begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Jakingo balu, txalo joko luke Pierrek

2024ko maiatzaren 24a
05:00
Entzun

Ez zuen uste Pierre Boullek bere La Planète des singes liburua bere lanik onena zenik. Ezta handiena ere. Ez zuen sinisten zinemara egoki zitekeenik. Bere irudiko, oso narratiba konplexua zuen eta zaila izango zen pantailetara moldatzea.

Idatzi zuenetik 61 urte pasatu diren egunotan (eta 30 hil zenetik, Parisen), zeharo erraturik zela egiaztatu dugu. Hamar film egin dira 1968tik. Eta bi telesail. 560 milioi dolar gastatu dituzte ekoizleek 1968tik atzo arte. Eta 2.000 miloi jaso txartel leihatiletan. Gehi parke tematikoetan eta merchandising-arekin lortutako errebenio izugarriak.

Ez zuen uste Pierrek, ez. Pentsatzen zuen, baita ere, inor ez zela berarekin akordatuko. Ez tximurik ez gizakirik, ez irakurlerik ez ikuslerik, ez sortzailerik. Ez Hollywooden ez Kwai ibaiaren gaineko zubian ere. Gogoratzen ez duzuen arren, berak idatzia da unibertsoko biztanle ia orok ikusita duen pelikula baterako inspirazioa izan zen nobela, Pont de la rivière Kwai. Akordatzen? Gerrako filmik famatuenetakoa. Akordatzen Bogley koronelaren martxa-z, desfilean zihoazela soldaduek txistukatzen zutenaz?

Ezer gutxi asmatu behar izan zuen Pierrek nobela hori osatzeko. Frantziako Erresistentziako kide izan zen, eta Txinan, Birmanian eta Indotxinan egin zuen borroka. Bai espioi moduan, bai oihanean. Primerakoa omen zen arerioak lepo egiten (benetan ari naiz, zin degizuet). Malaysian ere ibilia, nazien esanetara jarria zen Petain mariskalaren aginduetara zegoen militar batek atxilo hartu, eta derrigorrezko lanen zigorra ezarri zioten legezkoa ez zen epaiketa batean...

Ez, Pierrek ez zuen uste La Planète des singes zinema bilakatuko zenik. Ez zuen, ezta ere, The Bridge on the River Kwai filmaren gidoia idatzi, baina gidoi egokituari eskainitako Oscarra eman zioten... Nola? Oraingoan ere, politika ustel eta krudela kulpante, bere nobela zinemarako zizelkatu zutenak komunistak izkina guztietan ikusten zituen McCarthy senatariaren Zerrenda beltzean ziren, ezkertiarrak zirela leporaturik. Beraz, ez Michael Wilsonek ez Carl Foremanek ezin izan zuten gidoia sinatu, eta ingelesa ez zekien Pierreren izena jarri behar izan zuten afixetan eta fitxa teknikoetan. Sorginen ehiza baretu zenean berreskuratu ziren Carl eta Michaelen izenak kreditu tituluetan. Baita Oscarra beren izenean jarri ere. Bide batez, Foremanek High Noon eta The Bridge on the River Kwai idatzi zituen, eta Wilsonek, berriz, Planet of the Apes (bai) eta Arabiako Lawrence.

Boullek ez zuen espero La Planète des singes zinema bihurturik ikustea. Bere esanetan, nobela zen (eta da, bildumako pelikula guztiak diren bezalaxe) hausnarketa filosofiko bat, mundua kasik bere akaberara (akabera moralera, bederen) ekarri zuten Bonba atomikoa eta Soah eta gerokoa. Bere ustetan, Munduko bi Gerraren ondoren, gizakiok piztia basatiak baino ez ginen. Egokia eta zuzena zen, berez, beste espezie baten esklaboak bihurtzea. Azken finean, beste ezertarako ez genuen balio.

Ikaragarria da zeinen ondo egokitu den The Kingdom of the Planet of Apes gaur egungo gure planeta honetako kondizio moral eta politikoetara, inguruabar beldurgarrietara.

Oker zegoen bere lan guztiekiko iritzi kasik orotan Boulle jauna, baina gizadiari zegokionez, ez zegoen batere tronpaturik. Ez 1968an ez orain, The Kingdom of the Planet of Apes estreinatu berri den egunotan. Ikaragarria da zeinen ondo egokitu den aspaldiko kontakizun hori gaur egungo gure planeta honetako kondizio moral eta politikoetara, inguruabar beldurgarrietara. Gero eta helduagoak dira gidoiak. Gero eta hobea, zakarra ere bai, gure aurrean jartzen diguten ispilua. Gero eta ilunagoa mezua... Gero eta hobea mendean gaituzten tximuak sortzeko teknikak. Hasierako haiek maskaradun giza aktore iletsuak ziren. Oraingo hauen larruak, begiradak, mugimenduak, taxua azken teknologiaren laguntzaz sortuak dira, eta dudatan jartzen zaituzte; ez ote dira benetako gorila, orangutan eta txinpantze ederki bezatuak? Ez, ezin liteke, baina zinez, zaldi gainean doazelarik, iragan kondairetako gerlariak dirudite. Jakina giza aktoreak daudela kasu askotan panpina izugarri horien barruan, baina ni larruen, ileen, haragi testuren gainean ari natzaizue. Espazioko Odisea sortu zuen Kubrick bera (ez ahaztu eszena hura, tximuak animalia hil baten masailezurra arma gisa hartzen duenekoa...) ahoa bete hortz geratuko zela jokatuko nituzke nik lepoa eta sosak...

Pierrek jakingo balu, Pierrek ikusiko balu, Pierrek tximuen buruzagia den Cesar horri (aintza eta aintza berorri) begietara begiratuko balio... azkar konprenituko luke oker zegoela, eta joko luke txalo.

(ID_13901151) (/EZEZAGUNA) king
The Kingdom of the Planet of Apes filma.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.