Asteburu honetan bigarren aldia izanen du Black & Basque jaialdiak, eta, haren filosofia ulertzeko, haren sortzaileChristian Borde Jules-Edouard Moustic (Antony, Frantzia, 1951) nor den jakiteak lagun dezake agian. Eta horretarako, lehenik, interesgarria izan daiteke Baionako karriketan gaindi haren ondoan hogei bat metroz ibiltzea, adibidez, ohartzeko bere fama bereziaz. Ezin ditu bi urrats egin, norbait gurutzatu eta norbait horrek irri bat egin gabe. Errazki heldu zaizkio ezezagunak beregana, irriaz gain, goresmentzera.
20 urte telebista piztean agertzen dela Borde. Ez edozein katetan, ordea. Canal + telebista kateko Groland umorezko berri sailaren aurkezlea da, azaroan 20 urteak ospatuko dituen emankizuna: «20 urteko zozokeria», irri ironiko batekin erran duen bezala Bordek. Groland herri asmatua du oinarri sailak: «Groland koldarren eta zozoen herria da, Frantziari biziki hurbiletik eite duena». Baina ez dena Frantzia. «Horrek gordetzeko aukera ematen digu Frantziaz hobeki hitz egiteko, trufatzeko. Haren politikaz, bere trakeskeriez. Presidente bat badugu 20 urte hauetan Mitterrand, Chirac eta Sarkozy izan dena».
Frantziako telebistak gaur egun duen emankizun «anarkista» —Borderen hitzetan— bakarra dela erran daiteke: «Berriki ohartu gara gaur egungo gazte batzuek proiektu bera aurkeztuko balute ez lieketela onartuko». Mamiaz gain, funtzionamenduan ere berezia baita. «Garrantzitsuena du: adierazpen askatasuna. Ez dugu zentsurarik jasaten».
Grolandetik Black & Basque jaialdira, ez da baitezpada bide zuzenik. Lanetik aparteko proiektu bat du jaialdia Bordek, Groland taldeko besteek beste hainbat gauza egiten dituzten bezala. Benoit Delepine eta Gustave Kervernek, adibidez, zinema egiten dute. Haien Louise Michel filmak Donostiako Zinemaldian gidoi onenaren saria irabazi zuen 2008an.
Lanetik kanpo, beraz, baina halere, badute elkarren eite nonbait: «Bien funtsean askatasuna dago. Izpirituen askatasuna, ekiteko askatasuna. Jaialdiaren oinarrian den JFB Lagunak etekinak egitea helburu ez duen elkartea da. Hori da niretzat izpiritu grolandetarra: gertakari politikoak antolatzea, zentzu orokorrean. Herriaren onerako».
Lokartzeko ordez, beti aktibo segitzea. Bere burua zahartzearekin, hiru aukera ikusten zituen Bordek: «Aukera bat, deus ez egitea duzu. Beste bat, trikota espaldetan zintzilik jarri eta Figaro-ko orrialde arrosak irakurri. Eta azkena da, beraz, politikarena. Jaialdi hau ekintza politiko bat da, zentzu zabalean».
Politikoa, hasiz, funtzionamendutik. Aurrekontua 240.000 eurokoa baizik ez du jaialdiak. Baizik ez; ze, gaur egun gisa bereko jaialdientzat anitzez diru gehiago jartzen baita. Eta horrek batzuetan mugak jartzen ditu, eta, aldi berean, selekzio naturala egiten laguntzen du. Jaialdira etortzen diren artistak, lagunak dira edo lagunen lagunak. «Kate bereko begiak gara». Black & Basque jaialdia horrela abiarazi baitzuten. Bide batean ibiltzen hasi, eta ibilbide beretik zenbiltzanekin elkartu. «Proiektua bagenuen, baina ez genuen batere jaialdien mundu hori ezagutzen. Baina lagunekin aitzinatu arau beste pertsona berri batzuk ezagutu genituen, eta hortik talde bat osatu dugu. Jende ezberdina elkarren artean konektatuz».
Konexio are handiagoa da jakinez jaialdiaren berezitasunetako bat boluntarioena dela. 200 bat,orotara. Horrek ere izpiritua finkatzen duela argi du Bordek: «Artistek hemengo amatxiek prestatu atuna janen dute. Arrantzaleek eskainiko dizkiguten atunak».
Kate bereko begiek ez dute baitezpada elkar ezagutzen, baina behin elkarren ezagutza egin eta «ez dagoela kasualitaterik» ohartu. Horrela gertatu da, adibidez, Gonzalo Etxebarria margolariarekin. Haren margolan bat ikusi eta, Borde liluraturik gelditu zen: «Haren ezagutza egin behar nuela argi nuen». Eta hala egin zuen, haren tailerrera joanez. Behin tailerrean zela, ohartu zen haren irratia entzuten zuela. I Have A Dream irratia. I Have A Dream irratia Bordek lanetik kanpo daukan beste proiektu bat da. Jakin gabe konektatuak ziren. «Ez da pretentsiorik horretan, baina orduan ohartu nintzen lagun berri bat nuela». Aurtengo jaialdian parte hartuko du margolariak.
Publizitaterik gabeko irratia I Have A Dream, musika eklektikoa eta independentea entzuteko aukera ematen du, etengabe. Soilik Internet bidez entzun daiteke mementoko. Musika, hori da Borderen beste pasio bat. Bordek ditu aukeratzen jaialdiko artistak, delako konexioak sentitzen dituenekin. Pasioa baita musika beltza, afroamerikarra, eta pasioa baita Euskal Herria. Parisen handitu bazen ere, ama euskalduna du, betidanik kantatu dizkionak sehaska kantuak. Eta betidanik ukan du ametsa afroamerikar baten ahotsa euskal abesbatza batek lagundurik ikustea. Hala gertatu zen iaz, hain zuzen, Angelique Kidjo eta Baionako Haiz'Egoak abesbatzarekin. Aurten, gisa bereko konexioa espero du Manu Dibango eta Oreka Tx-rekin.
Afroamerikarrek eta euskaldunek ez dutela deus ikustekorik pentsatzen dutenei, zernahi kontra adibide baditu azaltzeko Bordek. Eta hor ere bada politikatik: «Beren kulturen alde daramaten borrokak batzen ditu».
I Have A Dream irratiaren eta Black & Basque jaialdiaren webguneak:
www.canalplus.fr/c-divertissement/pid3308-c-la-radio-de-moustic.html
www.blackandbasque.com
Christian Borde 'Moustic'. Black & Basque-ko arduraduna
«Jaialdi hau ekintza politiko bat da, zentzu zabalean»
Gaur hasiko da Baionako jaialdia; haren sortzaileak «kate bereko begiak» konektatzeko saiotzat dauka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu