Egungo lau arduradun nagusiek —Joan Mari Torrealdai, Joseba Intxausti, Joxe Azurmendi eta Paulo Agirrebaltzategik— iragarri dute aurten aro batean sartuko dela Jakin aldizkaria, fundazio bihurtuta eta zuzendaritza taldea aldatuta.
Aro berriko lehen aldaketa 200. zenbakiaren argitalpenarekin batera eman dute, aldizkariaren itxura eta grafismoa berrituz eta argitalpena paperean nahiz sarean aldi berean plazaratuz. Maiatzetik aurrera, egungo lau arduradun nagusiak, nahiz eta kolaboratzen jarraitu, bigarren planoan geratuko dira, eta talde berri batek zuzenduko du aldizkaria, ordurako fundazio bihurtuta.
Izena ere aldatu du aldizkariak, Jakin.eus izango baita aurrerantzean. Oraingoz webgunearen helbidea jakingunea.com bada ere, .eus domeinua eskuratu bezain azkar www.jakin.eus helbidera aldatuko da.
Etorkizunaren bermea
Fundazioa bihurtuta babestuko da ondoen aldizkariaren sortzaileen "filosofia" etorkizunean, Torrealdaik azaldu duenez. Horregatik hautatu dute formula hori. Aldizkariaren etorkizuna orain arteko ibilbidea baino hobea izango delakoan dago Torrealdai, eta uste du horretarako funtsezkoak izango dira aldizkaria lagunduko duten harpidedunak. Jakin-en proiektu berrian parte hartzeko hainbat aukera daude: 60 euroren truke paperezko aldizkaria edo aldizkari digitala jasotzeko aukera egongo da. 75 euroren truke, berriz, biak jasotzeko aukera, eta 120 euroren truke, paperezko aldizkari eta aldizkari digitalaz gainera, Jakin-en proiektu berria are gehiago sustatzeko aukera. Hala ere, edonork egin dezake nahiak edota ahalak eragiten dion ekarpena.
Webgune berrituaren atalak ere aurkeztu ditu Torrealdaik:
Liburuaren Behatokiak euskal liburuaren informazioa bildu eta landuko du: euskarazko liburuen 50.000 fitxa, liburuari buruzko albisteak eta ikerketak.
Gogoetari ere eragin nahi dio. Hausnarketa estrategikoak egin, eragin eta plazaratuko dira, kulturgintzan nahiz herrigintzan gogoeta orokor eta sektore artekoak.
Bilgunean, berriz, euskaraz eta erdaraz giza eta gizarte zientzien alorrean egindako gogoetak jasoko dira.
Eta memoria ere izango du, euskal kulturgileen lekukotasuna eta lana bilduko duena.