Jatorrizkoa baino ulerterrazagoa den moldaketa

'Zelestina' gaztelaniazko nobela dramatiko ospetsuenetariko bat euskarara itzuli du Joxe Antonio Sarasolak

Ainhoa Sarasola.
Donostia
2010eko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Egileari edo egileei buruzko teoriak argitu gabe daude oraindik, baina zalantza gutxi dago Zelestina dela, On Kixote-ren ondotik, gaztelaniaz idatzitako lanen artean ospe eta zabalkunde handiena lortu duena. Liburuaz dauden bi bertsioen artetik, 1502. urtekoa, normalean kanonikotzat hartzen dena euskaratu du Joxe Antonio Sarasolak, Literatura Unibertsala sailaren barrenean.

Antzinako gaztelanian idatzitako lana izanik, jatorrizko testua ulertzea kostatu zaio gehien Sarasolari itzulpena egitean. «Euskarazko hiztegietara baino ia gehiagotan jo behar izan dut DRAEra, hainbat eta hainbat hitz eta esamolde arkaikoren esanahiaren bila», aitortu du. Ahalegin horretan, Francisco J. Loberak bere edizioan jasotako oharrak oso lagungarri izan zaizkiola azaldu du. Behin esanahiak ulertuta, halere, ez dela hain lan zaila izan dio Sarasolak. «Nire ustez, gaztelanian eta euskaran maila normala daukan edozein irakurlek errazago ulertuko du euskarazko bertsioa gaztelaniazkoa baino. Azken batean, horixe da itzulpenaren xedea; irakurleari ulertuko duen hizkuntzan eskaintzea arrotza gertatzen zaion hizkuntza batean idatzita zegoena».

Lehen begiratuan antzezlana badirudi ere, nobela dramatikoa edo elkarrizketa bidezkoa da Zelestina. Orotara, 21 ekitaldiz osatzen da. Horiez gain, egileak bere lagun bati idatzitako gutuna, hamaika zortziko akrostiko, hitzaurrea, obraren helburua azaltzen duten hiru bertso, eta zortziko horiek nola irakurri azaltzen duten kopla batzuk biltzen ditu lanak. Hain zuzen, bertsoen lerro bakoitzeko lehen letra goitik behera irakurrita, ezkutuko esaldi bat osatzen da: Fernando de Rojasek amaitu zuela Zelestina idazten. Horixe da egilea nor izan zen adierazten duen lehen dokumentua, lanaren lehen zatia nork idatzia den ez baita jakina. Dena den, kopla horien euskarazko bertsioan ez dago akrostikorik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.