Lucien Levy-Bruhl antropologoaren kulturen teorian oinarrituta, euskaldunak «mentalitate aurre-logikoa» duela idatzi zuen Julio Caro Barojak, eta orain baieztapen hori bere eginez eta gaurkotasuna aitortuz berreskuratu egin du Jon Juaristik. Eta zera zehaztu du: pentsamendu logikoaren aurre garaian geratu den euskaldun jakin hori Sabino Aranaren oinordeko politikoa da, alegia, abertzalea. Eta zera gehitu du: euskara hizkuntza «rustikoa» dela (baserri hizkuntza? hizkuntza arlotea? hizkuntza zakarra? ikasgabeen hizkuntza?). Orain bost egun idatzitakoak ditu, Euskararen Aholku Batzordean agertu eta bi egunetara.
Kuriosoa da Julio Caro Baroja eta Levy-Bruhl goratzea, eta Sabino Arana gaitzestea. Ez du asko esaten Caro Barojaren alde, Levy-Bruhlek kulturen sailkapen hierarkizatua bere eginez, euskaldunon kultura primitibotzat hartzeak. Baina, bizi izan zuen eta euskarak bizi zuen garai historikoaren ingurumarian ulertu behar da. Sabino Aranari ere euskal arrazaren gorazarreak ez dio onik egiten, baina bizi izan zuen eta euskarak bizi zuen ingurumaria historikoan ulertu behar da. Baita Aranaren garaikide izan zen Levy-Bruhl bera ere, nola ez. Gainera, esan dezakegu gainditutzat jotzen diren pentsamoldeak direla.
Baina nola eta zein ingurumaria historikotan ulertu behar da Juaristiren pentsamendua? Alegia, guk ere ezagutzen dugu Levy-Bruhlek dioena, primitiboak izanagatik ere. Eta ulertzen dugun lehen gauza da Bruhlekpentsamendu primitiboa kultura agrafoei egozten ziela, alegia idazkerarik ezagutzen ez zutenei. Eta, enfin, gure txikian eta gure baldarrean idazten jakin badakigu, eta are, ulertu ere ulertzen ditugu hainbat gauza aurre-logikoak izanagatik ere. Eta badakigu, gaur egun, akademian gutxienez, zaharkitutako teoria bat baino ez dela kulturen sailkapen klasista hori, eta baita gainontzeko guztiak ere. Kultura eta hizkuntza guztiak maila bereko direla: mitoak, mistikak eta emozioak (Levy-Bruhlek primitiboei egozten zizkien hiru ezaugarri determinatzaileak) kultura guzti-guztien oinarrian daudela: bai Interneten nagusi direnetan eta baita agrafo izaten segitzen dutenetan ere; berdin desagertzear dauden kulturetan, eta, zer esanik ez, inperialismo historia eta istorio oso bat bizkarrean daramatenetan. Eta zer esan partaide gaituen mendebaldeko kultura barne eta kanpo menperatzaile honetaz? Ze mito, ze mistika, ze helburuk gidatzen du langileen bizkar krisi ekonomikoa eragin dutenen poltsikoak diruz betetzea? Milaka mito ditugu, eta ez denak onak.
Hainbeste badaki Juaristik. Orduan zer gertatzen da Juaristirekin?
Justifikaziorik badute behin eta berriro idazten dituenak? Gainditutako pentsamendua da berea, zaharkitua? Onartu daiteke kulturen arteko hierarkizazioa defendatzen ibiltzea? Kulturak eta hizkuntzak gutxiestea? Benetan ezjakin, zakar, ikasgabe direla uste du berarekin batera euskararen aholku batzordean eseri diren gainontzekoak? Bereziki, bertan egon daitezkeen euskaldun abertzaleak, abertzale espainolak ez bezala? Bertan darabilten euskara baserri hizkuntza bat dela uste du? Zokokoa? Primitiboa? Bizi duen une historikoan ulertu behar al dugu? Edo jarrera ideologiko anker baten oinordekoa da? Edota, bere irainak barregarriak direla uste du? Euskaldunak hutsarekin ernegatzen garela? Baliteke.
Baina, arazoa, ziurrenik, ez dago Juaristik idazten dituenetan, ez bada Patxi Lopezek esaten dituenetan. Juaristik esan dezake euskal kulturaren gainetik dagoen espainol kulturako kide dela. Eta praktikatu. Are sinetsi, baina sinesten duela jakinda, sinestearen esanahi literalenean, fede kontu bat dela, mito bat. Lopezek sinetsi egiten du, eta agian ez daki hori sinesten ari denik, fede horretakoa denik. Esaten dituenak esanda ere, beste zerbait esaten ari dela sinesten duela dirudi. Euskara eta ETAren indarkeriarena. Ez omen ditu lotu. Euskarari askatasuna eman behar zaiola. Euskara askatasunean. Euskara eta euskal kultura modernizatu egin behar direla.
Diskurtso horren guztiaren azpian dagoen pentsamenduaren logika ez al dator bat kultura moderno eta primitiboen arteko bereizkeria zahar horrekin? Igual irakurriko zuen Levy-Bruhl.
Bestea zera da, Juaristi escritor bat baino ez dela, berak aitortu legez, ez idazle bat, eta nire euskaltasun motzetik ulertzen dudanez, espainolezko kulturaren sistemakoa dela esan nahi du horrekin, ez euskal kulturaren sistemako. Eskertzekoa da bereizketa argi izatea. Lopezek bere eremua baskotasunean kokatzen du, eta, gainera, bostehun mila bat euskaldun bizi diren lurralde bateko agintari politiko nagusia da.
Lopez aulki bat atzera botatzen, Juaristi eser dadin. ¿Un café, señor Juaristi? Edo Kafe bat, Juaristi jauna?, nahiago baduzu, amultsuki esaten, primitiboak irainka hartu aurretik. Eta gu, zer? Egunonak ematen. Ez batak ez besteak merezi ez duten hainbeste esplikazioko zutabe hau eskaintzen.Zoritxarrez, ondoegi hezi gaitu amak.
Katuajeak
Jakin badaki
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu