Zinema estreinaldiak

Izan zirenek utzitakoa

Alice Rohrwacher italiarraren 'La chimera' izeneko lan berriak antzinako hilobietatik artelanak lapurtzen dituen talde baten istorioa kontatzen du.

Alice Rohrwacher zinemagilearen 'La Chimera' filmeko fotograma bat.
Alice Rohrwacher zinemagilearen 'La Chimera' filmeko fotograma bat.
Uxue Arzelus Lasa.
2024ko apirilaren 17a
05:00
Entzun

Arthur gazte ingelesa Tusciara itzuli da, Beniaminaren jaioterrira. Beniamina Arthurren maitalea zen, baina jada ez dago bizidunen artean. 1980ko hamarkada da, eta Arthur tombarolli talde bateko kide da. Antzinako hilobi eta aztarnategi arkeologikoak lapurtzen dituzte, bertan topatutako etruriar altxorrak arte merkatu ilegalean saltzeko asmoz. Arthurrek halako altxorrak aurkitzeko dohain bat dauka: hilobiak non dauden jakin dezake lurra zulatu gabe. Baina gazteak ez du dirua bilatzen, eta ez dirudi gehiegi axola dionik egun batean bere taldekideek carabinieri-ak atzetik zituztela Arthur atzean utzi eta kartzelan amaitu izanak ere. Hileta objektuen artean topatzen dituzten bitxien edertasuna miretsi nahi du Arthurrek; hori eta Beniaminarekin berriro ere elkartu.

Alice Rohrwacher italiarrak filosofia eta literatura ikasi zituen Turingo Unibertsitatean. Zinearekin izan zuen lehen kontaktua dokumentalgintzarekin izan zuen, baina laster ohartu zen ez zela eroso sentitzen benetako pertsonak beren bizitzetan grabatzen; biolentoa egiten zitzaion. Horrelaxe heldu zen fikziora. Haren lehen lana, Corpo celeste, beste norbaitek zuzenduko zuela pentsatuz idatzi zuen, berak ez baitzuen ez formakuntzarik ez esperientziarik. Azkenean, berak zuzendu, eta Cannesko Errealizadoreen Hamabostaldian aurkeztu zuen, 2011n. Ondoren heldu ziren Le meraviglie, 2014an, Cannesko Sari Nagusia jaso zuena, eta Lazzaro felice, 2018an; azken lan horrekin, Rohrwacheri gidoi onenaren saria eman zioten jaialdi berean. Ipuinaren eta alegiaren eremuan kokatu izan da haren zinema: fantasiarekin, metaforekin eta mundu onirikora bidaiatzen duten irudiekin jolasten delako, baina errealitatea eta historia alde batera utzi gabe.

Laugarren film luzea du La chimera, eta haurtzaroan ikusitakoarekin elikatu du gidoia. Filmean ageri den antzerako herri batean hazi zen Rohrwacher, museo, bildumagile eta partikularrek pieza arkeologiko esklusiboak eskatzen zituzten garai batean. Tombarolli-ekin egiten zuen topo italiarrak tabernan, eta egindako aurkikuntzei buruz hitz egiten entzuten zituen. Beldurra zien zinegileak, ez ilegalak ziren gauzak egiten zituztelako, hildakoen gauzak hartzen zituztelako baizik. Haien jarrera ulertzearren gerturatu zen Rohrwacher haiengana, eta ohartu zen, gizonek beren burua lapurtzat bazuten ere, ezertan sinesten ez duen mundu materialista baten semeak zirela, salerosteko merkantziak besterik ikusten ez zuten mundu batenak. Horrela, italiarrak jabetzaren eta ondasunen inguruan hausnartu nahi izan du bere azken filmean: zeinenak dira gauzak? Zeinenak izango dira? Zer datorkigu iraganetik? Zer utziko dugu etorkizunerako?

Hiru formatutan grabatuta (35 mm, super 16 mm eta 16 mm), La chimera-k iraganari eta memoriari buruzko hausnarketa bat eskaintzen du. Ez daudenei buruzko istorioa da, haiek utzitakoari buruzko alegia. Ametsen mundua, mamuen mundua eta errealitatea uztartuz, Rohrwacherek gizartearen bazterretan kokatzen diren pertsonaien istorioa kontatu du, arima galdu duen herrialde diruzale bati buruzko gogoeta egiteko.

'la chimera'

BESTE ESTREINALDI BATZUK

'Holy' filmeko fotograma bat.
'Holly' filmeko fotograma bat.
'Holly'

Holly izeneko 15 urteko neska batek bere eskolara deituko du egun horretan etxean geratuko dela esateko. Handik gutxira, sute bat izango da eskolan, eta hainbat ikasle hilko dira. Hollyk berak eta haren bihozkada bitxiek Anna irakaslearen jakin-mina piztuko dute, eta irakasleak zuzentzen duen boluntario taldearekin bat egitera gonbidatuko du. Hollyren presentziak bake mentala eta itxaropena dakartza. Baina jendea laster hasiko da Hollyren parte hartzea eta haren energia erreklamatzen, neskari gero eta gehiago eskatuz.

'holLy'

'Hate Songs'

Ruandako bi aktore eta Belgikako soinu teknikari bat Ruandako 1994ko genozidioan funtsezkoa izan zen irrati katearen (RTLM) egoitza zaharrean elkartuko dira, sarraskia eragin zuten gorroto abestiak entzuleei helarazi zizkien saioa entseatzeko. Oraindik irekita dagoen zauri bat ixteko asmoz, entseguak aurrera egin ahala ikusiko dute adiskidetzea ez dela uste bezain erraza.

'Hate songs'

'Sueños y pan'

Javi eta Danik koadro bat lapurtuko dute. Balio handia duela uste dute, eta hura saltzeko plan bat jarriko dute martxan; aurrera egin ahala, korapilatuz joango den plana.

'sUEÑOS Y PAN'

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.