Mulatu Astatke etiopiar bibrafonista, pianista, perkusionista eta musikagilea Elorrioko plazan ariko da gaur, 22.00etan, Musikaire Udako Jaialdiaren egitarauaren barruan. Ethio-jazz deitutako musika generoaren aitatzat jotzen dute, eta ospe handia eman dio 2005ean Jim Jarmusch zuzendariak Broken Flowersfilmerako haren musika hautatu izanak.
Etiopiako mendebaldeko Jimma hirian jaio zen Astatke, 1943an, eta Londresen, New Yorken eta Bostonen egin zituen musika ikasketak. Jazza eta musika latinoa Etiopiako musika tradizionalarekin uztartu zituen, eta jazz musikari ezagunekin aritu zen 70eko hamarkadan, Duke Ellington horien artean.
Massachusettseko Either/Orchestra taldearekin kolaboratzen du 2004az geroztik. Mundu osoa zeharkatu du talde horrekin, hiri nagusietan emanaldiak eginez.
Londresko Psyche-Jazz Collective taldearekin kolaboratu zuen 2008an, eta The Heliocentrics taldearekin geroago, Inspiration Information Vol. 3 diskoan. Disko horretan Ethio-jazzeko bere aurreneko kantu klasikoak eta kantu berriak sartu zituen, The Heliocentrics taldearen kantuekin batera. Horretaz gain, Ethiopiques bildumako 4. bolumena osorik Astatkeri eskainia da, eta Ethiopian Airlines hegazkin konpainiarentzako diskoa ere kaleratu zuen. Ekoizle gisa, Afrikako artista askorekin egin du lan, eta Mahmoud Ahmed da horietako bat.
Gaurko emanaldian, Tom Skinner bateria jotzailea, Davide Mantovani baxu jotzailea, Byron Wallen tronpeta jotzailea, James Arben saxofoi eta klarinete jotzailea, Dan Keane teklista eta txelo jotzailea, Richard Olatunde Baker perkusionista eta Kadialy Kouyate kora jotzailea izango ditu lagun Astatkek.
Jazza Etiopiako erroekin nahastua, Elorrion
Mulatu Astatke bibrafono jotzailea, Ethio-jazzaren aitatzat joa, plazan ariko da gaur Musikaire jaialdian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu