Izateko beste arrazoi bat

Izate laukoteak 'Gure negu hotzak' bigarren diskoa plazaratu du, berak ekoitzita, eta rock esparru zabala landu du

Izate taldeko lau kideak, negu hotzetik udaberrirako pausoan. Z / BERRIA.
gorka erostarbe leunda
2011ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Izatea erabaki zutenetik, hamar urte baino gehiago igaro dira. 1999ko abenduan sortu zuten taldea, Donibane-Ziburuko gaztetxean (Lapurdi). Huts-hutsetik hasi ziren, eta elkarrekin joan dira urratsak eginez —«musikaz dakiguna ikasiz», dio Peio Dufau gitarra jotzaileak—. Hasieran ez zuten ia kontzerturik eman, baina apurka ekin zioten bideari, rockarekiko zaletasuna iparrorratz izanik.

Donibane Lohizunek eta Ziburuk partekatzen duten gaztetxean bertan eman zuten lehen kontzertua, 2002an, eta hortik aurrera Euskal Herriko hamaika txokotan eta Frantziako hegoaldean aritu izan dira.

Rockari ikusmira zabalez begiratzen diote Claire Lakarrak (ahotsa), Peio Dufauk (gitarra), Fred Cantonek (baxua) eta Bixente Eiherabidek (bateria). Nork bere gustuak eta erreferentziak ditu, baina zaletasun komun batek batzen ditu lau taldekideak, Ingalaterrako Skunk Anansie taldeak. Hastapenetan, talde ingelesaren bertsio bat jotzen zuten kontzertuetan, eta orain ere haren beste abesti bat jotzen dute emanaldi gehienetan.

Hainbat bilduma diskotan parte hartu ostean, 2006an plazaratu zuten lehen lana: Diska izenekoa. Musikherriaren bitartez plazaratu zuten lan hura, lizentzia librearen bitartez. Modu berean, autoekoizpenaren bidetik argitaratu berri dute iraupen luzeko bigarren lana ere, Gure negu hotzak. Izateko beste arrazoi bat. «Urte hauetan asko landu dugu gure musika. Kantu berriak modu berri batean eta soinu berri batekin landu ditugu. Badago kolore edo izpiritu berri bat». Hamabi kantu ditu lanak. Euskal Herriaren egoerak pisu handia dauka kantuetako hitzetan. Diskoari izena ematen dion abestiak (Gure negu hotzak) Euskal Herriaren egoeraren metafora bat da. «Euskal Herria negu hotz batean izan da aspaldian. Kantu horren amaieran esaten dugu bihar hobetuko direla gauzak eta badagoela esperantzarako tarterik».

Kantuetako hitzak Odei Barroso bertsolariak, Xabi Biskai kantariak eta Otalazt olerkariak ondu dituzte. Bihar, Donostian ariko dira Korrika amaitzeko festan, eta gainerako kontzertuak helbide honetan ikus daitezke: www.izate.net.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.