Euskal Herriko ez ezik, Europako saxo jotzaile estimatuenetakoa da. Hala ere, jazzaren munduan bide egiten jarraitzeko, eguneroko urrats txikiak ezinbestekotzat ditu. «Egunerokoa borrokatu behar da. Ia 30 daramatzat jazzaren munduan borrokatzen. Eta jarraitu beharra dago, bestela hau bukatu egiten da». Ibilbide luze eta emankorreko musikaria da Mikel Andueza (Lizarra, Nafarroa, 1966). Musikagile, moldaketa lanen egile eta interpretatzailea, esparru askotan garatu du bere ibilbide profesionala, eta eskolak eman ditu Bartzelonako Taller de Musicsen eta Lizeoko Kontserbatorioko Musika Modernoa sailean, baita Madrilgo Sormen Musikaren Ikastetxean ere. Hamaikatxo proiektutan parte hartu du beste hamaika jazz musikarirekin batera. Berak gidaturiko laugarren diskoa kaleratu zuen iaz, Errabal Jazz zigilupean: 5 segundoro / Cada 5 segundos. Aurrez BCN (1997, Fresh Sound), Amusia (2002, Satchmo Records) eta De Javier a San Javier (2005, Quadrant Records) plazaratu zituen. Laugarren lanerako musikari «bikain eta adiskideak» izan ditu alboan: Dani Perez (gitarra), Chris Kase (tronpeta eta fliskornioa), Iñaki Salvador (pianoa eta teklatuak), Gonzalo Tejada (kontrabaxua eta baxu elektrikoa) eta Gonzalo del Val (bateria). Bihar kontzertua emango du etxean, Lizarrako Los Llanos Kultur gunean (21:00). «Berezia izango da».
Diskoari izenburua ematen dio lehen kantuak, 5 segundoro hunkigarri eta in-crescendo doanak.
Duela urte batzuk irratian entzun nuen estatistika ohiko horietako bat: Afrikan bost segundoz behin haur batek arnasa hartzeari uzten diola jatekorik ez duelako. Baina orduko hartan bereziki kolpatu ninduen, bi ume txiki bainituen. Kantuan ariketa moduko bat egin nahi izan dut; errealitate hori islatzea noten bidez. Musikarekin ere antzeko zerbait gertatzen baita. Hemen ume gutxi dugu eta balio handikoak dira. Han asko eta asko daude, baina urrun ditugu, eta pobre dira. Baliorik ez dute. Kantuaren lehen konpasean nota bakarra dago, eta nota hori oso inportantea da. Bigarren konpasean bi nota daude, eta garrantzi erdia dute; hirugarren konpasean hiru nota daude, eta balio herena dute; bukaeran nota pila bat dago, eta ez dago ia arreta jartzerik ere... Kantu oso matematikoa da.
Zenbait piezatan herri tradizioa hartu duzu eragin iturri modura. Adibidez, Zortziko para Mauro-n edo Axuri beltza-n. Beste batzuetan, jazz garaikidea erabatekoa da, Underground-en adibidez.
Bai, Zortziko para Mauro lehengusu bati eskainitakoa da. Jazz musikaria zen, eta oraintsu hil da. Zortziko baten antzeko zerbait izan nahi luke piezak. Eta Axuri beltza mila moldetan jo izan dut; Big Bandarekin, abesbatzekin, laukotean... Hemen beste itzulinguru bat eman diogu.
Normalean, jazza giro hiritar batekin lotu ohi da. Zuri interesatzen zaizu folklorearen eta tradizioaren sustrai popularrei erreparatzea jazza ontzeko?
Bai. Jazzak etorkizunik badu, hortik izango da. Alegia, jazzaren baliabide gorena, inprobisazioa, erabiltzea, baina gertuko ditugun musiken bustidurekin egitea edo haietan oinarriturik. Jazz musikariak erreparatu behar dio bere ingurune musikalari, eta bere musikak izan behar du ingurunearen ahaire hori. Hor du grazia. Harritu egiten nau jazz musikari batek gauza bera egitea New Yorken edo Lizarran. Arraroa da, eta jazzaren kontzeptua perbertitzea dela uste dut.
Zure bidea hortik ikusten duzu?
Bai. Gustatzen zait entzuleak identifikazio bat izan dezan jotzen dudanarekin, eta neurriren batean gertuko egin dakien. Beti egin ditut halakoak eta uste dut geroz eta gehiago egingo ditudala.
Era berean, ordea, jazz musikari anglosaxoiak erreferente dira oraindik zuretzat?
Bai, dudarik gabe. Ederki egiten dute egiten dutena, baina guk beste gauza batzuk ditugu, eta nabaritu egin behar dira gauza horiek. Beste hiri batera noanean eta jazz klub batean sartzen naizenean, etsipena sentitzen dut apenas alderik nabaritzen dudanean beste hiri bateko jazzarekin; ezin du gauza bera izan jazzak Dublinen, Londresen, Kazakhstanen edo Lizarran entzuteak.
Egun, jazz asko egiten da Euskal Herrian, baina iristen al da publikoarengana?
Jazza ez da sekula izango masen fenomeno bat; ez dituelako betetzen kontsumo produktu batek behar dituen baldintzak. Ezin da dantza egin eta ezin da abestu; entzun egin behar da, eta horrek esfortzu bat eskatzen du, eta mundu guztia ez dago prest hori egiteko. Jazza gutxiengo batentzat izango da eta egoera horrekin elkar biziko gara.
Jazz zirkuitua nolakoa da Euskal Herrian?
Beti kexatzen gara, eta egia da, gauzak egon zitezkeela hobeto, baina beste zenbait lekurekin alderatuz, nahiko zirkuitu txukuna daukagu.
Oso desberdinak dira Mikel interpretea eta Mikel konpositorea?
Ez, ez dut uste. Kantuak idazteko dudan modua eta haiek jotzekoa antzekoak direla uste dut; onerako zein txarrerako estilo pertsonal zehatz samar bat daukadala uste dut.
Estilo hori definitzea zaila izango zaizu...
Bada egia esan bai, baina uste dut ezinbestean dituela erreferente yankiak, beti izan ditugu belarriak haiengan eta, baina badugu hemengo zerbait ere, ezta?
Yanki horien artean zein izen nabarmenduko zenituzke gaur egun?
Oraintxe hiru bat saxo jotzaile gustatzen zaizkit bereziki. Kenny Garret eta David Binney estatubatuarrak, eta bestea ingelesa da, baina New Yorken aritzen da batez ere, aurrekoak baino gazteagoa: Will Vinson. Oso-oso onak dira hirurak.
Zerk erakarri zintuen jazzaren mundutik, hezkuntza klasikoa jaso ondotik?
Nafarroako jazz tradizioak bultzatu ninduen. Ni Lizarrakoa naiz eta hogei kilometro eskasera jaio zen Pedro Iturralde handia, Faltzesen. Eta Javier Garaialde ere Iruñekoa da. Ez da oso ohikoa maila horretako bi saxo jotzaile lurralde berekoak izatea. Ez da kasualitatea ni ere saxo jotzaile irtetea.
Garbi zenuen disko honetan izan dituzun musikari laguntzaileek egon behar zutela?
Bai, garbi nuen bai. Gonzalo Tejada eta Iñaki Salvadorrekin asko jotzen dut, egitasmo askotan topo egiten baitugu, eta Chris Kaserekin ere antzeratsu. Pieza hauek zuzenean joak zituzten Madrilgo Bogui Jazz aretoan, beraz bazuten errodajea. Disko honetan, aurrekoetan ez bezala, gitarra bat egon
zedin nahi nuen. Niri asko gustatzen zait Dani Perez, bai gitarrista bezala, eta baita pertsona modura ere, eta beregana jo nuen. Luxu bat izan da.
Zer geratzen zaizu saxoarekin egiteko, ikertzeko?
Ba, ia dena. Bebo Valdes piano jotzaile kubatarrari irakurri nion esaten adinean aurrera egin ahala zoazela ikusten zer duzun ikasteko, eta ikasteko duzun hori izugarri zabala dela. Beti dugu hobetzekorik, ikastekorik...
Mikel Andueza. Musikaria
«Jazz musikariak erreparatu behar dio bere inguruneari ere»
Saxo jotzailea, jazz interprete eta sortzailea; tradizio anglosaxoia ondo ezagutu eta bertako folklorearekin uztartzeko gai dena. '5 segundoro' diskoa plazaratu zuen iaz, eta urteko jazz harribitxitzat jo du askok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu