Atzoko greba egunaren ostean, Zinemaldi@n saioak gaur ekin dio berriro egunero Donostiako Kursaaletik egiten duen emankizunari. Seigarren saioa izan da gaurkoa, eta Izaskun Arandia (To say goodbye) eta Aizpea Goenaga (Etxepare) izan dira gonbidatu. 22:00etatik 23:00etara Hamaika Telebistak eskainiko du.
Hamaikak eta BERRIAk ostiralean ekin zioten Z!nemaldi@n programa zuzenean eskaintzeari, Kursaaletik. Igandera arte egingo dute. Lehen saioan Maialen Beloki Zinemaldiko aukeraketa batzordeko kidea eta Ramon Agirre aktorea (Amour) izan ziren gonbidatuak. Larunbatean, Juanmi Gutierrez (Mur-mur) eta Berta Gaztelumendi (Mariposas en el hierro). Igandean, Kandido Uranga (Baztan) eta Igor Otxoa (Pura vida). Astelehenean, Fermin Muguruza (Zuloak) eta Oscar Alegria izan ziren. Herenegun, Gorka Otxoa eta Sara Cozar (Bypass) izan ziren gonbidatuak.
Euskarazko saio bakarra
Zinemaldiari buruzko zuzeneko telebista saio bakarra da, eta euskarazko bakarra ere bai. Inaxio Esnaola Hamaikako aurkezlea eta Urtzi Urkizu BERRIAko kazetaria dira ekoizle eta zuzendariak. Esnaola, gainera, aurkezle ere ari da. Lara Madinabeitia (BERRIA) eta Leire Ferro ere (Hamaika Telebista) ari dira lantaldean.
Programako edukiaren oinarria bi solasaldi dira. Bi solasaldi horietako batean, zinema adituak, kritikariak, kazetariak eta zinemaldiko filmak ikusi dituztenak egongo dira; esate baterako, Gontzal Agote BERRIAko kritikaria. Agotek Sail Ofizialeko filmen kritikak egingo ditu, eta bi egunetik behin egongo da programan.
Gehienbat Sail Ofizialeko filmak aztertuko badituzte ere, Zabaltegikoak, Zinemirakoak eta beste sail batzuetakoak ere aztergai izango dituzte. Beste solasaldian, nagusiki, aurkeztuko diren Euskal Herriko filmen zuzendari eta aktoreak izango dira —batik bat, Zinemira eta Zabaltegi sailetakoak—.