Hamaika urte zituenean deskubritu zuen musika Jamie Cullumek, eta, hip-hop musika talde batean gitarra jotzen ari zela, berriz, jazza. James Brown eta Billie Evans erreferentziatzat hartuta, bere musika «crossover» gisa izendatu du Cullumek. «Nire helburua ez da musika nahastea, baizik eta hainbat musika genero besarkatzea». Donostiako 60. Jazzaldian bi kontzertu emango ditu; gaur arratsaldeko 20:00tan, Kursaal aretoan, eta bihar iluntzeko 20:45ean, Zurriola hondartzako Keler gunean.
Jamie Cullum artista britainiarrak 2009an jo zuen lehen aldiz Donostiako Jazzaldian, eta aurtengoa bosgarren aldia izango da. Jaialdian jotzeko dituen energia eta gogoa duela hamasei urte zituenak «adinakoak» direla adierazi du: «Oraingoan, sakontasun handiagoa eskainiko dut, besteak beste, ahotsa, pianoa eta konposizioa hobetu ditudalako; nire bertsio berrituagoa eta hobeagoa izango da oholtza gainean».
Ahots nagusia izango da, eta pianoa joko du. Ez da bakarrik izango oholtzan, ordea, eta harekin batera arituko dira Loz Garratt baxu jotzailea, Brad Webb bateria jotzailea, Tom Varrall gitarrista, Rory Simmmons tronpeta eta gitarra jotzailea, eta Tom Richards organo, saxofoi eta perkusio jotzailea. Horiek guztiek, gainera, koruak egingo dituzte, Aisha Stuartekin batera.
«Festa bat» hondartzan
Donostiako Jazzaldian hiriaz eta kulturaz gozatu ahal izatea «opari bat» dela iruditzen zaio Cullumi, eta jazza «errespetatzen» duen jaialdia dela baieztatu du. 2013an Zurriolan eman zuen kontzertuaren harira, Jazzaldiaren entzuleak elkarren oso desberdinak direla nabarmendu du, eta horrek harritu egin zuela: «Maitasun eta gogo handia du publikoak». Kursaalean gaur emango duen kontzertua biharkoa baino «intimoagoa» dela zehaztu du; aldiz, espero du bihar Zurriola hondartzan egingo duen kontzertua «festa bat» izango dela.
Jazz, pop eta rock estiloak uztartzeagatik da ezaguna Jamie Cullum, eta 2003an arrakasta handia lortu zuen Twentysomething diskoarekin; bertan bildu zituen, besteak beste, What A Difference A Day Made eta Everlasting Love kantuak. Erresuma Batuan gehien saldutako diskoetako bat izan zen.
Estudioko bederatzi disko kaleratu ditu Cullumek, eta hurrengo biak jada landuak dituela iragarri du, baina, bira eta aitatasuna direla medio, ezin izan dituela oraindik argitaratu. Soinu klasikoetara itzuliko da, eta, Frank Sinatra erreferente izanda, orkestrekin lan egingo du. «Soinu akustikoarekin ere jolastu nahi dut, adimen artifizialak egin ezin dezakeen zerbait baita».