Urtero egin ohi duen legez, urte osoan kulturaren alorrean gertatutakoaren balantzea dakar Gai nagusia sailean Jakin aldizkariaren 2011ko azken zenbakiak, 187.ak. Hamabi artikulugilek osatu dute 2011ko euskal kulturaren balantze hori.
Alberto Barandiaranek literatura, kultura eta politika alorreko hainbat gai aztertu ditu. Paul Bilbaok, beste gai batzuen artean, Euskal Herriko lurraldeetan aplikatzen den hizkuntz politikari buruz egin du gogoeta. Pantxoa Etxegoinek Ipar Euskal Herriko 2011ko hainbat kultur gertakizun aurkeztu ditu. Patxi Gaztelumendik kulturgintzaren eta komunikazio teknologiaren esparruko zenbait gai iruzkindu ditu.
Ander Iturriotzek, beste gai batzuen artean, kultura eta literatura gutxituen egoeraz hausnartu du, Galeuscaren urteko bileraren haritik. Xabier Mendiguren Bereziartuk Kontseiluaren Hizkuntza-politika berri eta eraginkorra dokumentua analizatu du. Xabier Mendiguren Elizegik krisi ekonomikoa kulturgintzan zein kultur politikan izaten ari den eraginaz egin du gogoeta, besteak beste. Laura Mintegik politika, literatura eta komunikazio alorreko gaiei buruzko zenbait ohar eskaini ditu. Fito Rodriguezek politika, kultura eta kultur politikaren inguruko hainbat auzi jorratu ditu.
Allande Sokarrosek Zuberoako euskalgintza eta kulturgintzan jarri du arreta. Andres Urrutiak, beste gai batzuen artean, 2011n hil diren euskal kulturako bi protagonista omendu ditu: Xabier Gereño eta Jose Antonio Arana Martixa. Eta, azkenik, Eguzki Urteagak Eusko Jaurlaritzak sustatutako hiru eleko hezkuntza esparruaren egitasmoaren azterketa kritikoa egin du.
«Poeta da ororen buru»
Liburuak sailean, Pruden Gartziak Joseba Sarrionandiaren Moroak gara behelaino artean? (Pamiela, 2010) saiakeraren azterketa kritikoa eskaini du, liburu horrek idazlearen literatur ibilbidean hartzen duen lekua azpimarratuz. Gartziaren iritziz, Sarrionandiak saiakera sakon eta baroko horrekin mugarri berri bat jarri nahi izan dio bere literatur estiloaren eta pentsamendu poetikoaren bilakaerari, eta «betiko Sarriri dimentsio berri bat» ikusteko aukera eskaini du.
Liburuak Sarrionandia batez ere poeta dela erakusten du, «hots, intuizio distiratsuen emaile, txinparta eta izar iheslarien idazle, sortzaile handi bat, funtsean», Gartziaren ustez. «Baina bere pentsamendua ez da sistematikoa, espiral formakoa eta paradoxikoa baizik, hots, barokoa. Horretan datza bere indarra, baina baita ahuldadea ere. Hitz batez, poeta da ororen buru».
'Jakin'-ek iaz kultura arloan gertatuak aztertu ditu, hamabi egileren lanekin
Pruden Gartziak Joseba Sarrionandiaren 'Moroak gara behelaino artean?'-en azterketa kritikoa egin du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu