Jaurlaritzak Arte Fabriken egitasmoan sartu du ZAWP
ZAWP proiektua bera 2008an jarri zuen martxan Haceria Arteak elkarteak, eta dirua batetik eta bestetik bilduz atera du aurrera, auzolanari esker. Alabaina, berriki Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak ZAWPekiko interesa agertu, eta Arte Fabrikak deritzon egitasmo zabalagoaren baitan sartu du. 500.000 euro eman dizkio Bilboko Udaleko Lan Ekintzari, ZAWPen inbertitu ditzan. Haceria Arteak elkarteko kideek argi utzi nahi dute haiek ez dutela euro bakar bat ere ikusi. «Diru hori eraikinak konpontzeko eta materiala erosteko da, eta Lan Ekintzak erabakitzen du zenbat inbertitu eta non». Hala, Lan Ekintzak ematen dituen trebakuntza ikastaroetako gremioak ari dira eraikinak atontzen. Oinarrizko konponketak baino ez dira egiten ari, gune horiek zein etorkizun izango duten ez baitago argi. Orobat, Jaurlaritzako Kultura Sailak 120.000 euroko laguntza emango dio Haceria Arteak elkarteari ZAWP proiektua bera aurrera ateratzeko. Eta laguntza horren %25 lantokien alokairuak merkatzeko erabiltzea erabaki dute. Izan ere, ZAWP osatzen duten eraikin guztiek jabeak dituzte, eta elkarteak hilero alokairu horiek ordaindu egin behar ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu