Eneko Goia Donostiako alkateak gaur izendatu du Jaime Otamendi kazetaria Donostia Kulturako zuzendari kudeatzaile. Lehiaketa publikora aurkeztu eta gero hautatu dute Otamendi postu horretarako. Donostiako EH Bilduk, biana, kritikatu egin zuen lehiaketa hori egiteko modua.
Bilduren esanetan, EAJ eta PSE-EE "mugimenduak" egin zituzten Otamendi Donostia Kulturako zuzendari kudeatzaile postuan jartzeko. Koalizio abertzaleak nabarmendu zuen ez duela ezer Otamendiren izendapenaren aurka. "Baina lehiaketa publikoko baldintzak aldatu dituzte; hizkuntza eskakizunak egokitu dituzte Otamendi ekartzeko".
Jaime Otamendi kazetaria (Elduain, Gipuzkoa, 1966) 17 urte baino ez zituela hasi zen Euskadi Irratian. Irrati horretan, sona handia hartu zuen Arantxa Iturberekin aurkeztu zuen Goizean behin saioak (1990-1999). Ameriketako Estatu Batuetan bolada bat egin eta gero, ETBko albistegietako zuzendari izendatu zuten; 1999tik 2009ra aritu zen kargu horretan. 2009tik 2013ra, Euskadi Irratiko Mezularia saioa gidatu zuen. 2013-2014ko denboraldian, ETB1eko Airean magazina aurkeztu zuen, arratsaldez. Eta azken boladan Ur handitan erreportaje saioan jardun du, kate berean —irailean ez du jarraituko programak—.