Oihane Zuberoa Garmendia
Lauhazka

Izan gaitezen pixka bat inurri eta asko bat txitxar

2024ko urtarrilaren 21a
05:05
Entzun

Sarritan gertatu ohi da sekula entzun gabeko zerbait edo norbait behin ezagututa, leku askotan harekin topatzea. Kotxea erostekotan zaudenean bezala, bat-batean begiz jota duzuna leku guztietan ikusten duzu. Edo hanka apurtu eta makuluetan ibili behar duzunean, jende herrena barra-barra ikusten hasten zara. Edo burusoiltzen hastean: kalea burusoiltxoz beteta dagoela ohartzen zara. Antzeko gertatu zitzaidan Paul Lafarguerekin.

Duela hilabete batzuk ikasleekin marxismoa lantzen hasi, eta harekin lotzen ziren pertsona, kontzeptu eta gertakariak arbelean idazten ari ginela, izen hau bota zuen batek: «Paul Lafargue, ez dakit f bakarrarekin edo bi f-rekin».Galdetu nion ea nor zen –lotsa punttu batekin, aitor dut–, eta beste batek erantzun: «bera izan zen marxismoa Espainiara ekarri zuena, historian eman genuen aurreko gaian». Eta hirugarren batek erantsi: «A, bai? Benetan? Puesnomesuena».

Laura Marxen senarra bera, Karl Marxen suhia alegia, Kuban sortu eta Frantzian hil zen. Hasiera batean Proudhonen alde lerratu bazen ere, Marx ezagutu ostean haren ideiak zabaltzen ibili zen han-hemen. Laura emaztearekin batera bere buruaz beste egin zuen, berak 69 eta emazteak 66 urte zituela. Baina hau guztia aurrerago jakinen nuen.

Ikasgelan haren berri izan eta gutxira, lagun batek gomendatu zidan haren liburua: Alferkeriarako eskubidea. (Ni jada Paul Lafargue ezagutzeaz harro, gainera). Eta hortik gutxira, etxean garbiketa egiten, Público-ko edizio bat aurkitu nuen, hartz nagi bat agertzen zelarik lehen orrialdean eta Charles Chaplinen Garai modernoak pelikulako fotograma kontrazalean.

Xumeki azaldurik, bere garaian burgesiak bultzatu duen lanarekiko adorazioa kritikatzen du. Miseriazko bizitza ekarri omen du lanaren adorazioak. Eta langileak ez dira horretaz jabetu; burgesia ez ezik, langileria ere bere lana gurtzera iritsi dela ohartarazten du; horrek langileriaren lan baldintza prekarioak betikotzen dituelarik. Nagikeriaren defentsa egiten du ordainetan: igande alfertsuaren gurtza, aisiaren goraipamena, lanaren gehiegizko maitasunaren arbuioa, pasioaren eta gorputzaren ospakizuna… Nonbaiten irakurri nuen Lafargueren asmoa hedonismoa eta komunismoa batzea zela (antza, haren izaera hedonista hori, zeina batzuek haren jatorri kubatarrarekin lotzen duten, ez zen bereziki ongi ikusia izan marxismoaren zirkulu askotan).

Gure hizkuntzan ere kosta egiten zaigu nagikeriari gorazarre egitea. «Me da pereza» hori, euskaraz, zer zaila egiten zaigun: «nagiak jota egon». Katarroak jota ala buruko minak jota egotearen pareko, gaixotasuna balitz bezala tratatzen du gure gramatikak. Zergatik ez dugu esaten «gogoak jota nago»? Izan ere, iruditzen zait askotan gogokeria izan daitekeela gogotsu egote hori; bertute baino, bizio.

Nire intuizioa kontrastatzeko, Google-n egin dut bilaketa: «Nagiak jota egon» bilatu, eta 10.500 emaitza agertu dira 0,34 segundotan. «Lanerako prest egon»: 20.800.000 emaitza 0,41 segundotan. Argia da aldea: gehiagotan esaten dugu lanerako prest gaudela nagiak jota gaudela baino. Bi ondorio atera daitezke hemendik. Lehena: langile finak garela, inurri espiritua dugula, alegia. Bigarrena: ez diogula geure buruari onartzen alferkeria, are gutxiago publikoan; kristauak izan ala ez, bekatu kapital kutsua hartzen diogula oraindik ere lana ez egiteari, alferrikakoak diren aferetan endredatzeari.

Paul Lafarguek lanaren izaera kaltegarriaz ohartarazi zuen duela 200 urte. Buruan zituen 12 orduko lanorduak fabrikan. Egia da egun ez ditugula halako lanak (edo, bederen, gutako askok ez, igande goizean BERRIAko gehikari kulturala irakurtzen dugunok), eta pentsa daiteke, beraz, guk ez dugula alferkeriarako eskubiderik: gure lanak sortzaileak dira, guk maite ditugunak, pertsona gisa hazten laguntzen gaituztenak, bokazionalak… Susmagarriak hitzok. Hain zuzen, uste dut tranpa antzekoan erortzen gabiltzala: lana atseginagoa izanagatik, harekiko maitasun eta konpromisoa duela 200 urtekoa bezain itsua eta kaltegarria izan daitekeela; lanaren erromantizazio horrek lanera kateatzen gaituela, zer esanik ez lan hori zaintzarekin lotua bada.

Lafargueren liburuko pasarte batean dio Jehovak 6 egunez egin zuela lan, eta hortik aurrera atseden eternoa hartu zuela. Sinestuna izan ala ez, egin diezaiogun apur batean kasu Lafargueri: har dezagun atseden. Izan dadila igande santu hau alferkeriaren alfertasunaz gozatzeko eguna. Ez dezagun deus egin (ez bada artikulu hau irakurri). Eskaini diezaiogun posizio horizontalari normalean bertikalari eskaintzen diogun denbora eta adorazioa. Abes dezagun alferraren kanta lagunekin. Goza dezagun dolce far niente-az. Gloria Fuertesen hitzei jarraiki, izan gaitezen pixka bat inurri eta asko bat txitxar.

John William Waterhouse artistaren 'Dolce Far Niente', 1879koa
John William Waterhouse artistaren 'Dolce Far Niente', 1879koa

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.