Sweet Honey in the Rock boskote afroamerikarrak atzo eskainitako gospel doinuen ondotik, jazz modernoaren bi maisu arituko dira gaur Gasteizko Jazzaldian: Joe Lovano saxo jotzailea eta Dave Douglas tronpetista. Mendizorrotzako agertokian emango dute kontzertua, Sound Prints deitu dioten proiektuaren barruan —Wayne Shorter saxo jotzaile historikoaren Foot Prints kantuaren omenez jarri diote izen hori—.
Azken 20 urteetako saxofonista onenetakotzat jotzen du askok Lovano, eta Douglasek berak ere mundu osoan da ospetsua. Orain 12 urte ezagutu zuten elkar, Lovanoren Flights of Fancy: Trio Fascination Edition Two diskoaren grabazio prozesuan. Geroztik, hainbat proiektutan aritu dira batera, John Zorn musikariaren Stolasen, esaterako. Gainera, SF jazz Collective talde berrituko liderrak dira, 2008az geroztik. Gaur, beraiekin batera arituko dira Lawrence Fields pianista, James Genus kontrabaxu jotzailea eta Joey Baron bateria jotzailea.
Lehenago, ordea, Stefano Bollani pianista italiarraren doinuak izango dira entzungai, toki berean. Ibilbide oparoa duen artista da Bollani, baina bereziki ECM zigiluarekin argitaratutako lanik berrienek eman diote nazioarteko onarpena. Enrico Rava tronpetistaren bultzada ezinbestekoa izan zen Bollanirentzat, hark gomendatu baitzion uzteko behingoz pop musika alde batera, eta hasteko benetan gustatzen zitzaiona jotzen. Geroztik, Ravaz gain, asko izan dira bere bidean gurutzatu diren musikariak: Pat Metheny, Richard Galliano, Gato Barbieri, Michel Portal, Phil Woods, Lee Konitz eta beste.
Arratsalde partean, ostera, Tigran Hamasyan pianista buru duen hiruko bandak joko du Principal antzokian. Hamasyan Armenian jaio zen, 1987an, eta bi urterekin ekin zion pianoa jotzeari. Zazpi urte betetzerako jazz musikan murgildurik zebilen, hamahirurekin jo zuen lehendabizikoz jazzaldi batean, eta hamazazpirekin lehen saria eta publikoarena eskuratu zituen Suitzako Montreux Jazzaldiko piano solo lehiaketan. Handik bi urtera, Thelonius Monk saria jaso zuen, estreinako diskoak argitaratzen hastearekin batera. Iazko lana du A Fable (Verve), eta harekin irabazi berri du Victoires de la Musique saria, Frantzia mailan prestigio gehientsuen duena.
Traka indartsua, amaierarako
Bihar Joshua Redman eta The Bad Plusen emanaldiak izango dira, eta, segidan, The Soul Rebels taldekoak igoko dira oholtzara, New Orleanseko funky eta rap doinu artean. Etzi, berriz, Esperanza Spalding abeslaria arituko da Gilberto Gilen aurretik. Lula da Silva presidentea zen garaian, Brasilgo Kultura ministroa izan zen Gil, baina bereziki 1960ko hamarkadan Tropicalismo mugimenduaren baitan grabatutako diskoek egin zuten ezagun. Azken bi gauetako emanaldiak ere ez dira hankamotz geratzen: ostiralean Pat Metheny eta haren Unity Band arituko dira, jadanik jazz modernoaren historikoak direnak. Larunbatean, azkenik, Sonny Rollins saxofoi jotzailearen txanda izango da. New Yorken jaio zen Rollins, 1930ean, eta jazzaren historiara igaroa da, hura gabe ezinezkoa baita bop, hard bop eta gisa bereko soinu aldaera oro ulertzea.
Principal antzokitik ere izen handiak igaroko dira larunbata bitarte. Han izango dira, besteak beste, Phronesis hirukote eskandinabiar-ingelesa, Dominick Farinacci eta Ambrose Akinmusire tronpetista estatubatuarrak, eta Ibrahim Maalouf libanoarra, hori ere tronpetista, eta Amin Maalouf idazlearen iloba.
Jazz modernoaren bi maisuk joko dute gaur Gasteizen: Lovanok eta Douglasek
Jazzaldiko bigarren agertokian, Principal antzokikoan, Tigran Hamasyan Triokoak arituko dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu