Josu Venerok zuzendutako Jainko txiki eta jostalari hura dokumentala atzo estreinatu zuten Bilboko Campos Eliseos antzokian. Kirmen Uribe, Mikel Urdangarin, Rafa Rueda, Bingen Mendizabal eta Asier Valverderen izenburu bereko CD-liburua du oinarri dokumentalak. Iaz kaleratu zuen boskoteak CD-liburua, eta New Yorken aurkeztu. Bidaia hura da Venerok dokumentalean jaso duena. Igandea baino lehen lor daiteke lana BERRIArekin. Zortzi euroko salneurria du —sei euro BERRIAlagunentzat—, eta 943-30 43 45 telefono zenbakira deituta eros daiteke. BERRIAlagunek BERRIAren kioskoan ere eska dezakete, promozioen atalean. Disko liburua ere salgai dago, 16 euroren truke; DVDa opari izango dute horiek.
Lagun artean egoteko beharra. «Nahi pertsonal» hori nahikoa arrazoi izan zen Kirmen Uriberentzat bere lagun Urdangarin, Mendizabal, Rueda eta Valverderi deitu eta proiektu berria proposatzeko. Zaharregia, txikiegia agian lana kaleratu zutenetik hamar urtera, berriro elkartu ziren lagunak iaz, Jainko txiki eta jostalari hura CD-liburua ontzeko. Eta, hamar urte lehenago bezala, non eta New Yorken aurkeztu zuten sorkuntza. Esperientzia hura jasotzen duen dokumentala kaleratu dute orain, iazko lana irudiekin borobiltzeko. New Yorken, lagun artean igarotakoak kontatzeko.
Zaharregia, txikiegia agian lanean bildutako boskotea Uriberen ekimenez elkartu zen berriro, proiektu berria sortzeko. «Haiekin biltzeko beharra eta gogoa nuen», dio Uribek; «idazle lana oso bakartia da, eta aurreko lanaren oroitzapen oso ona neukan». Aurrekoaren aldean, oraingoan Uriberen testuetatik abiatzea erabaki zuten taldekideek, «lanari halako osotasun bat emateko». Hitzek hizpide dituzten gaiak askotarikoak izanik, molde oso ezberdineko piezak atera ziren: poemak, bertsoak, koplak...
Mikel Urdangarinen ideia izan zen New Yorkera berriro bidaiatzea eta han emanaldi bat eskaintzea. «Denok ados egon ginen, 2003ko lehen bidaia oso berezia izan zelako guretzat. Ikustea euskaraz egindako egitasmo batek halako harrera zuela han, ikustea nola poemak agertu ziren aldizkarietan... Uste dut joan ginen denok markatu egin gintuela; badira bizitza osoan gogoratzen dituzun bidaia batzuk, eta hori izan zen bat». Iaz eginiko bidaia «garai hartara, sentsazio edo bizipen haietara itzultzea bezala» izan da taldearentzat, baina nostalgiarik gabe, Uribek dioenez. «Uste dut aurrekoa bezain intentsoa izan zela, edo gehiago, agian. Oso ongi sentitu gara elkarrekin, eta harrera ere oso ona izan da. Uste dut ez duela batere galdu aurrekoarekiko eta pauso bat aurrerago joan garela».
Orain hamar urte egin bezala, Bowery Arts & Science gunean kontzertua eman zuen taldeak. «Oso berezia izan zen. Jende asko etorri zen, batez ere New Yorkeko jendea, bertako euskaldunak ere bai; gero idatzi zidan Tibeteko neskato batek han egon zela esanaz... Ez dakizu sekula halako emanaldi batera nor joan daitekeen. Agertoki txikia da, eta oso berezia izan zen». Emanaldia grabatzea bururatu zitzaien, «gerorako gordetzeko, edukitzeko, baina inolako asmo komertzialik gabe». Baina ez dokumentala egitea; Uribek azaldu du hori gerora Josu Venero zuzendariaren eta Elkar argitaletxeko Anjel Valdesen egitasmoa izan zela. Idazleak onartu du kameren aurrean egoteak hasieran apur bat baldintzatu zituela, baina gero ohitu egin zirela: «Kamera ahaztu egiten duzu azkenean, eta oso natural jokatzen duzu». Eta emaitzarekin oso pozik dago, bidaia bera ongi islatzen duelakoan. «Irudi mailan Josuk ikaragarrizko lana egin du; halako irudi bizia eta modernoa ematen dio taldeari. Eta gero agertzen gara gu garen moduan, gure iritziak, gure arteko harremanak; Euskal Herriarekiko dugun lotura oso argi agertzen da. Oso ongi jasotzen du egitasmoa bera zer den; CD-liburua atera zen, eta orain, irudiekin, osatu egiten du lan guztia».
New Yorkeko kaleetan zehar ageri da taldea dokumentalean, bizipenak kontatzen tarteka, proiektua bera sortzearen nondik norakoak azaltzen... Baina musika tresnak hartuta kalean edo tabernaren batean kantuan ere ikus daitezke. «Kalean entzuten geratzen zen jendea, diru eske ariko bagina bezala [barrez]. Nongoak ginen galdetzen ziguten, hizkuntzagatik ere asko... Harrera polita izaten da horrela kalean jotzen duzunean; jendea biltzen joaten da, txalo egiten du...».
Bidaian izandako arazoak eta pasadizoak ere ageri dira dokumentalean: esaterako, McNally Jackson liburu denda independentean elkarrizketa bat zuten egunean Ruedaren gitarrak taxi batean galdu zirenekoa. Uribek gogoan du halako uneren batean «estu» ibili zirela, baina irribarrez gogoratzen du orain pasadizoa —gitarrak gero berreskuratzea lortu zuten—. Momentu berezien artean ere gordea du Mikel Urmenetaren etxeko terrazan jo zutenekoa; agertoki berezia da oso, hiriaren ikuspegi ederra eskaintzen duena. «Iluntzean hasi ginen grabatzen, eta hasierako piezatik bukaerara ikusten da nola doan argia aldatzen. Oso ederra izan zen momentu hura».
Joxan Lizarribar gogoan
Atzoko aurkezpenaren ondotik, dokumentala aurkezteko emanaldiak egingo dituzte Baionako Euskal Museoan (hilaren 29an), Iruñeko Katakraken (azaroaren 12an), Gasteizko Aldabe gizarte etxean (azaroaren 19an) eta Donostiako Aquariumean (azaroaren 26an).
Baina, horiez gain, kontzertu berezi bat ere emango dute abenduaren 19an Andoainen, Joxan Lizarribar BERRIA Taldeko presidentea zena gogoan. Izan ere, pertsona berezia zen Uriberentzat eta gainerako taldekideentzat. «Niretzat, pertsonalki, bigarren aita bat izan zen», dio Uribek. «Ikaragarri lagundu zidan nire ibilbidea bideratzen, neure buruarengan sinesten eta benetan konplexurik ez izaten. Esaten zidan: 'Euskaraz idatzita munduko edozein tokitara joan zaitezke', eta hori, hari esker, azkenean sinetsi egin nuen. Eskertzen da halako jendea alboan izatea, kulturan, herri batean sinesten duena, inolako beldurrik gabe». Lizarribarren bizitasuna, baikortasuna eta ilusioa ditu gogoan, eta haren falta asko sumatzen duela dio. «Bera ez dago, baina argi utzi zigun zer egin behar dugun eta nola».