenengoaren mailari eusten ahal diola demostratu behar du.

Negu beteko gau hotz batean, adineko gizon ezkongabe batek emakume gazte bat ikusiko du kalexka batean, eta etxera eramanen du. Emakumeak ninfomanoa dela aitortuko dio, eta bere istorio kontatzeari ekinen dio. Solasaldi luzean, bere bizitzari begiratua eginen dio.

'NYMPHOMANIAC: VOLUME II'

Zuzendaria: Lars von Trier. Aktoreak: Charlotte Gainsbourg, Stellan Skarsgård, Stacy Martin, Shia LaBeouf, Connie Nielsen, Jesper Christensen, Uma Thurman. Herrialdea: Danimarka.

Urtea: 2013.

Iraupena: 124 minutu.

Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.