Kultur politika

Jaurlaritzak kultur sektorearentzako laguntza sorta berria aurkeztu du

Poltsak 2.645.000 euro izango ditu, eta bi ardatz nagusi: enpresa txikiei gastu finkoetan laguntzeko lerroa, eta bost alor jakini zuzendutakoa: liburugintza, ilustrazioa, zinema ekoizpena, arte plastikoak eta katalogazio-digitalizazioa.

Mikel Aizpurua, Joxean Muñoz, Bingen Zupiria, Aitziber Atorrasagast eta Irene Larraza, gaur goizean, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
itziar ugarte irizar
2020ko ekainaren 24a
14:11
Entzun

"Kolpea handia izan da, eta galerak ere bai, bizitzaren alor guztietan. Horien artean, kaltetuenen artean dago kultur jarduera". Hasiera-hasieratik jakitun egon direla esanez eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikaren Sailak hasieratik egoera horri erantzuteko lanean jardun duela nabarmenduz abiatu du Bingen Zupiria sailburuak laguntza berrien aurkezpena, gaur goizean, Donostian egindako agerraldian. "Elkarrizketa zuzena eta etengabea izan dugu kultura arloko ordezkariekin, eta horren ondorioz sortu zen inkesta espezifiko bat egoera zein zen zehatz-mehatz jakiteko, eta gure erantzunak beharrizan horietara egokitzeko". Apirilaren azkenetan onartu zuten kulturgileentzako larrialdiko diru laguntza plana, eta, geroztik, udalak eta aldundiak euren laguntza planen berri ematen aritu dira; Zupiriaren esanetan, horien "osagarri" da Jaurlaritzaren laguntza sorta berria. "Laguntzarik gabe ahalik eta jende gutxien geratzea da helburua".

Lehen ardatza kulturako enpresa txikiei dagokie, hots, hamar langile baino gutxiago eta urteko fakturazioa 2 milioi eurotik beherakoa dutenei. Bi milioi euro gorde dituzte alor horretarako, eta eskatzaile bakoitzak 10.000 euro jaso ahalko ditu gehienez, enpresaren gastu finkoei eta egiturazkoei aurre egiteko. Pertsonaleko gastuak ez dira sartuko hor; bai, ordea, hauek: lantokiaren alokairua, garraio ibilgailuen eta material teknikoaren alokairua, hornidura (ura, telefonoa, Internet...), eta beste gastu batzuetatik sortutako interesak (lantokia erosteko hipoteka maileguen kuotak eta udal zergak, besteak beste).

Baldintza bi bete beharko dituzte laguntza eskatu nahi duten enpresek: batetik, frogatu beharko dute beren jarduera bertan behera geratu dela osasun larrialdiaren ondorioz, eta sarrerak gutxienez %75 murriztu zaizkiela aurreko urteko fakturazioaren aldean; eta, bestetik, erakutsi beharko dute kulturari lotutako jardueretatik eskuratzen dutela fakturazioaren %70 gutxienez.

Bost alor jakini bultzada

Joxean Muñoz Kultura sailburuordeak aletu du laguntza sorta berriaren bigarren ardatza. Bost ildoz osatu dute, eta, bakoitzak bere alorrari erantzun nahi badio ere, bostak kontsideratzean hiru helburu izan dituzte gogoan, Muñozen arabera: laguntzak ahal den azkarrena iritsaraztea, ahalik eta esku gehienetara banatzea, eta sektoreko beste elkarte eta erakundeekin lankidetza bermatzea. "Jaurlaritzak asumitzen du inbertsio publikoa egin behar dela kulturaren alorrean ere; aktibitatearen eragile izan behar dugu orain, sortzaileek lana izan dezaten", aipatu du Muñozek.

645.000 euro banatuko dira, bada, bost alorren artean. Liburugintzaren kasuan, 100.000 euro bideratuko dituzte liburuak erostera. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako liburutegi publikoei egin zaie deialdia, eta baldintzen artean daude bertako liburu dendetan erostea eta gutxienez %30 euskarazko lanak izatea. Liburutegietako funtsa "aberasteaz" gainera, editorialen fakturazioan eta liburu dendenean eragin nahi dute horrela.

Ilustrazioaren alorrean, hogei irudigileri bina marrazki egiteko eskatu die Jaurlaritzak, itxialdia gaitzat hartuta. Liburu batean bilduko dituzte guztiak, eta, azken hiletan gertatutakoren testigantza izateaz gainera, "gaurko euskal irudigintzaren katalogotzat" ere baliatu ahal izango dela nabarmendu du sailburuordeak. Euskal Irudigileen Elkartearekin eta Etxepare Institutuarekin ari dira elkarlanean, eta argitalpena lau hizkuntzatan emango dute gero.

Zinema ekoizpena da laguntza jasoko duen beste alorretako bat. Film laburren aldeko apustua egin dute, denbora gutxiago behar dutelako, eta filmatzeko baldintzak "kontrolatzen errazagoak" direlako egungo egoeran. "Bermatu nahi dugu, halaber, guztiek jasoko dutela ordainsaria: gidoilari, teknikari, aktore... Film laburrak grinagatik edo bide profesionala urratzeagatik egiten dira askotan, baina hemen baldintza moduan jarri dugu mundu guztiak kobratzea". Zineuskadirekin, Zinebirekin, Donostiako Zinemaldiarekin eta EITBrekin jardun dute, eta azken horrek beste 100.000 euro jarriko ditu egindako filmak erosi eta banatzeko.

Obren erosketa eta digitalizazioa

Arte plastikoen alorrera eta katalogazio-digitalizazioarenera ere helduko dira Jaurlaritzaren laguntza berriak. Lehenari dagokionez, Gasteizko Artium museoak, Bilboko Arte Ederren Museoak eta Donostiako Tabakalerak komisio bat osatuko dute obra berriak erosteko. 150.000 euro izango dituzte horretarako. Muñoz: "Deialdi ezohikoa da; modu kolaboratibo batean sortuko da bilduma partekatu bat. Urrats bat esan nahi du museoen arteko kolaborazioan: ondarea guztiona izango da, eta ez museo batena". Erositako lanak Jaurlaritzaren eskuetara igaroko dira, eta Artiumek hartuko ditu bere egoitzan. "Apustua egiten dugu Artium izan dadin arte garaikidearen Euskadiko museo nagusia", erantsi du.

Eta azken ildoa, berrikuntza eta digitalizazioarena. Jaurlaritzak 50.000 euro inbertituko ditu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan argitaratutako diskoen karatulak katalogatu, digitalizatu eta aztertzeko. Eresbil Musikaren Euskal Artxiboarekin ariko dira, eta, era berean, katalogazioan eta digitalizazioan diharduten enpresen jarduera sustatzeko ere balioko du.

Bilboko Udalaren kultur poltsa

COVID-19aren krisiak sortutako ondorioak arindu nahian, Bilboko Udalak kultur proiektuen poltsa bat sortu du, 211.145 eurokoa. Hiriko kultur jarduera sustatzea du xede, eta edozein adierazpidetako lanak aurkeztu ahal izango dira, uztailaren 30era bitartean. Gehienez hogei proiektu babestea da asmoa.

Bilbo Aurrera planaren barruan aurkeztu dute egitasmoa, zeinak 11,4 milioi ipini dituen ekonomiaren eta enpleguaren alorrean, 2,2 milioi gizarte kohesioko jardueretan, eta 1,2 milioi kulturaren sektorean.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.