Normala da (gutxi gorabehera) euskarazko musika entzutea, normala da (gutxi gorabehera) euskaraz irakurtzea, normala da (gutxi gorabehera) euskarazko antzerkia ikustea, normala da (gutxi gorabehera) irratia euskaraz entzutea edo telebista euskaraz ikustea. Baina zinema euskaraz ikustea? Hori ez da hain normala. Salbuespen guztiz bakanak izaten dira euskaraz sortutako nahiz euskaraz bikoiztu edo azpititulatutako filmen emanaldiak.
Horretaz jabetuta eta horrek sortutako kezkari erantzun nahian hasi zen Tinko euskara elkartea, duela hamar urte, atzerriko filmen euskarazko bikoizketak egiten eta banatzen. Izenari ohore eginez urratu du bidea harrezkeroztik orain artean, eta ekitaldi baten bitartez ospatuko du, bihar, hamargarren urteurrena.
Tinkoren hasierako bidea ez zen batere erraza izan. Egitasmoan fedea izango zuten laguntzaileak bilatzea kosta egin zitzaien Tinkoren sortzaileei. «Aldaketa hasi zen Inaxio Oliveri Hezkuntza sailburu izendatu zutenean», ekarri du gogora Marian Galarraga Tinko euskara elkarteko arduradunak.
«Oliveri izan zen proiektu honetan sinesten lehenengoa», dio Galarragak. «Haurrek astialdia ere euskaraz jaso behar zutela zioen, alferrik zela eskoletan euskara irakastea eta euskara lantzea, gero haurrek kalean dena gaztelaniaz aurkitzen bazuten. Oliverirekin jaso genituen lehen aldiz diru laguntzak, eta horiei esker gaude gaur hemen».
Hasierako urte haietan, zinema aretoetarako bidea oso zaila zelarik, telebistari begira egin zuen lan batez ere Tinkok. «Teknika aldetik ere ez geunden prestatuta. Alde horretatik ere asko aurreratu dugu. Gaur egun, euskarazko bikoizketak gaztelaniazkoen maila berean daude». REC grabazio estudioan egin ohi ditu bikoizketak Tinko euskara elkarteak, eta ardura handiz zaindu du beti arlo hori.
Hamar urteotan, guztira, 43 filmen eskubideak erosi ditu Tinkok, eta gero ikastetxeetan nahiz zinema areto komertzialetan eskaini ditu film horiek, euskaraz bikoiztuta. Egindako bidea egin ondoren, egun errazagoa da lan egitea Tinko euskara elkartearentzat. «Gure lana izan da areto komertzialetan zinema euskaraz ikustea posible dela erakustea», laburbildu du Galarragak. «Lehen urteetan 5.000 ikusle izatetik gaur egun 80.000 izatera pasatu gara. Eta kontuan hartzekoa da Tinkok estreinatutako filmetako asko euskaraz baino ez direla estreinatzen, ezin direla hemen gaztelaniaz ikusi».>
Orain artean jasotako erantzunarekin pozik
«Aurrera begira, gure asmoa hasitako bidean aurrera egitea da», dio Galarragak. «Uste dut daramagun bidea egokia dela. Jaurlaritzako Kultura Saila ahalegin handia egiten ari da areto komertzialetan. Aukeratu ditugun filmak ere egokiak direla uste dut, eta urtero ari garela zerbait berria eskaintzen. Eta ikusleengandik jaso dugun erantzuna ona izan da, handia». Hala ere, promozio handiagoa egiteko unea dela deritzo. «Haurrek ez badute mila aldiz entzuten film bat estreinatuko dela, ez dute jakin ere egiten».
Tinkoren planteamenduan funtsezko ideia da ikusleen artean zinema euskaraz ikusteko ohitura sortu behar delakoa. Euskara pantaila handira eramateko, pausoak apurka-apurka eta behetik gora eman behar direla dio, konbentzimendu osoz, Galarragak: «Haurrek adinean gora egiten duten neurrian, geuk ere adinean gora egingo dugu, gero eta handiagoentzako filmak eskainiko ditugu. Baina ni ziur naiz gauzak behetik gora egin behar direla: haurrak ohitu daitezela zinema euskaraz ikusten, eta haurrek zinema aretoak bete ditzatela. Orduan, areto komertzialetako arduradunak jabetuko dira hor dagoela negozioa, eta berek eskatuko diote banatzaileei filmak euskaraz jar ditzatela. Nire ustez, hori da jarraitu beharreko bidea».
Ohitura sortzearen garrantziaren frogatzat ditu Galarragak euskarara bikoiztutako helduentzako filmek erakutsi diotena. Esate baterako, Roman Polanskiren Pianajolea-ren euskarazko bertsioak, gaztelaniazko bertsioa arrakastatsua izanagatik, oso harrera eskasa izan zuen. «Nabari da jende heldua ez dagoela ohituta filmak euskaraz ikusten, eta halakoxeak dira emaitzak», dio Galarragak. «Gauzak hauek ezin dira goitik behera eta dekretuz egin, behetik gora eta pausoz pauso baizik». Orain arte egindako bideak sendotu egin du Galarraga iritzi horretan.
Helduentzako filmen kasuan, euskarazko azpititulazioa ez du baztertzen Marian Galarragak, bide egokitzat du. «Nik oso gustuko ditut azpititulatutako kopiak», adierazi du. «Helduentzat, nik film guztiak azpititulatuta jarriko nituzke. Baina haurrentzat ez da egokia aukera hori, eta are gutxiago filma gaztelaniaz bikoiztuta eta euskarazko azpitituluekin eskaintzen bazaie, horrela euskara galtzen ateratzen baita».>
Jalgi hadi pantailara
Duela hamar urte sortu zenetik, 43 film banatu ditu Tinko elkarteak, Euskal Herri osoan, euskaraz bikoiztuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu