Andres Neuman idazleari ezagutu nion lehen aldiz. Cómo viajar sin ver liburuan. 29. orrialdean. Honela aitortzen zuen: «Samanta Schweblinen ipuinak. Lehorrak. Gogorrak. Hotz begiratuak. Zorrotz kontatuak. Poesiarik gabe edo hezurdurarekin. Gizon gutxik lituzkeen arrautza narratiboekin. Geure belaunaldiak sortutako ipuin onenetarikoak iruditu zaizkit, beste behin».
Ez dakit zergatik, Eider Rodriguezekin gogoratu nintzen. Andres Neumani esan nion. Bai, ezagutzen zuela, irakurri ere irakurri ziola liburu bat, Carne (451 Editores, 2008), gustatu zitzaiola, baina ez zuela Samanta Schweblinekin ordura artean lotu. Nik Schweblin irakurtzeke neukan garai hartan. Orain elkartu ditut biak.
Lehorrak
«Nire agenteak, koadroak galerietan jartzeaz arduratu eta egiten dudan gauza bakoitzak zer prezio duen erabakitzen duen tipoak, esaten du emakumeen gaia ez zaidala komeni. Esaten du gizonen energia hobea dela, barreiatzen ez eta monotematikoa delako. Monotematikoa da gauza bakarrean pentsatzen duena, baina ez du inoiz esaten zein gauzatan. Esaten du emakumeak onak direla hasieran, aski onak daudenean, eta onak bukaeran, aita amaren besoetan hiltzen ikusi zuela, eta modu berean hil nahi du berak. Baina tartean dagoen guztia infernua da».
•Cabezas contra el asfalto(Pájaros en la boca)
«Ardoak loratu egiten du Joana, ez daki bizien edo hildakoen mundutik gertuago jartzen duen, baina nonbaitetik gertuago sikiera. Tabernako leihotik begiratzen du, iluntzen hasia da eta barandara doa pauso azkarrez. Kresalak ilea hanpatzen dio. Bikoteek footing egiten dute bidegorritik, etxeratutakoan dutxa eta entsalada hartuko dute, eta biharamunean lanerako egongo dira. Joanak ez du horrelako bizi perspektibarik».
•Ez du katu bat balio (Haragia)
Gogorrak
«Pentsatu nuen: pertsonak jaten dituzten pertsonak baldin badaude, bizirik dauden txoriak jatea ez dago hain gaizki. Pentsatu nuen: ikuspuntu naturista batetik, droga baino osasuntsuago da, eta ikuspuntu sozial batetik, hamahiru urterekin haurdunaldi bat ezkutatzea baino errazagoa».
•Pájaros en la boca (Pájaros en la boca)
«Usina zahar baten atzean gelditu du autoa eta neskak leiarretik begiratu orduko ondoko eserlekua atzera bota du mugimendu azkar batez taxilariak. Narrasean, libre gelditutako atze guztia bete du taxilariak bere gorputzarekin. Ahoa estali dio. Eraztunak senti ditzake hortzen kontra. Erleak begietatik atera zaizkio eta neskak imintzioak egin ditu lepo ingurutik, bularretatik, sabeletik uxatzeko, gizonaren begi orain beltzei garrasika.
Gero, ziztada bat, erle lodi batena, oinazea eta taximetroaren tik-taka.
Amaitutakoan autotik bota du.
— Egunez dama izateko asko ikasi beharra daukazu oraindik».
•Erle begiak (Haragia)
Hotz begiratuak
«— Aitatxo... –esan zuen Sarak.
Murtxikatzen ari nintzena irentsi eta telebistaren bolumena apaldu nuen, ea benetan hitz egin zidan, baina han zegoen, hanka biak arrimuan eta eskuak belaunetan, niri begira.
— Zer? –esan nuen.
— Maite nauzu?
Eskuarekin keinu bat egin nuen, baiespen imintzio bat. Elementu guztiek baiezkoa adierazten zuten, bai noski. Nire alaba zen, ezta? Eta, hala ere, zalantzakor, nire emazte ohiak zuzentzat zer hartuko lukeen pentsatuz, esan nuen:
—Bai, maitea. Noski.
Eta, orduan, Sarak irribarre egin zuen, beste behin, eta jardinerantz begiratu zuen programak iraun bitartean».
•Pájaros en la boca (Pájaros en la boca)
«Diskretua izan zen ezkontza. Bazkaldu eta gero, senarra eta biok zinema areto batera joan ginen, lehenagoko berak ginela sentitu beharragatik agian. Polita izan zen.
Hamahiru urte eta gero ez dakit senarra edo anaia dudan».
