Jakin taldearen ondarearen digitalizazioa lagunduko du Gipuzkoako Foru Aldundiak

Hitzarmen bat sinatu dute, eta Jakingunea kultur elkartearen digitalizazio proiekturako 150.000 euro jarriko ditu

Paulo Agirrebaltzategi, Joseba Intxausti, Joan Mari Torrealdai, Markel Olano eta Maria Jesus Aranburu, atzo, hitzarmenaren berri emateko Donostian egindako agerraldian. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2011ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Berrogeita hamar urteotan 300 bat liburu eta ehunka artikulu argitaratu dituzte Jakin taldeko Joan Mari Torrealdaik, Joxe Azurmendik, Paulo Agirrebaltzategik eta Joseba Intxaustik. «Karakteretan kalkulatuta, 130 milioitik gora», Torrealdairen esanetan. Ondare hori digitalizatu eta guztien eskura jarriko dute orain. Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jasoko du Jakinguneak kultur elkartearen egitasmoak, hartarako hitzarmen bat sinatu baitzuten atzo. 150.000 euro jarriko ditu digitalizazio lanetarako.

Esker oneko agertu zen Torrealdai Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiarekin eta Maria Jesus Aranburu Kultura diputatuarekin, «aspaldi amestutako egitasmoa ulertu eta bideratzeko laguntza» emateagatik. Izan ere, Jakin taldeko kideak «gerraosteko belaunaldikoak» direla gogorarazi zuen, «informazio eta erreferentzia faltaren eskarmentu jasanezina» bizi izandakoak. «Euskal kulturari dagokionez, eskola gabe, corpus gabe, erreferentzia sistema gabe hasi ginen».

Horregatik, ondarea digitalizatuta, «memoria ez dadila gal, katea ez dadila eten» bilatzen dute. «Hori ez dadin gerta, jendearen eskura jarriko dugu geure ondarea, corpus gisa, xehe-xehe emana bilatzailearen bidez. Guri gertatu zitzaiguna ez zaie gertatuko ondorengo belaunaldikoei».

Jakin taldeko lau kideen lan guztiak dira digitalizatuko direnak, bai Jakinen bai hortik kanpo argitara emandakoak. Lauak eredu jakin baten ordezkari izan daitezkeela uste du Torrealdaik, gerraosteko euskalgintzari lotzen zaiona. Hala, eredu hori osatzen duten balioak eta kulturgintza ulertzeko modua ere transmititu nahi dituztela esan zuen. «Guk geure eskuz egindako lana jasota geratuko da». Baita, zeharka, belaunaldi osoarena ere, beste hainbat esparrutan ere arituak baitira lauak, UZEIn, Euskaltzaindian, Euskaldunon Egunkaria-n eta unibertsitatean, besteak beste.

Olanoren hitzetan, euskal kulturari lotutako edukiak sortzen eta zabaltzen laguntzeko helburua du aldundiak, baita Interneten ere, eta asmo horren barruan kokatu zuen digitalizazio proiektua laguntzeko hitzarmena.

Aurten egingo dute digitalizazio lan mardulena, eta Jakinen webgunean jarriko dute ondoren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.