Iratik ez zekien ezer erlijioaz. Gurasoek beren alaba bakarra sineskeria guztietatik kanpo heztea erabaki zuten eta, haiek biak kristautasunean haziak ziren arren, Irati ez zuten bataiatu, eta ez zuen herriko eliza ezertarako zapal du. Gauzak ez ziren aldatu Iratik bost urte zituela bere ama hil zenean, auto istripu batean. Aitak ez zion inoiz zerurik ez bestelako ipuinik kontatu, alabak amaren oroitzapena gorde zezan ahaleginak egin arren.
Eta, hala ere, Iratik bazuen pentsamendu magikorako joera inkontziente bat, bizitzaren alde guztiak elkarri lo-turik ikusarazten zizkiona, oreka unibertsal batean; zerbait ona nahi baldin bazuen, horren trukean zerbait txarra onar-tu beharko zuela pentsatzen zuen, eta alderantziz, bizitzak zekarzkion zoritxarren ordainetan, gero, nondik edo handik, opariren bat helduko zitzaiola. Etorkizuna salerosketa-lege zorrotzen arabera gobernaturiko denda bat balitz bezala.
Planeten harmoniaren sen hori ez zekien nondik sortu zitzaion, umetako irakurketek eragindakoa izan zitekeen agian, edo garunean txertaturiko erreflexu antzeko bat bes- tela. Zena zela, ikasia edo berezkoa, txikitako atabismo horrek aurrera jarraitu zuen nerabezaroan, indartu egin zitzaion gaztaroan, eta esan liteke justizia unibertsalaren ikuspegi horren ondorioa izan zela, bere seme Eñaut jaio zenean, Jean-Marcekin oroitzea, minez eta dolorez.
Donostian ezagutu zuten elkar Iratik eta Jean-Marcek. Irati enpresa-zientzietako bigarren maila ikasten ari zen, eta hara joan zen Jean-Marc urte hartan, Erasmus programari esker, Psikologiako ikasketak jarraitzeko. Jean-Marcen gelako bat Iratiren pisukidea zen, eta pisu hartan antolatutako festa batean egin zuten lehenengoz topo.
Hortik aurrera, gazteen arteko lehen amodio baten osagai guztiak batu ziren: mezuak, zerbezak, sexua, parrandak, opa- riak, dantza, sexua, gaizki-ulertuak, zeloen pasadizoren bat, berradiskidetzea, sexua, etorkizuneko planak, samurtasuna, solasaldi luzeak, sexua, zinera elkarrekin joatea, afari erromantiko bat, sexua, asteburuko irtenaldiak, batak besteari bere txikitako oroitzapenak eta sekretu gordeak kontatzea, sexua... Beste hainbat istoriotan ikusi gabekorik ez zen izan, baina, lige tipikoaren aldean, izan zen diferentziarik ere. Jakina da gaur egun Erasmus aferak direla garai bateko oporretako maitasunen gaurkotzea: sapore di mare, sapore di sale, udak dakarrena udak daroa, baina kanpuseko kafetegian eta joan-etorriko hegazkin-txartelarekin.
Horrelako amodio gehienetan ez bezala, Iratik eta Jean-Marcek aurrera jarraitzeko asmo irmoa zeukaten.
Maiatzean bertan amaitu zuen ikasturtea Jean-Marcek, eta sorterrira itzuli zen, Iratik azterketa gehiago baitzituen egiteko, lehendik zintzilik utzitako ikasgaietakoak. Nor bere etxekoekin hitz egitekotan gelditu ziren biak, aurkezpena prestatzeko: aitarekin Irati, gurasoekin Jean-Marc, seme bakarra baitzen bera ere. Horrez gain, Irati Nantesera joatekoa zen hurrengo ikasturtean, Erasmus programan bera ere, maitearen ondoan jarraitu ahal izateko, bere frantses maila hutsaren hurrengoa zen arren.
Irail hasieran biak Frantziara joan aurretik, Euskal Herrira itzuli zen Jean-Marc uda pasa, Iratiren familia ezagutzeko asmotan, edo, horren aitzakian (Iratiren aitak ez baitzuen axola handirik izaten alaba zertan zebilen edo norekin irteten zen), hemengo lagunek hainbeste goraipatu izan zizkioten herriko festak bertatik bertara bizitze- kotan: sanjoanak, sanpelaioak, sanpedroak, sanferminak, karmenak... bateko eta besteko festak ezagutu zituen, herrian herriko adiskideak bisitatuz eta —sokamuturra nahiz berbena, txosnetan zein txokoetan— era guztietako parrandak probatuz. Irati ere pozik zebilen hasiera batean, baina martxa horrekin nekatzen ere hasi zen halako batean, eta sarri bakarrik uzten zuen Jean-Marc, lagunekin joan zedin. Mutila bakarrik joan zen haietako batean gertatu zen, Iratik bestela ez baitzion utziko. Jean-Marcen lagunak manifestazio batera zihoazen, eta Jean-Marcek ere haiekin zihoala esan zuen.
Elkartasunez, lagunen laguna zelako, eta euskaldunen kausarekin bat egiten zuelako ere bai.
Bere euskara erdipurdikoan ongi ikasiak zituen oihukatu beharreko esloganak, eta lotsarik gabe egiten zuen aldarri; ertzaintza agertu eta tentsioak gora egin zuenean, Jean-Marc ez zen kikildu. Hegaka hasi ziren harriak alde batetik eta gomazko pilotak bestetik, eta borroka hartan aritu zen Jean-Marc, ondoan ikusi zuen moduan burua txanoarekin estalita berak ere. Kontainerrak barrikada bihurtzen, harriak eta aldarriak jaurtitzen, adrenalina jarioan... Ertzainek gogor eraso zieten kaleko matxino haiei: tanke blindatuen ur-turrustak, infanteriaren ezkutu eta borrak, artilleriaren pilota-jasa... Barrikada xume hura hareazko gaztelu baten gisa desegin zen, eta bertan gogor eusten ahalegindutakoak kale bazter guztietatik desagertu ziren, arineketan; denak, salbu eta lurrean luze geratu zen bat. Borrarekin bereak eta asto beltzarenak eman zizkion ertzain batek asfalto gainean zetzan hari, lankide batek geldiarazi zuen arte:
—Para ya, que lo vas a matar (Geldi hadi, akabatu egingo duk eta).
Esatea aski ez eta eskutik heldu behar izan zion, sudurretako euforian jo eta jo jarraitzen baitzuen herriaren zaindariak, azpikoak bere burua babesteko keinua abandonatu eta gero ere, bateria agortu zaion panpina mekaniko bat balitz bezala.
«Frantsesak kale-borrokan» titulatu zuen egunkariren batek. «Erasmuseko ikasle bat manifestazio batean zauritua», beste batek. «Ertzaintzak gazte frantses bat larri zauritu», hurrengoak. Albistearen xehetasunak bilatuz gero, J-M.F. inizialak ematen zituzten eta adina (20 urte), beste daturik ez. Zaurien larritasunaz, medikuek ezin omen zuten oraindik ezer aurreratu. Gertaeren ardura, berriz, Ertzaintzaren oldarrari leporatzen zioten batzuek, gazte erradikalen biolentziari bestetzuek, aurrez igartzeko moduan.
Iratik egun oso bat zeraman Jean-Marcekin hitz egin nahi eta hura lokalizatu ezinik, lagun batek egunkarian irakurri eta albistearen berri eman zionean. «Ez da ba izango…». Paperen arabera Jean-Marc ingresaturik zegoen ospitalera eramateko eskatu zion berehala aitari. «Azkar, aita, mese…».
—Jean-Marc Forestier, hemen dago? Ikusi egin behar dut—esan zuen sarreran, bere nerbioak menderatzen saiatuz.
—Nor zara zu? —galdetu zioten.
Lagun bat. Neska... Bere neska-laguna —ausartu zen azkenik.
—Sentitzen dut baina ezin du inor ikusi. Debekaturik dauka.
—Larri dago?
—Nik ez daukat informazio hori.
—Momentu batean bada ere, ikusi bakarrik...
—Medikuek ez dute bisitarik baimendu, baina horrez gain—harrerakoak apaldu egin zuen ahotsa, Iratirengana hurbildurik esateko —...atxilotuta dago.
Zer?
Ertzaintzak atxilotuta dauka, eta hemendik ateratzen denean komisariara eramango omen dute, inkomunikatuta —jarraitu zuen harrerakoak ahopean.
Haiek ostiatu, eta gainera atxilotu?
Ixxx! —xuxurla batean harrerakoak, buruaz han izkina batean zeuden txanogorritxoak seinalatuz.