•Hazia (Katu jendea)
Zorrotz kontatuak
«Satorrak dio: izena, eta erantzun egiten dut nik. Esandako lekuan itxaron dut eta orain gidatzen dudan Peugeot autoan etorri da bila. Elkar ezagutu berri dugu. Ez nau begiratzen, esaten dute inoiz ez diola inori begietara begiratzen. Adina, dio, berrogeita bi, diot, eta zaharra naizela dioenean pentsatzen dut berak seguru gehiago dituela. Betaurreko beltz txikiak daramatza eta horregatik esango diote Satorra. Gertuen dagoen plazara gidatzeko agintzen dit, eserlekuan ondo jarri eta erlaxatu egiten da. Proba erraza da, baina garrantzitsua zait gainditzea, eta horrexegatik nago urduri. Ez baditut gauzak ondo egiten, ez naiz sartuko, eta ez banaiz sartzen, ez dago dirurik; ez dago sartzeko beste motiborik. Buenos Airesko portuan zakur bat palakadaka hiltzea da ezer okerragoa egiteko kapaz zaren jakiteko proba».
•Matar a un perro (El núcleo del disturbio)
«Arazoa ez da edertasuna. Nik eder izaten jarraitzen dut. Arazoa da ni, dagoeneko, ez naizela ehiztariak muturka jar ditzakeen ehizakia. Nor da kaiola batean dagoen erbia tiroz hiltzeko irrika duen ergela? Nork eraman nahi du horrelako erbi bat elkartera? Hori ez da dibertigarria. Ehiztariek jolas egin nahi dute, hemen eta han usaindu, txakurrek diotena entzun, tiro egin aurreko izerdia sentitu, belar izpi baten atzean itzal bat, zaunka urduriak, eskopeta jaso, begi bat itxi eta tiro egin».
•Hazia (Katu jendea)
Poesiarenhezurdura
«Zerbait gertatzen ari zela sumatu nuelako egin nuen poliki aurrera. Errezela ireki eta burua sartu nuen. Txikia zen sukaldea eta, zintzilik edo apaletan pilatuta, eltze, zartagin, plater eta maxinez beteta zegoen. Lurrean luze, paretatik metro batzuetara, mareak ekarritako itsas piztia zirudien emakumeak».
•Irman (Pájaros en la boca)
«Ilaran, nire aurretik, mutil lerden bat, ni baino bizpahiru urte gazteagoa, gerrilla batetik irten berria zirudien, bizarra egin gabe, ilajea aldrebesturik eta lepo eta besoetako giharrak tenkaturik, etsaia zelatan balu bezala. Pinu eta goroldio usaina adi niezaiokeen, oihaneko sugeekin borrokan irudika nezakeen, koko bat harrikada batez partituz, eta ura eskuekin edanez. Gizon bat, benetako bat».
•Hagina (Katu jendea)
Arrautza narratiboak
«Tegok arrautza nahasiak prestatu zituen, baina azkenik mahaian eseri eta platerari so egin zionean, konturatu zen ez zela jateko gauza.
— Zer duzu? –galdetu nion.
Kosta zitzaion begiak arrautzetatik ateratzea.
—Arduratuta nago –esan zuen–, uste dut abiadura galtzen ari naizela.
Besoa batetik bestera mugitu zuen, motel eta amorragarriki, pentsatzen dut nahita, eta begira geratu zitzaidan, nire epaiaren zain balego bezala».
•Perdiendo velocidad (Pájaros en la boca)
«Txerri oinak ikusi zituen platerean, atzamar bat sardean iltzaturik, saltsa arrean bildurik. Idazkariak arrautza bat eta txistorra zati bi zituen aurrean, eta eskuoihala lepo inguruan loturik.
— ¿Te se ha comido la lengua el gato, o qué?
— Buen día, señor alcalde —eta hitzok esan eta berehala konprenitu zuen mendekua izanen zela».
•Eta handik gutxira gaur (Eta handik gutxira gaur)
Ondorio gisa
Samanta Schweblin (Buenos Aires, 1978). 2002an argitaratu zuen lehen ipuin bilduma, El núcleo del disturbio, Argentinan. Espainian, berriz, 2010ean atera zen Pájaros en la boca (Lumen), Schweblinen ipuinik onenak batzen dituen liburua. Bestela, Granta aldizkariak bultzatutako Los mejores narradores jóvenes en español antologian ere sartu zioten narrazio bat.
Ipuin lehorrak. Gogorrak. Hotz begiratuak. Zorrotz kontatuak. Poesiarik gabe edo hezurdurarekin. Gizon gutxik lituzkeen arrautza narratiboekin. Geure belaunaldiak sortutako ipuin onenetarikoak. Samanta Schweblin eta Eider Rodriguez. Eider Rodriguez eta Samanta Schweblin. Andres Neumanek ez zituen lotu. Testu honek hori nahi zuen. Baina inpresioa geratu zait izenlagun berberek, sarri askotan, errealitate diferente askoakdeskribatzeko ere ez ote duten balio.
Literatura
Izenlagun, ez beti adiskide
Samanta Schweblinen ipuinak definitzeko adjektibo sorta bat erabili zuen Andres Neumanek. Eider Rodriguezen narraziogintza ekarri zidan gogora niri. Bi idazleon lana elkarrekin jartzeko saioa da testu hau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu