Jazarpenaren aurka, laguntasuna

Bihar iritsiko da hainbat aretotara 'Zigortzaileak' filma, Arantza Ibarrak 'bullying'-az eginiko abenturazko komedia

- / BERRIA.
Irune Berro Urrizelki.
Bilbo
2011ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Zigortzaileak filmean, eskola uzteko erabakia hartuko du Ainarak (Izaro Baza aktorea). «Ezin dut gehiago», aitortuko dio negar zotinka irmo kontsolatzen duen Leire lagunari (Amaia Aberasturi). Leo (Andoni Delavigne-Robles) Baionatik iritsi berria da eskolara. Zientzialari bikote baten seme bakarra da, azkarra, trebea eta antiojoak daramatza. «Martziano» eta beste esanez irainduko dute. Sandra (Estibaliz Sarasola) ere nazka eginda dago menderatzaileen trufa eta isekekin. Nerabezaroaren lehen aztarrenak bakean bizitzen ere ez diote uzten.

Irakasle eta gurasoak egoeraren larriaz jabetzen ez direla eta ondorioz neurririk hartuko ez dutela ikusita, zigortzaileen taldea osatuko dute Leirek, Sandrak eta Leok. «Zigorra emango diegu sekula ez dezaten inor jazarri!», hitza ematen diote elkarri.

Eskolako haur ustez ahulak mehatxaturik dauzkaten menderatzaileak beren tokian jartzeko helburuz jardungo dute zigortzaileek, eta talde gisa bereizten dituzten jantziak jarrita, eta borrokarako arteak eta dantzak erabilita, era guztietako okerkeriak egingo dizkiete menderatzaileei, alegia, Angeli (Martin Gandiaga), Javiri (Asier Vesgas), Davidi (Pello Madariaga) eta Fernandori (Nikola Zalduegi). Gainerako eskolakideen aurrean irrigarri utziko dituzte, nabarmen. Eta azkenean jakingo da egia. Haatik, bidean maltzurkeria ez ezik, adiskidetasunaren balioa ezagutuko dute ume jazarriek, batzearen indarra.

Aspaldion bullying-ari loturiko gertakarien berri ez izanagatik, eskola umeen arteko jazarpena «zoritxarrez» desagertu egin ez dela uste du Arantza Ibarrak, Zigortzaileak filmeko zuzendariak. Alfonso Arandiaren laguntzaz zuzenduriko pelikulan ez du dramarik egin nahi izan, nolanahi den. «Filma idazteko, 11 urteko neskato baten azalean jarri nintzen, eta saiatu nintzen kontaketa haren irudimenaren bitartez egiten».

Drama barik

Giro dramatikotik erabat aldenduta, abenturazko komedia dibertigarria ondu du, eta bihar estreinatuko dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aretoetan. Nafarroan, abenduaren 23az geroztik dago ikusgai. Eta Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan estreinatzeko «ahaleginetan» dabiltza, Jose Maria Lara ekoizleak esan duenez. Lortu ezean, tokian tokiko elkarteen bidez emanaldiak antolatuko dituztela ziurtatu du.

Zigortzaileak filma ahal denik eta jende gehienak ikustea, eta gurasoen zein hezitzaileen laguntzarekin umeek bullying-aren inguruan hausnartzea nahi du Ibarrak.Www.zigortzaileak.com Interneteko atarian hartarako aproposa izan daitekeen materiala jarri dute.

Tratu txarrak jasanez gero, nork beretzat ez gordetzeko eta taldean babesa bilatzeko deia egin die Ibarrak Euskal Herriko umeei. Aktore izan diren gaztetxoek ere argi adierazi dute gisa horretako portaerek ez dutela tokirik izan behar ez hezkuntza zentroetan ez kalean. «Halako egoeren aurrean batzuek beste alde batera begiratzen dute, hurrengoak haiek izango diren beldurrez, baina inor jazarria ez izateko benetan eraginkorra da ume guztiak elkartzea eta horrelakorik onartuko ez dutela garbi uztea», uste dute Aberasturik eta Sarasolak.

Orain dela urte bi filmatu zuten Zigortzaileak, uztaileko egun hodeitsu nahiz eguzkitsuetan, Bizkaiko hainbat tokitan: Portugaleteko Zunzunegi institutuan, Kaiku arraun taldearen Sestaoko egoitzan eta Santurtzi, Getxo eta Berangoko kaleetan. Eta uda batez aktore bihurturiko umeez gain, hainbat profesionalek parte hartu zuten pelikulan, hala nola Loli Astorekak, Ainhoa Jauregik, Juan Carlos Gurrutxagak, Gurutze Beitiak, Maite Bastosek, Anne Igartiburuk, Carlos Soberak, Rafael Amargok...

Astorekak Lourdes irakaslearen papera jokatuko du. Saiatu egingo da menderatzaileei aurre egiten baina zenbait guraso eta hezitzaileren jarreraren ondorioz zail samar izango du. Filmeko une batean menderatzaileetako bi oldartu egingo zaizkio. «Gogorra iruditu arren, horrelakoak maiz gertatzen dira eskoletan. Errealitateak fikzioari gaina hartzen dio askotan», azaldu du Ibarrak.

Zuzendariak badaki, halaber, fikzioak errealitatea iraultzeko bidea ireki dezakeela, edo gutxien-gutxienez, errealitatea higatzeko tresna izan daitekeela. Eta asmo horrekin taxutu du filma. Pasarte batzuetan, fikzioa fantasiaren eremura eraman du, ume zein helduen iruditerian iltzaturik dauden eszena epikoak berreskuratuz, eta pelikulako pertsonaiak horietan kokatuz.

Elkarrizketa eta abesti biziak tartekatu ditu, eta pertsonaia nagusi den Leireren off-eko ahotsak narratzaile orojakilearena egiten du gertakari batzuk dagozkien azalpenekin lotuz. Guztiarekin, pelikula dinamikoa osatu du Ibarrak, atsegina eta ikusterraza. Ibarraren aurreneko filma da Zigortzaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.