Alfred Hitchcocken Vertigo lana da historiako filmik onena, Sight and Sound aldizkariak orain dela gutxi egin duen inkesta baten arabera, eta, hala, urte luzez zerrendaburu izan denari, Orson Wellesen Citizen Cane-ri, gaina hartu dio. Inor gutxik jakingo du, ordea, Vertigo Donostiako Zinemaldian estreinatu zutela, 1958an, eta Zilarrezko Maskorra besterik eskuratu ez zuen arren hurrengo urtean ostera ere itzuli zela zuzendaria Donostiako jaialdira, North by Northwest aurkezteko.
Orain, Zinemaldiak 60 urte bete dituela eta, gisa horretako kontuak gogoratu nahi izan dituzteDonostian ibiltari erakusketaren bidez, garai batean oihartzuna izan arren ahazteko arriskuan direnak. «Batzuetan ez dugu asmatzen Zinemaldia benetan zer izan den transmititzeko orduan», esan du Pedro Usabiaga argazkilari eta proiektuaren koordinatzaileak. «Kasik zinemaren historia guztia igaro da Donostiatik, eta ez dago erakusketarik dena bil dezakeenik».
Atzotik irailaren 30era bitarte, hemezortzi argazkilarik ateratako zuri-beltzeko 80 argazki argitaragabe izango dira ikusgai San Telmo museoko Laborategi gunean. Bi irizpideri segika osatu dute bilduma: batetik, hirian izan diren aktore eta zuzendaririk entzutetsuenei tokia egin nahi izan diete; bestetik, ordea, badira bigarren mailako aktoreen irudi batzuk, kutsu berezikoak direlako hautatu dituztenak. Usabiagak Koldo Mitxelena Kulturuneko eta Kutxako fototeketan egin du arakatze lanik handiena, eta, azaldu duenez, lan zaila izan da irudiak bildu eta txukuntzea: «Gaizki zeuden argazkirik gehienak. Batzuk, gratinaturik, eta beste asko, uholdeen eraginez nabarmen kaltetuta. Hartara, zuri-beltzean ipini behar izan ditugu guztiak, uniformetzeko». Horman zintzilikatzeaz gaindi, irudi denak ageri diren bilduma bat ere argitaratu dute.
Irudiak, anekdotarako bide
Eva Marie Saint North by Northwest-en estreinaldira heldu zen unearekin hasten da erakusketa, eta Kim Novakek hiritik alde egin aurretik atera zioten argazkiarekin amaitu. Tartean, beste 78 irudi, bide ematen dutenak hainbat kontu bitxi gogorarazteko: konparazio baterako, Steven Spielberg gazteak Viktoria Eugenian aurkeztu zuela Jaws eta Orson Wellesen F for fake dokumental faltsua 1973ko Zinemaldian estreinatu zela. Orobat, Elizabeth Taylorrek sekulako iskanbila eragin zuen, maletak topatzen ez eta bere filmaren estreinaldira ordu eta erdiko atzerapenaz ailegatu zelako. Pedro Almodovarrek kontzertu bat eman zuen 1982an, Fabio McNamara, Alaska y Los Pegamoides eta Movida mugimenduko beste kide batzuekin, Ku dantzalekuan, Teddy Bautista gazteak urte batzuk lehenago Los Canarios taldearekin abestu zuen toki berean. John Travolta Kontxara joaten zen paseatzera, Kirk Douglas Igeldo mendira, eta Nicholas Rayk nahiago izaten zuen Nautikoan bainatu.
Izarrak Donostian izan zirenekoa
Zinemaldira etorritako aktore eta zuzendari ezagunen argazki argitaragabeak bildu dituzte San Telmon
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu