Kultura

Jaio zeneko mendeurrenean omenaldia egingo diote Oteizari Orio jaioterrian

Oriorekin izan zuen harremana "amodioaren eta gorrotoaren" artean ibili zela agertu du Jon Redondo alkateak, baina artista Orion egin zela azpimarratu du. Asteartean hasi eta azaroaren 27ra bitartean hainbat ekitaldi egingo dituzte Oteizaren oroimenez.

Berria.info
2008ko urriaren 18a
16:26
Entzun
Orioko Udalak (Gipuzkoa) Jorge Oteiza omenduko du bere jaiotzaren mendeurrenean, Jon Redondo alkateak gaur goizean Endaia etxean, eskultorearen jaiotetxean, emandako prentsaurrekoan agertu duenez. Alkatearekin batera, agerraldian Noemi Ostolaza Orioko Udaleko Gaztedia, Festak eta Kultura batzordeko presidenteak eta Oteiza ezagutu zuten hainbat oriotarrek parte hartu dute.

Jorge Oteiza Embil Orioko Endaia etxean jaio zen, 1908ko urriaren 21ean. Euskal Herriak eman duen artistarik esanguratsuenetakoa da Oteiza; Euskal Herrian ez ezik, bere lanaren oihartzuna nazioartera hedatu da. Autodidakta, barnean zeraman eskultore naturala bere kasara moldatu zuen. Artista osoa zen Oteiza, diziplina ugari jorratzen zituena, hala nola, eskultura, pintura, arkitektura, poesia, zinea, antropologia, hezkuntza edota politika.

Oteizaren ibilbide artistiko eta pertsonala beti egon da halako mito eta ospe batez inguratuta, artistaren izaera ameslari eta istilutsuaren eraginez. Izaera eta nortasun handiko pertsona zen, jenio bizikoa. Oriorekin zuen harremana ere halakoxea zen, “amodioaren eta gorrotoaren artekoa", agertu du Redondo alkateak. "Baina egia da bizitzako azken urteetan lotura gehiago izan zuela gure herriarekin, eta ezagutu zutenek dioten bezala, amaiera polita izan zuen Oteizaren eta Orioren arteko harremanak”, erantsi du.

Oteizarekin “harro”

Adituek, Oteiza Orion egin zela artista diote. Horren harira, alkatea harro agertu da: “Gure artean ikasi zuen orea lantzen, Jose Migel Leunda adiskide okinaren etxean. Bertan egin zituen bere lehenengo eskulturak. Eta Quousque Tandem liburuan onartzen duen bezala, Orioko hondartzan deskubritu zuen hutsunea. Bere ibilbidean gure herriaren izena eta izana goratu zituen, eta hil zela bost urte pasa diren arren, oraindik ere goratzen jarraitzen du. Oriotarrak harro gaude Oteiza Orion jaio izanaz”.

Mendeurreneko ospakizunekin “bere garaian eman ez zitzaion errekonozimendua” eman nahi diotela esan du Redondok.

Noemi Ostolaza Gaztedia, Kultura eta Festak batzordeko presidenteak, bere aldetik, mendeurreneko egitaraua aurkeztu du. Aurrez, ordea, egitarauaren xedea “Jorge Oteizaren lana oriotarrei gerturatzea” dela esan du. “Herrian mundu guztiak daki Oteiza Orion jaio zela, baina bere lana ez da hain ezaguna. Horren harira, egitaraua ikuspegi pedagogiko batetik landu nahi izan dugu: bere obra ezagutzeko hitzaldiak antolatu ditugu, Oteiza Museora irteerak egin ditugu ikastolako haurrekin eta jubilatuekin, artistaren ibilbidea azaltzen duen erakusketa jarriko dugu, eta abar”.

Ekitaldi bat nabarmendu du guztien gainetik, datorren asteartean, jaiotzaren mendeurrenean, eskainiko dioten omenaldia. “Ekitaldi xumea izango da, sentimenduek hartuko dute gaina. Mendeurreneko ekitaldiak antolatzen lagundu digutenak gonbidatuko ditugu. Eta pozez aurreratzen dizuet, Carmen, Oteizaren arreba, eta Begoña Eguren, Oteiza azken egunetan zaindu zuen emakumea, bertan izango direla”.



Bestalde, mendeurrenerako antolatu duten egitaraua abiapuntua dela azpimarratu du. “Ez dugu ekintza puntual batean geratzerik nahi. Ez ditugu beste ehun urte itxarongo Oteiza Orion jaio zela esateko. Bere lana herriari gerturatu nahi diogu, eta prozesua hasi besterik ez da egin, jarraipena izango du ”.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.