begona del teso
Eppur si muove

Jan iezadazu den-dena

2024ko apirilaren 19a
05:10
Entzun

Beldur, izu, horrore, terrore, fantasia ilun guztien bilkura den BIFFF zinemaldian, Bruselan ere badagoen akerraren larrean ospatzen den horretan, istiluak suertatu ziren duela gau gutxi, zinema munduko aldizkari esan oneko guztiek lau haizeetara zabaldu duten kalapita, planeta osoko fariseu minbera denek, bularrean kolpeak emanez, hedatu duten buila guapoa. Seko aztoraturik, bai antolatzaileek bai gero aipatuko dugun pelikularen banatzaileek mea culpa-ri ekin diote, halako mami gutxiko komunikatuak plazaratuz.

Afera, hauxe. Gure pantailetan den Lies, Love and Bleeding film parekorik, igualik, berdinik gabea estreinatu zuten festibalean. Mugarik onartzen ez duen Rose Glass zuzendariaren azken atrebentzia eskura dugun zinema puskarik likitsena, lizunena, zantarrena da (har itzazue hitz horiek guztiak zentzumenak pizteko duten esanahi/abilezia ederrenean, otoi).

Film hau porno lesbikoaren mugetan dabil aise, gustura, bero, tentagarri. Zeluloidezko balentria honek Tarantino bera beldurtu, eta ahoa bete hortz, arnasestuka utziko luke. Esperantzarik ez dagoen lurretan kokaturik, amildegi guztien aurrean den jendaia baten potret latz hau umore nabarmen, bitxi, goibel, lakarrez da blai, eta pasarte hainbatetan zientzia-fikzio merke baten itxura hartzen du, amildegira salto egiteko prest gaudenon pozerako.

Serio hartzeko moduko zinema proposamena bada ere, Rose Glass britainiarrak ez du, nire irudiko, ekintzaile baten gisako erantzuna espero gugandik. Zoratu egin nahi gaitu. Zinematografikoki berotu. Sexualki kitzikatu. Setiatu irudiekin. Minutu luze, trinko eta dentsoetan nahi du gurekin jolastu. Jolastu, gu ehizakiak garela, eta bera predatzaile izugarria...

Nire ustez, horrela hartu behar da Lies, Love and Bleeding itxaropenik gabeko gizakiek biharrik ez duten mortuetan bizitako abentura malapartatu hau.

[Rose Glassek] Zoratu egin nahi gaitu. Zinematografikoki berotu. Sexualki kitzikatu. Setiatu irudiekin. Minutu luze, trinko eta dentsoetan nahi du gurekin jolastu.

Alta, Internationale Festival van de Fantastische Film te Brussel honetara hurbildu ziren hainbat queer aktibistak ez zuten irudi bera buruan. Beraientzat, filmak amodio lesbikoaren aldarrikapen librea behar zuen izan. Esperantza horrekin arrimatu... eta beldurrezko, terrorezko, zientzia-fikzioko zinemaldien ilunabarrekoetan indarrean izan ohi diren kode hertsiak ezagutu. Eta akerraren larreetan gertatzen diren zeluloidezko meza beltzetan parte hartu eta dar-dar bizian gozatu ahal izateko, nahitaezkoa da bertan erabilitako kode horiek ulertzea, konprenitzea; gauerdia ailegaturik, denak bihurtzen baikara, gustu askoz, munstro. Eguzkia sortu bezain pronto beren giza itxura eta burmuina berreskuratzen dituzten munstroak...

Galaxian eta bertako zulo beltzetan gertatzen diren beldurrezko/zientzia-fikziozko/fantasiazko zinema festa guztietan, oihu, orro, ulu egiten da. Izuzko bertsolariak ematen dugu. Inprobisazioa da gure bandera. Zerbait arraroa, majoa edo izugarri txarra pantailan harrapatu orduko, gu, builan. Eta sekula ez ortodoxiatik. Ez zinema ortodoxiatik, ez generokotik, ez gizakion artean ezinbestekoa (omen) den elkartasunetik. Ez.

'Lies, Love and Bleeding'
Lies, Love and Bleeding filma.

Hala eta guztiz, berdintasunetik sorrarazten dugu eskandalua. Donostiako Beldurrezko Astean, adibidez, agertokira igotzen atrebitzen diren denei eskatzen diegu arropa eransteko, bai gizonezkoei bai emakumezkoei. Gustuko ditugu sexu broma gordinak ere. Eta ez pentsa emakumezkoen gainekoak soilik. Ez, gutako zaharrenek oraindik dugu gogoan zenbat miretsi genuen striptease-an ibili zen Anastasio izeneko errusiar haren zakila; zenbat aldiz ez genion ba eskatu galtzontzilloetan zuen hori berriro ateratzeko!!!

Azal finekoa bazara, hobe izuzko topaketa batera ez hurbiltzea. Eta BIFFFera arrimatu ziren queer/LGTBI+ kuadrilla guztiek oso mehea zuten larrua. Seguru buruan zutela zenbat gozatu zuten 2013an Cannesen La vie d'Adèle filma estreinatu zenean. Huraxe eta hantxe bai, bi emakumeren arteko amodioaren gorazarretzat hartu zuten Abdellatif Kechicheren lana, nahiz eta gizonezko baten ikuspuntu eta kameratik kontatua izan.

Baina ez, Rose Glass ez da Abdellatif (berak baino askoz hobeto ezagutzen du gure gorputza, baita gure arima ere...), eta Bruselako BIFFF ez da Cannesko International Film Festival luxuzko hori.

Ondorioz, Bruselako jendaiak algaraz eta ozen pantailarekin hitz-aspertu basari ekin zionean, larru leuneko horiek minduta sentitu ziren, eta, bigunki, errespetua eskatu. Kontu jakina da ez dela komenigarria aparretan den piztia molestatzea. Baina estreinakoz beldurrezko mundura ailegatutako horiek ez zekiten hori, eta mehatxupean ere sentitzera iritsi ziren une batean. Zer atseginagorik zinema akelarreko partaideentzat? Sutsuago egin zuten oihu... Iskanbila izugarria sortu zen. Poliza agertu ere agertu zen...

Gomendio bi: ez hurbildu zurea ez den zeluloidezko aker beltzaren larrera; ikus ezazue Lies, Love and Bleeding. Ez saiatu, ordea, sailkatzen. Oraindik ez baita sortu pelikula honentzako zinema sailkapenik.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.